Egilea: Jon Mikel Zabalegi
Argazkia: Jon Mikel Zabalegi
Hitz kopurua: 1900
Irakurketa denbora: 10 Minutu
Zer nolako bilakaera izan du pornografiarekiko sarbideak nerabe eta gazteen artean azken urteetan?
Azken urteetan pornografiarekiko sarbidea nabarmen aldatu da, batez ere digitalizazioaren eta gailu pertsonalen hedapenaren ondorioz. Gaur egungo nerabe eta gazteek pornografia eskuratzeko aukera dute ia edozein unetan eta tokitan. Horrek esan nahi du sarbidea ez dela soilik errazagoa, baizik eta askotan saihetsezina ere badela. Izan ere, eduki pornografikoak ez dira beti nahita bilatzen. Hainbat kasutan, sare sozialen, algoritmoen edo mezularitza-kanalen bidez agertzen dira.
Ondorioz, lehen kontaktua gero eta adin txikiagoetan gertatzen da, askotan aurre-nerabezaroan. Horrek kezka sortzen du, desira, gorputzaren irudia eta harremanak ulertzeko tresnak oraindik garatzen ari diren unean sartzen delako pornografia. Baina bilakaeraren gako nagusia ez da soilik goiztiartasuna. Kontua da kontaktu hori denboran luzatzen dela eta, gainera, baldintza oso zehatzetan.
Izan ere, gaur egungo gazte askok ez dute harreman erotikorik beste pertsona batzuekin urte batzuk igaro arte. Tarte horretan, ordea, pornografiarekiko esposizioa etengabea izan daiteke. Horrek esan nahi du desiraren, gorputzen eta sexu-harremanen inguruko iruditeria orduz eta orduz eraikitzen dela pantailaren bidez soilik, esperientzia errealik gabe, konparaziorik gabe eta ia beti begirada kritikorik gabe.
Gainera, esposizio hori askotan gertatzen da helduen erreferentziarik gabe. Ez dago elkarrizketarik, ez azalpenik, ez galderak egiteko espaziorik. Pornografia bakarka ikusten da, isilean, eta askotan erruarekin edo lotsarekin. Horrek zaildu egiten du ikusitakoa testuinguruan kokatzea, fikzioa eta errealitatea bereiztea, edo irudikatutako praktiken atzean dauden botere-harremanak, estereotipoak eta desorekak identifikatzea.
Desiraren, gorputzen eta sexu-harremanen inguruko iruditeria orduz eta orduz eraikitzen da pantailaren bidez soilik, esperientzia errealik gabe, konparaziorik gabe eta ia beti begirada kritikorik gabe
Testuinguru horretan, pornografia ez da entretenimendu hutsa: erreferente nagusi bihurtzen da. Desira nola pizten den, gorputzek nolakoak izan behar duten, nork hartu behar duen ekimena edo zer den “normala” ikasten da, askotan, bestelako kontrasterik gabe. Horrek eragin zuzena du gero harreman erotikoak hasten direnean, aurretik eraikitako itxaropenak, beldurrak edo presioak bertan txertatzen direlako.
Beraz, azken urteetako bilakaerak ez du soilik pornografiarekiko sarbidea handitu; desiraren sozializazio-modua ere aldatu du. Pornografia lehenago, gehiago eta bakarrikago kontsumitzen da, eta horrek erronka berriak planteatzen dizkio sexu-heziketari, familiei eta gizarteari oro har. Ez da nahikoa sarbidea arautzea: ezinbestekoa da hitz egiteko espazioak, erreferente helduak eta begirada kritikoa eskaintzea, gazteek ikusitakoa ulertu, zalantzan jarri eta errealitatearekin kontrastatu ahal izan dezaten.
Zerk definituko luke gaur egungo kontsumoa aurreko belaunaldiko gazteek egiten zutenarekin alderatuta?
Aldaketa nagusia kualitatiboa da. Aurreko belaunaldietan pornografia eskuratzeko ekintza kontziente eta mugatua behar zen: aldizkariak, DVDak edo lagunen arteko partekatzeak. Gaur egun, aldiz, kontsumoa bakarkakoa, isila eta jarraitua da, gailu pertsonaletatik egiten delako, eta askotan pantailarekin egindako esposizioa ez da bakarrik desira sexuala pizteko baliatzen.
Gaurko gazteen artean beste helburu batzuk ere agertzen dira. Adibidez, sarritan pornografia edo eduki sexualak partekatzen dira irudiekin eskandalizatzeko edo barre egiteko, eta horrek kontsumo mota berri bat sortzen du. Batzuetan, taldean egiten da, eta kasu batzuetan “biktimak” hautatzen dira, normalean adin txikikoak, taldearen barreak sortzeko. Ondorioz, eduki “gogorragoak” edo muturrekoagoak bilatzen dira, ez soilik estimulu sexuala lortzeko, baizik eta besteekiko erreakzioa manipulatzeko edo taldeko dinamikak finkatzeko. Horrek esan nahi du kontsumoa ez dela soilik pertsona bakarreko esperientzia, baizik eta interakzio sozialetan eragina duen jarduera. Taldean partekatzen denean, batez ere adin txikiko pertsonen irudiekin, barreak eta eskandalua helburu izaten dira, eta horrek dinamika sozialak eta indarkeria emozional txikiak sortzen ditu.
Gazteen Euskal Behatokiak antolatutako ikastaroa
Donostia. Otsailak 10 eta 24. Epea zabalik. Ikastaroa. “Desiraren industria: pornoa ulertzeko ikuspegi hezitzailea”. Izena eman Gazteaukera atarian
Bestalde, edukien izaera ere aldatu da. Gaur egun, plataforma askok eduki muturrekoagoak eskaintzen dituzte, eta algoritmoek inpaktu handiagoa duten bideoetara bideratzen dute erabiltzailea. Horrek desiraren piztea gero eta gehiago lotzen du estimulu azkar, indartsu eta muturrekoekin, eta pantailaren aurrean eraikitzen den iruditeria askotan errealitatetik urrun dago. Gainera, pornografia askotan erreferente sexual nagusi bihurtzen da, lehen baino leku zentralagoa hartuz gazteen iruditerian, eta horrek eragina du desirak, gorputzak eta harremanak ulertzen duten moduan.
Pornografiaren kontsumoa, berez, txarra edo negatiboa al da?
Sexologiatik ez dugu pornografia berez gaitzesten. Pornografia existitzen da eta existituko da, eta pertsona heldu askorentzat aisialdi sexualaren parte izan daiteke. Arazoa ez da kontsumoa bera, baizik eta testuingururik gabe, adin desegokian eta ikuspegi kritikorik gabe gertatzen denean.
Pornografia sexu-heziketaren ordezko bihurtzen denean sortzen dira arrisku nagusiak. Orduan, irudikapen jakin batzuk —errendimendua, boterea, genero-rol zurrunak— normalizatzen dira. Beraz, gakoa ez da debekatzea, baizik eta hezkuntza, elkarrizketa eta erreferente anitzak eskaintzea.
Kontsumoa gero eta goiztiarragoa izateak zer ondorio ditu haur eta gazteen harremanetan?
Kontsumo goiztiarrak eragina du harremanak ulertzeko moduan. Pornografiak askotan zaintzarik gabeko sexualitatea erakusten du, non komunikazioa, zalantza, adostasuna edo erritmo desberdinak ez diren agertzen. Hori erreferente nagusi bihurtzen denean, gazteek zailtasunak izan ditzakete muga propioak identifikatzeko eta besteenak errespetatzeko.
PUBLIZITATEA
Gainera, errendimendu-logika indartzen da: zer egin behar den, nola egin, zenbat iraun… Horrek antsietatea, presioa edo frustrazioa sor ditzake, eta harremanak prozesu partekatu gisa bizi beharrean, helburu jakin batera iristeko jarduera bihurtzen ditu.
Lehen esan bezala, gaur egungo gazte askok ez dute harreman erotikorik beste pertsona batzuekin urte batzuk igaro arte. Bitarte horretan, ordea, pornografiarekiko esposizioa ia etengabea izan daiteke, eta horrek eragina du desira, gorputzaren irudia eta harremanen ulermena pantailaren bidez bakarrik eraikitzen direlako, esperientzia zuzena eta erreferentzia heldurik gabe. Hori dela eta, gazteek ikusitakoa errealitatearekin alderatzeko gaitasunik ez izatea, eta euren pentsamendu eta iritziak kritikoki lantzeko aukerarik ez izatea gertatzen da.
Pornografia existitzen da eta existituko da, eta pertsona heldu askorentzat aisialdi sexualaren parte izan daiteke. Arazoa ez da kontsumoa bera, baizik eta testuingururik gabe, adin desegokian eta ikuspegi kritikorik gabe gertatzen denean.
Baina ez da bakarrik haur eta gazteen artean gertatzen. Emaizen terapia ere egiten dugu eta bertan gero eta ohikoagoa da orgasmoa sentitzeko zailtasunak dituzten gizonak topatzea, edo orgasmoa bakarrik pornografiarekin lortzen dutenak. Horren atzean, urteetan zehar pornografiarekin masturbatzeak eragindako ohitura dago: pantailaren estimuluak erreakzio fisiologiko bizkorra eta jarraia eskaintzen du, eta esperientzia hori ez dago errealitateko harremanen erritmo eta dinamiketara egokituta.
Ondorioz, estimulu hori gabe, harreman errealetan, kitzikapen-maila handia lortzea zaila bihurtzen da. Horrek eragin dezake frustrazioa, antsietatea eta esperientzia sexualaren esperimentazio osasuntsuaren urritasuna.
Sexuen-heziketatik eta terapia sexualetik ikusita, argi dago: esperientzia erotikoak esperientzia errealekin, elkarrizketarekin eta erreferente anitzekin landu behar direla, pantailaren logikatik deskonektatzeko eta gorputza eta desira modu naturalean ulertzeko.
Gazte askok diote pornografia dela beren sexu-heziketarako iturri nagusia. Nola iritsi gara puntu horretara?
Hau ez da gazteen hautu hutsa; helduen hutsuneen ondorio zuzena da. Sexu-heziketa formala askotan puntuala, biologizatua edo arriskuetan oinarritua izaten da: hilekoa, antisorgailuak, genitalen bidezko infekzioak… Baina gutxi hitz egiten da desiraz, plazeraz, harremanez edo identitateaz.
Familian ere sarritan isiltasuna nagusitzen da. Galderak badaude, baina espazio segururik ez. Internetek, berriz, erantzunak ematen ditu berehala. Pornografia hor dago, eskuragarri eta epairik gabe. Horregatik bihurtu da, nahi gabe, sexu-hezitzaile nagusi.
PUBLIZITATEA
Pornografiak kontrolik gabeko erreferente bat eskaintzen du: gorputzen itxura, genero-roleak, plazera eta adostasuna modu uniforme eta estandarrean erakusten ditu. Ez du ikasleak heztea helburu, baina gazteek horretarako erabiltzen dute. Hori dela eta, demonizatu baino, ezabatu egin behar dugu kaskuntza-tresna gisa duen egitekoa. Pornografiaren indarra murrizten da, gazteei erreferente erotiko osasuntsuak, material egokiak eta espazio segurua eskaintzen zaizkienean beren galderak egiteko eta esperientziak adierazteko.
Gakoa ez da: “Nola saihesten dugu pornografia ikustea?” baizik eta: “Zer behar dugu gazteek horretara bakarrik jotzeko beharrik ez izateko?”
Zein aldagaik eragiten dute pornografiaren kontsumoan, eta nola ekidin daitezke arriskutsuak diren erabilerak?
Aldagai asko daude: adina, genero-sozializazioa, bakardadea, jakin-mina, gailu pribatuak izatea, helduen presentzia edo absentzia. Arriskuak murrizteko ezinbestekoa da prebentzio positiboa: hitz egitea, izendatzea, zalantzak jasotzea.
Ez da nahikoa kontrol teknologikoarekin. Babes faktoreen artean, honako hauek nabarmenduko dituzke: sexuen-heziketa jarraitua eta integrala, pornografiari buruzko ikuspegi kritikoa, konfiantzazko helduen presentzia eta desira, adostasuna eta muga propioak lantzea.
Beti pentsatu izan da pornografia mutilen kontua dela. Zenbateraino da egia?
Egia da, orokorrean, mutilek kontsumo handiagoa dutela, baina hori ez da irudi osoa. Nesken kontsumoa handitzen ari da, eta askotan ikusezina da, isilagoa delako. Aldea ez dago kontsumoan bakarrik, baizik eta nola bizi eta interpretatzen den.
Mutilek desira aktiboarekin sozializatzen dira; neskak, berriz, desiratuak izatearekin. Neskengan askotan agertzen da gizonaren desiraren aurrean men egitea, eta horrek eragin desberdinak ditu: mutilengan errendimendu-presioa; neskengan, gorputzaren objektualizazioa eta errua. Bi kasuetan, genero-mandatuek baldintzatzen dute esperientzia.
Horrek guztiak, mutilei zein neskei dagokienez, ohartarazten digu: askotan gure desiratik urruntzen gara, eta barne hartzen dugu ideia bat, non “maitale onak izateko” modu jakin batean jokatu behar dugun, gure nahi propioak bigarren planoan utzita. Hori da pornografia kontsumitzen den testuinguru sozial eta kulturalaren arriskua: desira eta jokabide sexualak estereotipoen arabera moldatzea, gure errealitate pertsonaletik urruntzen gaituelarik.
Save the Childrenek argitaratu berri duen txosten baten arabera, OnlyFans bezalako plataformak eta sugar dating zerbitzuak normalizatu egin dira, bereziki, neska gazteen artean. Nola egin ahal zaio aurre horrelako fenomenoei?
Fenomeno hauek ezin dira pornografia soil gisa ulertu. Desira, boterea, dirua eta aitortza soziala gurutzatzen dira. Neska gazteen kasuan bereziki, arriskua dago auto-balioa desiragarritasunarekin eta errentagarritasunarekin lotzeko.
Aurre egiteko ezinbestekoa da, heziketa sexuala eta digitala uztartzea, genero-ikuspegia lantzea, autonomia emozionala eta ekonomikoa indartzea eta gorputza subjektu gisa berreskuratzea, ez produktu gisa. Debekua baino gehiago, alternatibak eta diskurtso kritikoa behar dira.
Gazteen Euskal Behatokiaren eskutik ikastaro bat emango duzue otsailean zehar Bilbon eta Donostian. Bertan, besteak beste, pornografiaren eta sexu-erasoen arteko harremanean sakonduko duzue. Zer aurreratu ahal duzu harreman horren inguruan?
Pornografia ez da sexu-erasoen kausa zuzena, baina indarkeria normalizatzen duen pornografiak eragina izan dezake, batez ere, adin txikietan. Adostasunik gabeko praktikak, botere-harremanak edo mina erotizatzea ohiko bihurtzen direnean, arriskua dago muga etikoak lausotzeko. Horrez gain, pornografia da gazteek desira, maskulinitatea eta adostasuna nola ulertzen duten baldintzatzen duen erreferente nagusietako bat, eta horrek eragin handia du beren harreman eta jokabide sexualetan.
PUBLIZITATEA
Harremana ez da lineala, baina ezin da baztertu. Bideo askok menderakuntza-dinamikak normalizatzen dituzte, emakumeen desira ezabatzen dute eta indarkeria ñabardura erotiko gisa aurkezten dute. Hori erreferentziazko “eskuliburu” bilakatzen denean, pentsamolde desitxuratuak sortzen dira, eta modu okerrean interpretatzen da zer den “normala”.
Horregatik, ezinbestekoa da pornografia testuinguruan aztertzea, eta adostasuna, errespetua eta ardura ardatz dituen heziketa eskaintzea. Gainera, garrantzitsua da adostasunezko sexualitateari buruzko elkarrizketak txikitatik nola hasi daitezkeen lantzea. Prebentzio erreala laguntzean datza, debekatzean baino, gazteak autonomo eta errespetuzko harremanetan murgiltzeko gaitasuna garatzeko.
Zein eduki edo dinamika ari dira normalizatzen, eta zeintzuk kezkatzen zaituzte gehien?
Emaizen Sexu Heziketa ikastetxe askotan lantzen dugu —Lehen Hezkuntzan, DBHn zein Batxilergoan—, eta urte hauetako esku-hartzeetan behatutakoaren ondorioz, hainbat joera eta sinesmen errepikakor identifikatu ditugu gazteen artean. Adibidez, ilea (batez ere genitaletakoa) zerbait zikina edo kendu beharrekoa dela pentsatzen da, bai nesken, bai mutilen artean. Taldean harreman erotikoak izatea jendearen erotikaren parte dela uste dute, pribatutasunaren ideia lausotuz.
Gehienek koitoa harreman erotiko baten erdigunea dela, eta 30 minutu baino gehiago iraun behar duela sinesten dute eta topaketa erotikoetan intentsitate handia etengabe mantendu behar dela pentsatzen dute. Harreman erotiko osoan zehar zakila tente egon behar duelako sinesmena ere oso hedatua dago gazteen artean eta, hainbat kasutan, eiakulazio femeninoa nola lortu bilatzen dute, askotan presio edo helburu gisa ulertuta.
Ildo berean, erromantizismoa, samurtasuna eta zaintza harreman erotikoen parte ez direla uste dute.
Genitalen inguruko kezkak agertzen dira maiz: titiak, ipurdiak, zakilaren tamaina edo itxura…
Ikastetxeetan ikusi ahal izan dugunez, indarkeriarekin lotutako praktiken inguruko interesa edo jakin-mina sumatzen da.
Sinesmen horiek guztiek erakusten dute zurruntasun handia dagoela sexualitatea ulertzeko moduan. Eta badakigu zurruntasuna dagoenean, zailtasunak sortzen direla bizipen erotikoetan: plazerra murrizten da, antsietatea handitu, eta frustrazioa agertu. Hain zuzen ere, hauek dira gero terapian topatzen ditugun kezka ohikoenetako asko, bai gazteen artean, bai jada heldu diren pertsonen artean ere.
Horregatik, ezinbestekoa da sexu-heziketatik malgutasuna, aniztasuna eta errealismoa lantzea, gazteek sexualitatea bizitzeko modu osasuntsuagoak, atseginagoak eta norberaren desiran oinarrituak eraiki ahal izan ditzaten.
Zer iritzi duzu pornografia eskuratzeko adina erregulatzeko neurriei buruz?
Lagungarriak izan daitezke babes-neurri gisa, baina ez dira nahikoa. Teknikoki zailak dira, pribatutasun arazoak sortzen dituzte eta ez dute heziketa ordezkatzen. Arriskua da irtenbide sinplistatzat hartzea.
Emaize Sexologia Zentroan argi dugu: heziketa gabe, kontrolak huts egiten du. Adin-egiaztapena osagarri izan daiteke, baina oinarria beti izango dira elkarrizketa, heziketa eta lotura.











