Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 314
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Pasa den urtean sexu-transmisiozko infekzioen marka guztiak apurtu ziren Hego Euskal Herrian. Euskadik 2.881 klamidia (Chlamydia trachomatis) kasurekin, 1.662 gonorrea (Neisseria gonorrhoeae) kasurekin eta 396 sifilis (Treponema pallidum) kasurekin amaitu zuen urtea. Nafarroan, berriz, 851, 362 eta 91 kasu erregistratu ziren, hurrenez hurren. Karlos III.a Osasun Institutuaren datuek berresten dute bi lurraldeak Estatuan klamidia-intzidentzia handiena duten lau erkidegoen artean daudela. Gainera, azken zortzi urteetan bizkortu egin den goranzko joerari eusten diote, batez ere 25 urtetik beherakoen artean.
Euskadiren kasuan, klamidia kasuak hirukoiztu egin dira 2017. urteaz geroztik (936 kasu). 2024an erregistratu diren 2.881 kasuekin 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa 129,33 kasutara iritsi da. Katalunia da tasa hori gainditzen duen autonomia erkidego bakarra.
Nafarroan ere antzeko joera ematen da. Iazko 851 kasuek 2017ko 254 kasuak hirukoizten dituzte eta intzidentzia tasa 125 kasukoa da 100.000 biztanleko, Estatuko hirugarren altuena. Estatuko batez bestekoa infekzio horri dagokionez, 100.000 biztanleko 86,26 kasukoa da.
Gonorrea eta sifilisa
Gonorrearen kasuan hazkundea are handiagoa izan da. Euskadin gonorrea kasuak sei aldiz biderkatu dira azken zortzi urteetan, 290 eta 1.692, hurrenez hurren. 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa 75,95ekoa da, Estatuko laugarren altuena. Nafarroan ere infekzio horrek nabarmen egin du gora. 2017ko 108 kasuetatik 2024ko 362 kasuetara igo da eta intzidentzia-tasa 53,37raino igo da. Tasarik altuena 2023an erregistratu zen 56,68 kasurekin 100.000 biztanleko.
Sifilisaren intzidentziak ere gora egin du bi lurraldeetan. Nafarroan 2017ko 53 kasuetatik 2024ko 91 kasuetara igo dira (13,42ko tasa). Euskadin berriz, inoiz erregistratutako kopururik handiena eman zen iaz: 396 kasu eta 17,78ko intzidentzia-tasa.
STIen hazkunde horrek, bereziki, 25 urtetik beherako gazteei eragiten die. Adin-talde horretako lagunek biltzen dituzte klamidia kasuen heren bat baino gehiago eta gonorrea kasuen ia laurden bat. Klamidiaren kasuan tasarik altuenak 20-24 urte bitartekoen artean erregistratu dira, bereziki, emakumeen artean. Gonorreak, berriz, bereziki 25-24 urte bitarteko gizonei eragiten die, baina 20-24 urte bitartekoen artean ere intzidentzia-tasa oso altua da.









