World Press Photo 2026 erakusketak bere 147 irudi onenak ikusgai ditu Gasteizen azaroaren 15era arte

Mundu osoko fotokazetarien 42 istorio bisual biltzen ditu erakusketak, tartean Carol Guzyren ‘ICEk bananduta’ urteko argazki saritua. Sarrera doakoa da Montehermoso Kulturunean

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  vitoria-gasteiz.org
Hitz kopurua:  221
Irakurketa denbora:  Minutu bat

World Press Photo 2026 erakusketak nazioarteko fotokazetaritzako 147 irudi biltzen ditu Gasteizko Montehermoso Kulturunean azaroaren 15era arte. Erakusketan ikusgai dago Carol Guzy argazkilari estatubatuarraren ‘ICEk bananduta’ lana, urteko argazki izendatua, eta sarrera doakoa da.

Erakusketak 42 istorio bisual aurkezten ditu, 141 herrialdetako 3.747 profesionalek bidalitako 57.376 argazkiren artean hautatuak. Lanek hainbat auzi eta gatazka jorratzen dituzte; besteak beste, Ukrainako eta Gazako gerrak, Z belaunaldiaren protestak, krisi klimatikoa eta botere-abusuak salatzeko ekintza zibikoak.

World Press Photo 2026 erakusketak 141 herrialdetako 57.376 argazkiren artean hautatutako 147 irudi biltzen ditu

Argazki irabazleak senide bati eusten dioten bi emakumeren mina irudikatzen du, ICEko agenteek New Yorkeko immigrazio-auzitegi bateko korridoreetan atxilotzen duten bitartean. Guzyk, fotokazetari estatubatuarrak, lau Pulitzer sari irabazi ditu.

Fotokazetaritza eta gastronomia Montehermoson

Erakusketa Montehermosoko ur-biltegi zaharrean dago ikusgai, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, astelehen eta jaiegunak barne.

Egitaraua Jovellanos aretoan osatuko da ‘On Egin’ erakusketarekin; hots, argazkigintza gastronomikoari eskainitako World Food Photography Awards nazioarteko lehiaketako 22 argazkiren hautaketarekin. Erakusketak berriro zabalduko ditu ateak Gasteizen, lehen edizioak 9.000 bisitari baino gehiago izan ondoren.

Gainera, urriaren 27an, asteartea, 19:00etan, Ortuño aretoan ‘Pertsonen aurkako gerra’ eztabaida egingo da, EnfocAHk eta Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak antolatuta. Bertan hartuko dute parte Bernat Armangué eta Santi Palacios fotokazetariek, MSFko gai humanitarioetako aholkulari Kate Burtonekin batera. Topaketaren moderatzailea Patricia R. Blanco kazetaria izango da, desinformazioan eta mundu arabiarreko gatazketan espezializatua.