Sareginak jaialdia: Bilbok 30 sortzaile baino gehiago bilduko ditu migrazioei eta errefuxioari buruz jarduteko

Bilbok antzerkia, poesia, tailerrak eta kontzertuak hartuko ditu azaroaren 13tik 15era, emakume errefuxiatu, migratu eta arrazializatuen eskutik. Jaialdia Gipuzkoara eta Arabako Errioxara ere iritsiko da

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Sareginak / Zehar
Hitz kopurua:  288
Irakurketa denbora:  Bi minutu

Bilbok Sareginak jaialdia hartuko du azaroaren 13tik 15era, errefuxioari, migrazioei eta arrazakeriaren aurkako borrokari buruzko kultur ekitaldia, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak bultzatua. Jatorri askotako 30 artista, ikertzaile, kazetari eta sortzaile baino gehiago arituko dira bertan. Egitarauak solasaldiak, errezitaldiak, erakusketak, tailerrak, antzerkia eta kontzertuak uztartuko ditu.

Jaialdiak Euskadiko babesari eta bizikidetzari buruzko kontakizunak aldatu nahi ditu emakume errefuxiatu, migratu nahiz arrazializatuen proposamenen bidez. Marta García Teránek, Zehar-Errefuxiatuekin-eko gizarte partaidetza eta eragin arloko zuzendariak, adierazi duenez, ez da kultura-inklusio kontua, baizik eta “lehendik existitzen den eta erdigunean egon behar duen errealitate kultural bat aitortzea”.

Inaugurazioa, artista migratuei buruzko ikerketa batekin

Inaugurazio-ekitaldia azaroaren 13an egingo da, EDE eraikinean (Manuel Allende 10). Bertan, ‘Mugatik sortu’ ikerlana aurkeztuko da; hots, emakume migratzaileen, migratzaileen alaben eta emakume arrazializatuen praktika artistikoei buruzko azterketa. Tatiana Romero Reina eta Paula Cáceres ikertzaileek eta Aqnu artistak hartuko dute parte.

Jatorri askotako 30 artista, ikertzaile, kazetari eta sortzaile baino gehiago arituko dira bertan.

Azaroaren 13an, ostiral arratsaldean, El Carmen aretoan (Simón Bolívar 4) Colectivo Caguama taldearen ‘Paperengatik ezkontzea… egiazko maitasuna al da?’ antzezlana eta Asaari Bibangen ‘Bibang Theory’ bakarrizketa izango dira ikusgai. Bestalde, ‘Kontakizuna auzitan: kazetaritza eta antirrazismoa atzerapausoen garaian’ solasaldiak Lucia Mbomio, Laura Arroyo eta Maryórit Guevara kazetariak bilduko ditu.

Tailerrak, poesia eta kontzertuak amaierako egitarauan

Sorkuntza grafikoko, ehungintzako, argazkigintza esperimentaleko, afro-dantzako eta laguntza emozionaleko lantegiak EDE eraikinean, Koop SF 34n eta BilbaoBaila Dantza Eskolan egingo dira. Amaiera-ekitaldia azaroaren 15ean, igandean, izango da, La Ribera aretoan (Erribera 20), Afrika Bibang, Masta Quba eta La Tía Borracha artisten kontzertuekin.

Jaialdia Gipuzkoara eta Arabako Errioxara ere iritsiko da, azaroan eta abenduan egingo diren jarduerekin, hala nola Donostiako San Telmo Museoan antolatuko den laborategi bat eta abenduaren 5eko ‘Rabia(a)-Amorrua’ antzezlana.