Egilea: Jose Poza
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 1007
Irakurketa denbora: 5 Minutu
Pasa den urtarrilaren 8an Irango agintariek Internet eta telekomunikazioak eten zituzten herrialde osoan zehar protestak areagotu zirenean. Itzalaldi digitalak milioika pertsona informazio-iluntasunean utzi zituen, giza eskubideen urraketak dokumentatzea edo kanpoaldearekin informazio partekatzea eragotziz. Irangoa ez da kasu isolatu bat.
2025ean, munduko biztanleriaren erdiak baino gehiagok Interneteko murrizketak jasan behar izan ditu. 4.600 milioi lagun inguruk ikusi zuten beren gobernuek erabakitzen zutela noiz eta nola konektatu ahal ziren. Iaz, kontrol digital globala areagotu egin zen, eta 81 murrizketa berriz ezarri ziren 21 Estatutan, 2024. urtean baino % 29 gehiago. Jada aktibo zeuden murrizketei gehituta, guztira, une honetan 130 kasu daude. Hala dio Interneteko zentsuraren inguruan, eta Netblocks GKE britainiarrarekin batera, Surfshark zibersegurtasun konpainiak egin duen txostenak.
Pasa den urtea aurreko urtetik jasotako 47 murrizketarekin hasi zen. Horietako batzuk 2009. urtetik daude indarrean. Oman, Iran, Txina eta Turkmenistan, besteak beste, 15 urte baino gehiagoz aktibo dauden sare sozialen blokeoak mantentzen ari dira. 2025ean ezarritako 81 murrizketa berrietatik, gehienak Asian eta Afrikan eman dira. Adibidez, Asiako hamar herrialdetan ezarritako 56 murrizketek 2.200 milioi pertsonari eragin zieten. Afrikan, aldiz, 20 kasu berri erregistratu dira zortzi herrialdetan, 344 milioi pertsona Interneterako sarbiderik gabe utziz.
Gatazka politikoen ondorioa
2025ean izan diren blokeo gehienak gatazka politikoen ondorio izan dira. Murrizketa berrien erdiak baino gehiagok (81etik 51) liskarrei, tentsio etnikoei edo disidenteen errepresioari erantzun zieten. Zifra hori 2024an erregistratutako 23en bikoitza da. 14 herrialdek estrategia hori erabili zuten 2.100 milioi pertsona isilarazteko.
Bigarren urtez jarraian, India murrizketen sailkapen globalaren buru izan da. Herrialde horretan 24 muga berri ezarri ziren iaz, aurreko urtean baino bat gehiago. Horietatik, 14 gatazka politikoen ondorio izan zirela baietza daiteke, hala nola Uttar Pradesh-en izandako liskar komunitarioak.
Herrialde askotan, belaunaldi osoak hazi dira informazio-iturri desberdinetara sarbide librerik izan gabe
Mugak jartzen dituzten herrialdeen sailkapenaren buruan Irak (9), Afganistan (7) eta Iran (4) ere azaltzen dira. Hiru herrialde horietan biltzen dira iaz izandako murrizketa gehienak, bertan diren gobernuek Interneterako sarbiderako murrizketak kontrol-tresna gisa erabili ohi dituztelako. Adibidez, irailean, Afganistan Interneten aldi baterako etenak ezartzen hasi zen eskualde mailan eta Instagram, Facebook eta Snapchat sare sozialak debekatu zituen. Murrizketa horiek, oraindik ere, indarrean jarraitzen dute.
Hauteskundeak zentsurapean
Lau herrialdek Internet mugatu zuten hauteskunde garaian. Larriena Tanzanian izan zen, bost egunez luzatu zen nazio-mailako eten batekin. Hori izan zen, hain zuzen ere, iaz izan zen etenik luzeena. Behin zerbitzua berrezarrita, murrizketak mantendu zituen sare sozialetan eta berehalako mezularitza zerbitzuetan.
PUBLIZITATEA
Kamerunen Interneterako sarbidea bost aldiz eten zuten iaz, gehienetan, hauteskunde prozesuen aurretik edo ondoren. Plataforma sozialetarako eta mezularitza-plataformetarako sarbidea eten zuten sistematikoki. Praktika hori ez da berria; 2018ko hauteskundeen emaitzen bezperan Kamerunek Facebooken eta WhatsAppen sartzeko aukera mugatu zuen.
Gineak gauza bera egin zuen emaitzak espero zituzten bitartean. Venezuelak, berriz, Telegram blokeatu zuten Madurok bere hirugarren agintaldia zin egin zuen egunean.
Isilarazitako protestak
Sei herrialdetan zerbitzua eten zuten protestak isilarazteko. Indiak hamarretan egin zuen, aurreko urtean baino hiru aldiz gutxiago, baina nahikoa blokeoa kontrolerako ohiko tresna gisa erabiltzen dutela berresteko. Panama teknika hori erabiltzen duten herrialdeen zerrendan estreinatu zen langileen bi protesta isilarazteko. Kenyan, Turkian, Togon eta Pakistanen kasu bana erregistratu zen. Sare sozialen plataformei aldi baterako debekuak ezartzen jarraitzen du Turkiak, protestei eta bestelako istiluei aurre egin nahian. 2025ean bi aldiz murriztu zituen sare sozialak; 2024ean, berriz, bostetan. Lehen murrizketak 2016an hasi ziren eta, ordutik hona, horrelako neurriak ohiko bilakatu dira.
Nazio eta eskualde mailako etenak
2025eko murrizketarik ohikoena berariazko eskualde eta hirietan sarbidea etetea izan zen. Modurik muturrekoena, hots, biztanleriaren zati esanguratsu bati edo herrialde osoari eragiten dioten eten nazionalak, zazpi herrialdek ezarri zuten 22 alditan, aurreko urtean baino 4 gehiago. Iraken, adibidez, nazio mailako bederatzi eten izan ziren, guztiak arrazoi berari jarraituz: eskolako azterketetan tranpak saihestea. Hori aspalditik errepikatzen den patroia da eta etenaldi bakoitzak bi eta hamabi ordu artean iraun zuen.
Iranek eta Kamerunek nazio mailako launa eten ezarri zituzten, Tanzaniak bi eta Afganistanek, Sudanek eta Yemenek bana.
Telegram, gehien blokeatzen duten plataforma
2025ean ezarritako 81 murrizketetatik 21 sare sozialei ezarri zitzaizkien, 2024an baino hiru gehiago. Guztira, sare sozialei ezarritako murrizketa berriak 14 herrialdetan izan ziren, eta 2024an, berriz, zazpi soilik. Neurri horiek gatazka politikoengatik, protestengatik, hauteskundeengatik eta Interneteko legeengatik ezarri ziren.
Telegramek aurrea hartu zion Facebook-i gehien zentsuratutako plataformen sailkapenean. Zazpi gobernuk blokeatu zuten plataforma hori bederatzi alditan, Facebook (zazpi kasu), YouTube eta Instagram (sei kasurekin) eta X eta WhatsApp (bost kasurekin) gaindituz. Aurreko urtean, Facebookek bederatzi kasu izan zituen.
PUBLIZITATEA
Urtearen erdialdean, Vietnamek behin betiko debekua ezarri zion Telegrami, teknologia ministerioak zerbitzua etetea agindu ostean erabiltzaileen ustezko delituen aurkako borrokan ez laguntzeagatik. Nepalek ere Telegram debekatu zuen online iruzurrak eta kapitalen zuriketa errazten zituela argudiatuz.
Europan, Albania izan da murrizketa berriak ezarri zituen herrialde bakarra, urtebetez TikTok debekatu baitute. Betoa martxoan hasi zen nerabe baten heriotza eragin zuen plataforman izandako gatazka baten ondoren.
Denboran luzatzen diren debeku iraunkorrak
Blokeo guztiak ez dira aldi baterako izan. Sei herrialdek debeku iraunkorrak ezarri zizkieten sare sozialei 2025ean: Telegram, Nepalen eta Vietnamen; Facebook, Afganistanen; X, Tanzanian; eta, TikTok, Albanian, urtebetez. Debeku iraunkor horiez gain, sare sozialetarako aldi baterako 14 beto egon ziren, normalean egun bat eta bost egun artean iraun zutenak, kasu nabarmen batzuetan izan ezik. Kenyan, adibidez, Telegram 19 egunez egon zen mugatuta. Indiak, berriz, sare sozial guztiak debekatu zituen eskualde batean astebetez. Kamerunek sei egunez eutsi zion blokeoari hauteskunde garaian.
2025. urtearen amaieran 55 kasu aktibo zeuden. Gehienak sare sozialetako eta berariazko mezularitzako plataformetarako sarbidea mugatzearekin lotuta zeuden, hala nola Telegram debekatzea Nepalen, edo TikTok, YouTube eta Facebook murriztea Ginean.
Blokeo batzuk zenbait sare sozial baino zaharragoak dira. Txinak, Iranek, Omanek eta Turkmenistanek 15 urte daramatzate sare sozialak zentsuratzen. Ipar Korean, Eritrean, Arabiar Emirerri Batuetan eta Errusian antzeko mugak ezarri dituzte. Pakistanek, bere aldetik, urtebetez blokeatuta egon ondoren X-rako sarbidea berrezarri bazuen ere, Azad Kaxmir eskualdean Internet moztu zuen.
PUBLIZITATEA
Aipatu herrialde horietan guztietan, belaunaldi osoak hazi dira albiste independenterik eta nazioarteko sare sozialik gabe. Hortaz, emaitza aurreikus daiteke: gobernuek narratiba kontrolatzen dute, beren agendak sustatzen dituzte eta desinformazioa zabaltzen dute.
Surfshark txostenak agerian utzi duenez, Interneteko askatasunak narriatzen jarraitzen du. Hainbat herrialdetako gazteak errealitate bakarra ezagutuz hazi dira. 4.620 milioi lagunentzat Internet librea ez da galdutako eskubidea, inoiz izan ez duten zerbait baizik.













