Adimen artifiziala lekua irabazten ari da Euskadin

Euskadin hamar pertsona edo gehiagoko erakundeen % 21ek erabiltzen du jada teknologia hori, aurreko urteko % 17,4ren aldean. Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak egindako hirugarren diagnostikoak erakusten duenez, aztertutako lau erakundetatik batek urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen du AAko proiektuetan egindako inbertsioa

Egilea:  José Poza
Argazkia:  Shutterstock / BAIC
Hitz kopurua:  1.324
Irakurketa denbora:  Zazpi minutu

Adimen artifiziala (AA) aurrera egiten ari da euskal enpresetan, eta emaitza ekonomiko ukigarriak eskaintzen hasi da. Eustaten arabera, hamar pertsona edo gehiagoko establezimenduen % 21ek adimen artifizialeko sistemak erabiltzen ditu, aurreko urteko % 17,4ren aldean. Hazkundea % 20tik gorakoa izan da urtebetean, eta Europako erreferentziekin bat datozen adopzio-mailetan kokatzen du Euskadi. INEren arabera, Euskadi hirugarren autonomia-erkidegoa da AAren adopzioan. Estatuan, hamar pertsona edo gehiagoko establezimenduen % 21,1ek erabiltzen du teknologia hori. Eurostatek Europako batez bestekoa % 20an ezarri du 2025eko abenduan.

Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak (BAIC – Basque Artificial Intelligence Center) egindako Euskadiko AAri buruzko hirugarren Diagnostikoak erakusten duenez, aztertutako erakundeen % 86,9k teknologia horretan inbertitzen du, eta lautik batek urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen du bere proiektuetarako bideratutako dirua. Hala ere, ETEen eta enpresa handien arteko aldeek —datuaren estrategian, talentuan eta araudi-prestakuntzan— agerian uzten dute teknologia horren ezarpenak erronkak dituela oraindik.

Datuek elkarri lotutako bi aurrerapen erakusten dituzte, baina desberdinak. Batetik, teknologia erabiltzen duten erakundeen kopurua hazten ari da. Bestetik, erakunde batzuk egiaztatzen hasi dira beren proiektuak etekin ekonomiko bilaka daitezkeela.

SPRIren egoitzan aurkeztutako hirugarren Diagnostikoak erabilera baino zerbait gehiago neurtzen du. Erakundeek zenbat inbertitzen duten, zer emaitza lortzen dituzten eta AA txertatzeko zer gaitasun dituzten aztertzen du.

Inbertsioak gora egin du

AAren adopzioak ez ezik, inbertsioak ere gora egin du. BAICek aztertutako erakundeen % 86,9k AAn inbertitzen du, 2024ko % 79,2ren aldean, eta inbertitzen jarraitzeko asmoa ere handituz doa. Gainera, % 58k AAko zerbitzuak azpikontratatzen ditu osorik edo zati batean, norberaren gaitasunak eta kanpoko ezagutza uztartzen dituen bide bat.

Erakundeen % 25ek urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen du AA proiektuetan egindako inbertsioa. BAICek lehen ebidentzia gisa aurkezten du datu hori: proiektu batzuek epe laburrean etekin ekonomikoa sortzen dute, eta komeni da balio hori nola eta non sortzen den aztertzea.

Diagnostikoan parte hartu zuten erakundeen artean, manufaktura-industria da 2025ean Euskadin AA erabiltzaile gehien dituen sektorea: 254. Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak ia maila berean geratzen dira, 251rekin; informazioa eta komunikazioa, berriz, hirugarren tokian geratzen dira, 182 erakunderekin.

BAICen ustez, industriak duen posizioak lurraldearen indargune bat islatzen du: AA ekoizpen-inguruneetara eramateko eta benetako industria-beharrekin lotzeko gaitasuna.

Teknologiak eta datuak

AA sortzailea da erakunde erabiltzaileen artean zabalduen dagoen teknologia. % 80k erabiltzen du, 2024ko % 44ren aldean. Hizkuntza naturalaren prozesamendua % 14tik % 47ra igaro da, hirukoitza baino gehiago.

Teknologia gehienen erabilerak gora egin du 2024arekin alderatuta. Ikusmen artifizialaren erabilera % 29tik % 40ra igo da, eta makina autonomoena, % 7tik % 17ra. Automatizazio adimenduna da salbuespena, % 57tik % 33ra jaitsi baita.

BAICek balioesten du aztertutako teknologia gehienek bilakaera positiboa izan dutela 2024. urtearekin alderatuta; horrek erakusten du erakundeei lotutako AA gaitasunen aniztasuna hazten ari dela.

Erakundeen % 25ek urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen du AAko proiektuetan egindako inbertsioa

AA sortzailearen erabilera, hala ere, ez dago oso egituratuta oraindik. Txostenak lau adopzio-eredu bereizten ditu ekosisteman. Ohikoena, % 42rekin, banakako erabilera ez-egituratua da, eta % 32 jardunbide egokien jarraibideak dituen erabilera zabalduari dagokio. Lan-prozesuetan araututa eta integratuta dagoen erabilerak eta erabilera aurreratuak, politikekin eta prestakuntzarekin, % 13 hartzen dute bakoitzak. Horregatik, BAICek lan-prozesuetan egituratuago eta integratuago dauden erabileretara igarotzean kokatzen du erronka.

Datuak dira heldutasunaren beste ardatza. Datuen estrategia ezarrita eta martxan duten erakundeak 4,1 puntu hazi dira 2024arekin alderatuta. Hala ere, gehienek beren datuak erabiltzen dituzte batez ere, eta integrazioaren zein analisiaren hasierako edo oinarrizko faseetan daude oraindik. Txostenak datu publikoetarako eta hirugarrenentzako sarbidea bultzatzeko aukera gisa aurkezten du.

ETEen arrakala

Aurrerapena ez da intentsitate berarekin iristen erakunde guztietara. Diagnostikoak aldeak hautematen ditu ETEen eta enpresa handien artean adimen artifiziala txertatzeko beharrezkoak diren hainbat arlotan. Horien artean daude araudi-eskakizunen aurreko prestakuntza, metatutako esperientzia, talentuaren eskuragarritasuna eta datuak kudeatzeko estrategia.

Enpresa handien % 35,5 dagoeneko Adimen Artifizialaren Europako Erregelamenduaren eskakizunak betetzeko lanean ari da, ETEen % 13ren aldean. Datuen estrategiari dagokionez, enpresa handien % 57,6k martxan edo garatzen du, ETEen % 44,3ren aldean.

Euskal ETEen % 13 dagoeneko AAren Europako erregelamendua betetzeko lanean ari da, enpresa handien % 35,5en aldean

BAICen ustez, teknologia eskura izatetik harago doa erronka. ETEek barne-gaitasuna behar dute AAk non ematen duen balioa identifikatzeko, modu arduratsuan txertatzeko eta emaitzak ekarriko dituen proiektu bihurtzeko. Zentroaren arabera, helburua da AAk ez handitzea teknologia errazago beretzen duten industrien eta denbora, baliabide edo talentu gutxiago dituztenen arteko aldea.

Eskaintza teknologikoa

Eskuragarri dagoen gaitasun teknologikoa ere handitu egin da. 2025ean, azterlanak adimen artifizialeko 136 erakunde hornitzaile identifikatu zituen Euskadin, 2024an zenbatutako 91ren aldean. Hazkunde horrek zabaldu egiten du teknologia hori txertatu nahi duten enpresei irtenbideak eta ezagutza espezializatua eskain diezazkieketen erakundeen multzoa.

Banakako erabilera ez-egituratua da AA sortzailea bereganatzeko eredurik ohikoena euskal ekosisteman, % 42rekin

Txostenak 42 start-up hornitzaile biltzen ditu, eta horietatik bederatzi 2025ean jaio ziren, aurreko urtean lau izan ziren bitartean. BAICek adierazi duenez, eskaintza horrek erraztu egin dezake erabiltzaileek beren proiektuak hurbileko eragileengan eta euskal enpresa-testuingurua ezagutzen dutenarengan oinarritzea.

Zentro zientifiko-teknologikoek, bestalde, hornitzaileek baino garapen handiagoa erakusten dute ikerketa aurreratua eta azpiegitura espezifikoak eskatzen dituzten teknologietan, hala nola AA kuantikoan, makina autonomoetan edo ikusmen artifizialean. Erakundeen % 85ek AAri buruzko lankidetza-ekimenetan parte hartzen du enpresa teknologikoekin, ezagutza-zentroekin eta erakunde publikoekin.

Araudiari buruzko ezagutza

Txostenak aurrerapenak identifikatu ditu Euskadin adimen artifiziala garatzeko eta txertatzeko aukera ematen duten baldintzetan. Horietako bat Europako araudiari buruzko ezagutza handiagoa da. AAren Europako Erregelamendua ezagutzen ez duten erakundeen ehunekoa % 32tik % 14ra jaitsi da.

AA sortzailea da erakunde erabiltzaileen artean zabalduen dagoen teknologia, % 80k erabiltzen du

Kudeaketa arduratsua ere aurrera doa. Txostenak adierazten duenez, AAren erabilera arduratsurako kudeaketa-sistemen ezarpena oraindik mugatua bada ere, erakundeen zati esanguratsu bat dagoeneko horiek ezartzeko aukera aztertzen ari da.

Aztertutako erakundeen % 67k Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) oinarrizko betetze-maila gainditzen du, eta datuen kudeaketa arduratsurako jardunbide gehigarriak txertatzen ditu. Adierazle horrek erakusten du erakundeen zati handi batek esparru horretako oinarrizko eskakizunetatik harago doazen neurriak garatu dituela.

Erabileratik eraginera

Ezarpenean eta heldutasunean oinarritutako hiru edizioren ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta BAICek AAren eragina neurtu nahi dute orain. Industriekin eta beste eragile batzuekin lanean hasi dira produktibitateari, lehiakortasunari, berrikuntzari eta lan-prozesuen eraldaketari buruzko adierazle berrietan.

2025ean, azterlanak adimen artifizialeko 136 erakunde hornitzaile identifikatu zituen Euskadin, 2024an baino 45 gehiago

Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde eta BAICeko presidente Jaione Ganzarainek ikuspegi-aldaketa hori defendatu zuen txostenaren aurkezpenean. Sailburuordearen arabera, “neurtzea erabakitzen dugunak hartzen ditugun erabakiak ere gidatzen ditu”.

Ganzarainek erronka hori Euskadi 2030 Industria Planarekin lotu zuen. BidaIA ere aipatu zuen, Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta BAICek sustatutako ibilbidea. Ekimen horrek industria-enpresa txiki eta ertainei laguntzen die AAk non eman dezakeen balioa, zein aukera lehenetsi eta zer urrats egin identifikatzen. Hain zuzen ere, eremu horretan hautematen du Diagnostikoak alderik handiena.

AAko profilen eskaera handia, baina gutxi eskuragarri

Euskal erakundeek profesional gehiago behar dituzte, zailtasunak dituzte horiek aurkitzeko, eta gero eta gehiago prestatzen dituzte beren langileak

Euskal erakundeek aurreikusten dute AAko profesional gehiago beharko dituztela, eta eskaera horri erantzuteko gai izango direla uste dute. BAICen arabera, profil horien behar zenbatetsia % 58 handitu da, eta hori modu eraginkorrean asetzeko itxaropena % 74ra iritsi da. Hau da, eskaera handitzen ari da, baina baita horri erantzuteko konfiantza ere.

Hala ere, profil horiek aurkitzea ez da erraza. Azterlanak lanpostu horiek betetzea zergatik kostatzen den galdetzen duenean, eskaera handia eta prestasun gutxi dagoela da erantzun errepikatuena: % 44. Ondoren datoz esperientzia praktikoaren falta, % 17rekin, eta erakargarriak ez diren lan-baldintzak, % 10ekin. Beste arrazoi zehatz batek ere ez du % 6 gainditzen; horien artean daude prestakuntzaren eta lan-merkatuaren arteko desoreka, eta AAri buruzko kultura eta ezagutza.

Erakundeek datuen analisirako ezagutzak bilatzen dituzte batez ere. Arlo horrek eskariaren % 39 biltzen du, 2024an baino hiru puntu gehiago. Programazioa eta algoritmia % 24tik % 19ra jaitsi dira, eta negozio-ezagutza % 10etik % 12ra igo da. Txostenaren ondorioaren arabera, datuen analitika eta ingeniaritza dira gehien eskatzen diren gaitasunak.

Prestakuntza arautua urtero handitu da 2019az geroztik. 2025ean, AAko titulazioek edo AAren edukiak biltzen dituztenek 2.658 plaza eskaini zituzten Euskadin; 2.226 ikasle matrikulatu ziren, eta 1.323 ikaslek amaitu zituzten ikasketak. Duela sei urte, 1.589 plaza ziren.

Plazen kopurua matrikulena baino zertxobait azkarrago handitu da: % 67 2019tik, matrikulena % 57 hazi den bitartean. Urtero, eskaintzen diren plazen kopurua matrikulatutako ikasleena baino handiagoa da. 2025ean, 100 plazako 84 ikasle zeuden matrikulatuta, eta 2019an 89 ziren.

Erakundeek berek ere beren profesionalak prestatzen dituzte. Erakundeen % 72k adierazi du AAri buruzko prestakuntza ematen diela, 2024ko % 58aren aldean, 14 puntu gehiago. Txostenaren arabera, barne-prestakuntza hori funtsezko bidea da ezagutzak eta gaitasunak behar berrietara egokitzeko.