Kapsula Kuantikoa, fisika kuantikoa Euskadiko 147 udalerritara eramaten duen unitate mugikorra, joan den urriaren 2an abiatu zen Donostian. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren programa ibiltari honek Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba zeharkatuko ditu 2027ko uztaileko lehenengo astera arte.
Unitateak ikus-entzunezko baliabideak eta instalazio interaktiboak uztartzen ditu, zientzia kuantikoa zer den, nola garatu den eta zer-nolako aukerak zabaltzen dituen azaltzeko. Bisitariek haren oinarrizko printzipioak eta eguneroko aplikazioak ezagutu ahal izango dituzte, hala nola laserrak.
IBM Quantum System Two, Donostian
Euskadik Basque Quantum estrategia garatzen du alor horretako gaitasun zientifikoak, teknologikoak eta talentu-erakarpena indartzeko. Donostian dago kokatuta IBM Quantum System Two —Europan eraginkor dagoen mota honetako lehenbiziko sistema—, Ibaetako campusetik oso gertu, bertan abiatu baitzen programa ibiltaria.
Erakusketak azaltzen du zer-nolako ekarpena egiten dion konputazio kuantikoak ikerketari, osasunari, materialen zientziari, energiari edo komunikazioei.
Unitate mugikorrak sarrera libreko saioak eskaintzen ditu, edonork fisika kuantikoa ezagutzeko aukera izan dezan.
Kapsula Kuantikoa taldeka zein bakarka bisitatu ahal izango da. Aldez aurretik erreserbatutako talde-bisitak antolatuko dira, bereziki ikastetxeei, aisialdiko elkarteei eta behar espezifikoak dituzten kolektiboekin lan egiten duten erakundeei zuzenduta. Bestalde, unitate mugikorrak sarrera libreko saioak eskainiko ditu, edonork fisika kuantikoa modu hurbil, ulerterraz eta parte-hartzailean ezagutzeko aukera izan dezan.
Donostian abiatu ondoren, Kapsula Kuantikoak Gipuzkoako 50 udalerri baino gehiago bisitatuko ditu. Gabonetan Bilbora iritsiko da, eta urtarriletik aurrera Bizkaian barrena ibiliko da.
Araban, ekainaren erdialdean iritsiko da Gasteizera, eta 2027ko uztaileko lehenengo astean amaituko du bere ibilbidea Iruña Okan.
Egutegia Zientzia Klik atarian kontsulta daiteke.








