Gure bikotekidearen buruaren zokorik pribatuenak ezagutzea talka emozionala izan daiteke. Egoera horrek hainbat zirrara eragin ditzake: segurtasun eza, jelosia, beldurra, haserrea edota tristura. Hala ere, edozein ondorio atera baino lehen gogoratu fantasia bat izateak ez duela zertan fantasia hori burutu nahi izatea esan nahi. Izan ere, sexu-imajinazioa buru-joko bat da, ez da ekintza-plan bat eta ez du zertan islatu behar harremanean arazo bat dagoenik.
Hortaz, beldurretik edo gaitzespenetik erreakzionatu beharrean, fantasia baten aurrean deseroso gaudenean, lehen urratsa sentitzen dugun hori ulertzea da. Sarritan, bikotekidearen fantasia baten aurrean sentitzen dugun hori gure segurtasun ezaren isla da. Horregatik, ondoeza ez da fantasia horren zuzeneko ondorioa, horri ematen diogun interpretazioarena baizik. Fantasiak izatea ez da, derrigorrez, gogobetetze faltaren seinale. Bikotekidea sakonki maite dezakegu eta, aldi berean, ametsezko mundu anitz bat izan. Zentzu horretan, fantasia bat partekatu ahal izatea konfiantzaren seinaletzat ere har daiteke, betiere, errespetutik egiten bada.
Sexualitate osasungarria elkarrekiko adostasunean oinarritzen da. Fantasia bat ere ez da obligazio bihurtu behar
Horrelako egoeraren baten aurreran, hots, deseroso sentitzen bazara, komeni da horren berri ematea, baina ez gaitzespenetik. Bikotekideari fantasia horren berri izateak eragiten dizun zirrararen beri eman ahal diogu. Lehen pertsonan hitz egiteak elkarrizketa errazten du. Helburua ez da bestearen barne-mundua debekatzea; ostera, xedea da biak gustura eta seguru egoteko gune partekatu bat aurkitzea.
Gainera, zure bikotekideak fantasiak dituela onartzeak ez du esan nahi fantasia horietan parte hartu behar duzunik.
Elkarrekiko adostasuna
Sexualitate osasungarria elkarrekiko adostasunean oinarritzen da. Fantasia bat ere ez da obligazio bihurtu behar. Negoziazioa eta errespetua funtsezkoak dira. Gatazka saihesteko, entzuten dudanak niri eragiten didan moduan egon behar du fokuak, bikotekideak pentsatzen duena epaitzean baino gehiago.
Fantasia batek kide batentzat negoziaezina den zerbait badakar (adibidez, hirugarren pertsona bat sartzea), garrantzitsua da harremanean zer pisu erreal duen aztertzea. Gogoratu bikote guztietan bi mundu indibidual daudela, eta horiek ez direla beti gainjarri behar praktikan. Bestearen irudimena onartzea errespetuzko ekintza bat da, baina mugak jartzea autozainketa-ekintza bat da.
Laburbilduz, zure bikotekideak fantasiak izateak ez du zertan duzuen harremana kolokan jarri behar. Harreman horren osasuna zehazten duen aldagaia da alde horiei aurre egiteko gaitasuna. Izan ere, harreman baten sendotasuna ez datza erabateko bateragarritasunean, baizik eta aldeak kudeatzeko gaitasunean konexio emozionala galdu gabe.
Gakoa ez da bestearen irudimena kontrolatzea, baizik eta biek beldurrik gabe hitz egiteko, muga argiak jartzeko eta errespetatuak sentitzeko espazio bat eraikitzea.








