Unibertsitario askok Bilbon bizitzen geratu nahi dute, baina etxebizitzak bidea zailtzen die

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren txosten baten arabera, hamar unibertsitariotik sei Bilbon bizitzen geratuko lirateke ikasketak amaitutakoan, batez ere kalitatezko lan bat eta etxebizitza eskuragarri bat aurkituko balituzte

Egilea:  José Poza
Argazkia:  EHU eta Shutterstock
Hitz kopurua:  840
Irakurketa denbora:  Hiru minutu

Bilbon ikasten duten gazte gehienak hirian bizitzen geratuko lirateke ikasketak amaitutakoan, baina etxebizitza da etxetik kanpo bizi direnentzat oztopo nagusia. Hala jasotzen du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Bilbo Unibertsitate Hiria azterlanari buruz egindako txostenak. Erakundeak zortzi jarduera-ildo proposatu ditu, hiriaren proiektuak gazteen ikuspuntuak ere txerta ditzan.

Bilbon geratzea norberaren poltsikoaren araberakoa da. EGKren txostenaren arabera, kontsultatutako unibertsitarioen % 59,2k Bilbon jarraituko luke ikasketak amaitzean, batez ere kalitatezko enplegua eta etxebizitza eskuragarria aurkituko balitu. Hala ere, % 74,8k uste du hiriak ez duela nahikoa etxebizitza-aukera eskaintzen ikasleentzat.

EGKren ustez, Bilbo unibertsitate-hiri bihurtzea ez da “ikasleak erakartzea soilik”, baizik eta gazteek “hirian ikasi, bizi, parte hartu eta beren etorkizuna eraiki” ahal izateko baldintzak sortzea. Dokumentuak 103 erantzun biltzen ditu, horietatik 74 Bizkaiko ikasleenak, eta zehazten du emaitzak nagusiki Bizkaiko errealitatetik aztertu behar direla.

Etxean bizitzea

Gazte askorentzat, goi-mailako ikasketak egiteko aukera ematen dien hiria da Bilbo. % 71,8 familiarekin bizi da; horri esker, ikasketen zuzeneko kostua txikiagoa da, eta beste hiri edo autonomia-erkidego batera joateak dakarren gastua saihesten dute. Txostenaren arabera, gertutasun hori ez da anbizio faltaren ondorio, baizik eta ikasteko, familiaren babes-sareari eusteko eta ikasketak lanarekin bateratzeko aukera ematen duen baldintza materiala.

Inkestatutakoen laurden bat familia-etxetik kanpo bizi da, eta zuzenean egiten dio aurre etxebizitza-merkatuari

Bilbon ikastea aukera “erraza” edo “automatikoa” ere bada; izan ere, askorentzat, hautatutako titulazioa hirian bertan edo Leioan, San Mamesen, Sarrikon, Deustun edo metropoli-eremuko beste zentro batzuetan eskaintzen da.

Etxetik kanpo bizitzearen kostua

Inkestatutakoen laurden bat familia-etxetik kanpo bizi da, eta etxebizitza-merkatuari zuzenean egin behar dio aurre. % 21,36 pisukideekin bizi da, % 2,9 bakarrik eta % 0,97 ikasle-egoitza batean. Batez ere prezio altuek, eskaintza eskasak, ikasleentzat pentsatutako pisuak aurkitzeko zailtasunak eta alternatiba publikoen faltak kezkatzen dituzte gazte horiek.

Inkestatutako guztien artean, gainera, % 78,6k ez ditu ezagutzen Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak eskaintzen dituen aukerak, eta proposatutako neurrietako bat erakunde horren inguruko informazioa hobetzea da. Horrez gain, azterlanean parte hartu dutenek hainbat proposamen egin dituzte: etxebizitza publikoen parkea handitzea, unibertsitate-egoitza edo ostatu eskuragarriak sortzea, ikasleentzako pisu-poltsa publikoak abian jartzea eta alokairuaren prezioak arautzea edo mugatzea. Era berean, pisu partekatuak erraztea eta gela-alokairuko abusuak kontrolatzea eskatu dute.

Galdetutako unibertsitarioen % 59,2 Bilbon geratuko litzateke ikasketak amaitzean, kalitatezko enplegua eta etxebizitza eskuragarria aurkituko balitu

Txostenak etxebizitza emantzipazioarekin lotzen du. Gazteak ezin badira emantzipatu, errotzeari ezin zaio eutsi, eta EGK-k ohartarazi duenez, “etxebizitza eskuragarririk gabe, Bilbok ikasleak hezi ditzake, ondoren kanporatzeko”.

Garraio publikoa

Garraio publikoak hirian ikastea errazten du, batez ere inguruko udalerrietan bizi direnentzat. Hala ere, inkestatutakoek prezioa, maiztasuna eta campus zein auzo batzuekiko konexioa kritikatzen dituzte. % 37,9k ordu erdi baino gehiago behar du unibertsitatera iristeko, eta ia hamarretik batek ordubete baino gehiago behar du.

Ikasleentzako deskontuak, txartel malguagoak eta puntako orduetan zerbitzua indartzea ere eskatu dute. Txostenak landa-eremuei ere arreta jartzeko eskatzen du; izan ere, garraioaren maiztasun txikiagoak eta distantzia handiagoek zaildu egiten dute ikasketak, enplegua eta aisialdia bateratzea.

Ikasketak uztea

Inkestatutakoen % 44,67k noizbait ikasketak uztea pentsatu du. Prestakuntzaren kalitatearekiko gogobetetasuna neurritsua da, eta erantzunek ondoezaren hainbat arrazoi jasotzen dituzte. Ikasleek teoria gehiegi, lan-karga handia, azterketetan oinarritutako ebaluazioa eta lan-orientazio eskasa aipatzen dituzte. Halaber, estresa, antsietatea eta ikasketak, lana eta gizarte-bizitza bateratzeko zailtasunak aipatzen dituzte.

Beste kezka bat ikasteko espaziorik eza da. % 48,6k ordutegi zabaleko liburutegi eta ikasketa-gela gehiago eskatzen ditu, batez ere asteburuetan, jaiegunetan eta azterketa-garaietan.

Ikasleen % 37,9k ordu erdi baino gehiago behar du unibertsitatera iristeko, eta % 9,7k ordubete baino gehiago

Diruak ere eragina izan dezake ikasten jarraitzea erabakitzeko orduan. % 21,4k beka edo laguntzaren bat jasotzen du, eta parte-hartzaile batzuek laguntza hori mantentzeko presioa aipatu dute. Sarbide-irizpideak zabaltzea, ebazpen- eta ordainketa-epeak bizkortzea eta baldintza akademiko zurrunek zaurgarritasun-egoerak bizi dituzten edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak ez zigortzea eskatu dute.

Txostenaren arabera, eztabaidak garrantzi handiagoa hartu du matrikulen eta unibertsitate-bizitzako beste gastu batzuen kostuak gora egin duelako. EGK-k “gazteen egungo errealitatera egokitutako beka-eredu zabalago eta malguago baten” alde egin du.

Kalitatezko enplegua, ezinbesteko baldintza

Bilbon geratzeko baldintzen artean, unibertsitarioek gehien aipatzen dutena jasotako prestakuntzarekin lotutako kalitatezko enplegua da, soldata duinak, iraupen luzeko kontratuak eta lanaldi osoak eskaintzen dituena. Etxebizitza berriro agertzen da: gazte batzuek alokairu merkeagoekin eta bizi-kostu txikiagoarekin lotzen dute bertan geratzea.

Errotzea familiaren, lagunen, kuadrillaren, hizkuntza-identitatearen eta kide izatearen sentimenduaren araberakoa ere bada. Erantzun batzuek euskara, tokiko kultura eta elkartzeko guneak indartzea eskatu dute, baita bisitarientzako hiria eta bertan bizi eta ikasten dutenentzako hiria orekatzea ere. “Geratzea ez dago enplegua izatearen mende bakarrik, hiriaren parte sentitzearen mende ere badago”, ziurtatzen du txostenak.

Inkestatutakoen ia erdiak noizbait ikasketak uztea pentsatu du

EGK-k zortzi ildotan antolatu ditu bere proposamenak: etxebizitza, garraioa, ikasteko espazioak, unibertsitate-bizitza, laneratzea, ongizate emozionala, bekak eta bertan geratzeko hiria. Proposamen horien artean daude unibertsitate-ostaturako plan espezifiko bat —Udalak, Eusko Jaurlaritzak, unibertsitateek eta gazte-eragileek koordinatua—, baita ikasleentzako garraio-tarifa murriztuak edo bonuak ere. Horrez gain, prekaritaterik gabeko praktikak ezartzea eta beketan, ikasketetan jarraitzeko baldintzetan eta ebaluazioan osasun mentala kontuan hartzea planteatu du.

Erakundeak Bilbo Unibertsitate Hiria ekimenaren lantalde egonkor bat sortzea eskatu du —unibertsitateek, Udalak, ikasleek eta gazte-eragileek osatua—, bai eta etxebizitzaren, garraioaren, ongizatearen, enpleguaren zein parte-hartzearen egoera aldian-aldian aztertzea ere. EGKren arabera, “benetako erronka” da gazteek “Bilbon bizi, Bilbon parte hartu eta Bilbon emantzipatu” ahal izatea, eta, hala nahi badute, bertan beren etorkizuna eraikitzea.