Sarean euskaraz programak Nafarroako 1.100 ikasle bildu ditu euskarazko kultura digitalaren inguruan

Sarean euskaraz egitasmoaren hamargarren edizioak Nafarroako 19 ikastetxetako ikasleak bildu ditu. Programak tailer teknologikoak, hitzaldiak eta aisialdiko jarduerak uztartzen ditu Interneten euskararen erabilera sustatzeko

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Nafarroa.eus
Hitz kopurua:  209
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Sarean euskaraz programaren hamargarren edizioak Nafarroako 19 ikastetxetako 1.100 ikasle bildu ditu, teknologia berriak eta euskarazko kultura digitala gerturatzeko. Euskarabidea- Euskararen Nafar Institutuak antolatutako ekimena urriaren 13an, 14an eta 16an egin da Iruñeko Baluarte Nafarroako Batzar Jauregian eta Auditorioan.

Ekimen hau DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta gazteek euskarazko eduki digitalak kontsumitzeaz gain, horiek sortzen ere ikas dezaten du helburu.

Zortzi tailer teknologia berriak esploratzeko

Egitaraua hiru gunetan antolatu da: prestakuntzarako, hitzaldietarako eta aisialdiko jardueretarako. Ikasleek robotika, bideojokoak, errealitate birtuala, adimen artifiziala eta aplikazioen sorkuntza bezalako diziplinak ezagutzeko aukera izan dute, baita argazkigintzako eta musika-autoekoizpeneko tailerretan parte hartzeko ere.

Ekimen hau DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta gazteek euskarazko eduki digitalak kontsumitzeaz gain, horiek sortzen ere ikas dezaten du helburu

Jardunaldietan, gainera, bi hitzaldi interaktibo egin dira aztarna digitalari, pribatutasunari eta sare sozialen erabilera arduratsuari buruz. Eskaintza zozketekin, ihes-gelekin eta zuzeneko musikarekin osatu da, informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan euskaraz lan egiten duten profesionalek gidatutako jarduerekin.

2026ko edizioak bi berrikuntza dakartza. Lehen aldiz, programa Nafarroa osoko ikasleei zabaldu zaie, Iruñerritik harago, eta bi egunetik hiru egunera luzatu da.

Helburua da ingurune digitalean euskararen presentzia indartzea eta gazteei bertan moldatzeko tresnak hurbiltzea. Jaialdi-formatuak ikaskuntza eta aisialdia uztartzen ditu, hizkuntza hori edukiak kontsumitzeko zein sorkuntza teknologikorako erabiltzeko aukerak erakusteko.