Donostiako hamasei auzok Euskararen Eguna ospatuko dute 100 jarduera baino gehiagorekin, azaroaren 22tik abenduaren 13ra bitartean. Honako hauek hartuko dute parte: Aiete, Altza, Amara, Amara Berri, Antigua, Añorga, Bidebieta, Egia, Gros, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans eta Parte Zaharra.
Auzo bakoitzeko euskara-batzordeek prestatu dituzte egitarauak, 47 erakunderen eta Udalaren laguntzarekin. Kerman Orbegozo Euskara zinegotziak nabarmendu du jardueren atzean modu altruistan lan egiten duten pertsona asko daudela.
Antzerkia, bertsolariak eta mintzodromoak auzoetan
Kultura-eskaintzak antzerkia, zinema, hitzaldiak, literatura-solasaldiak, kantu-jirak, kontzertuak, dantza eta bertso-saioak biltzen ditu. Helduentzat mintzodromoak eta elkarretaratzeak daude; haur eta familientzat, berriz, ipuin-kontalariak, pailazoak, lehiaketak eta jolasak.
Intxaurrondok Porrotx, Marimotots, Pupu, Lore eta Marigorringo pailazoak hartuko ditu, eta Eskola Dantza Taldeak Amaran egingo du emanaldia. Grosek bertso-saioa eta bertso-afaria antolatuko ditu; Ibaetak, Ibaeta-Euskara-Elkarrekin Jaia; eta Aietek, Aieteko Izarrak Talentu Lehiaketa. Añorgan, berriz, Nik ere egin nahi dut lelopean egingo dute elkarretaratzea.
Photocall ibiltaria, opariarekin, bederatzi auzotan
Photocall ibiltari bat bederatzi auzotan ibiliko da, eta opari bat emango dio euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen duenari. Pieza Euskaraz barra-barra markaren iruditerian oinarrituta dago. Haren aurrean argazkia ateratzen duenak publiko egingo du euskararekiko konpromisoa, eta opari bat jasoko du.
Photocall ibiltari bat bederatzi auzotan ibiliko da, eta opari bat emango dio euskara erabiltzeko konpromisoa hartzen duenari.
Ibilbidea azaroaren 22an hasi zen Amara Berrin, eta abenduaren 5ean amaituko da Loiolan.
Udaleko Euskara Zerbitzuak auzo bakoitzeko egitarauarekin liburuxkak eta kartelak argitaratu ditu, eta dagoeneko kultur etxeetan, kiroldegietan, gaztelekuetan, haurtxokoetan, ikastetxeetan, euskaltegietan eta auzo- zein jubilatu-elkarteetan banatzen hasi da.
Photocallaren hurrengo geltokiak
- Azaroaren 27an: Intxaurrondo, Bernart Etxepare plaza, 17:30-19:00
- Azaroaren 27an: Añorga, Harrobia plaza, 20:00-21:30
- Azaroaren 28an: Antigua, Alfontso XIII.aren plaza (elizaren aurrean), 11:30-13:30
- Azaroaren 28an: Altza-Herrera, Herrerako tren-geltokiko plaza, 14:30-16:00
- Azaroaren 28an: Bidebieta, Julio Urkixo pasealekua 44, 18:00-19:30
- Azaroaren 29an: Morlans, Leire plaza, 12:30-14:00
- Abenduaren 4an: Egia, Iruresoro plaza, 18:00-19:30
- Abenduaren 5ean: Loiola, Eliza kalea, 12:30-14:30







