Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren film laburren lehiaketak, ZINEBI Expressek, 18. edizioa jarri du abian. Taldeek lau egun dituzte gehienez hiru minutuko film labur bat sortu, filmatu eta muntatzeko. Azaroaren 5etik 9ra bitartean izan dute beren proiektuak filmatzeko aukera.
Aurkezpenak zinemagintzako eta ikus-entzunezko arloko graduko eta Lanbide Heziketako 100 ikasle baino gehiago bildu zituen joan den azaroaren 5ean, Azkuna Zentroko TUMO Bilbao-Bizkaia zentroan. Lara Izagirre zinemagile bizkaitarrak, ‘Un otoño sin Berlín’ eta ‘Nora’ film luzeen zuzendariak, ‘Zaintzen gaituen zinema’ hitzaldia eskaini zuen. Bere esperientziaz eta zinema adierazpenerako eta elkargunerako gune gisa duen balioaz hitz egin zuen.
Taldeek lau egun dituzte gehienez hiru minutuko film labur bat sortu, filmatu eta muntatzeko.
ZINEBI Express lehiaketan edozein nazionalitatetako taldeek parte har dezakete, bai zinemagintzako eta ikus-entzunezko arloko ikasleek, bai prestakuntza-zentroekin loturarik ez duten pertsonek ere. Talde bakoitzak film labur bakarra aurkeztu behar du.
800, 600 eta 400 euroko hiru sari
Lehiaketak hiru diru-sari banatuko ditu: 800, 600 eta 400 eurokoak. Talde irabazleek, gainera, ZINEBIren 68. ediziora joateko eta bertako jardueretan parte hartzeko akreditazioak jasoko dituzte. Jaialdia azaroaren 20tik 27ra egingo da.
Film laburrak azaroaren 23an, astelehenean, proiektatuko dituzte, eta sariak goizean banatuko dituzte Bizkaia Aretoa – EHUko Mitxelena Aretoan, Bilboko Abandoibarra etorbideko 3. zenbakian.
Ekimenak EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen eta Arte Ederren Fakultatearen, Euskal Herriko Zinema Eskolaren eta Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren laguntza du. ZINEBI Ataria programaren barruan dago, eta Jaialdiaren gune horrek ikus-entzunezko prestakuntza, talentu berria eta jardun profesionala lotzen ditu.








