Zoriontsuak, baina aurrezkirik gabe

Eusko Jaurlaritzaren azterlan baten arabera, EAEko herritarrak gustura daude osasunarekin eta harreman pertsonalekin, baina aurrezteko gaitasun faltak kezka berezia sortzen du 30 urtetik beherakoen artean

  Egilea: José Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Hitz kopurua: 16022
  Irakurketa denbora: 9 Minutu

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak ongi sentitzen dira beren buruarekin eta bizitzarekin, baina poltsiko kontuetan ez hainbeste. Hori da, hain zuzen ere, pasa den urtearen amaieran Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratutako “Ongizate pertsonalari buruzko pertzepzioa” ikerketak jasotzen duen paradoxa. Euskadiko biztanleriak begi onez ikusten ditu bere osasuna, harreman pertsonalak eta bizi-poza, baina ez dago hain gustura diru kontuekin. Azterlana 2025eko azaroan egin zen eta egindako 1.512 elkarrizketatan oinarritzen da.

Bizitzaren inguruko balorazio orokorra eta harreman pertsonalekiko asebetetzea, 10 puntuko eskala batean, 7,3 eta 8,0 puntura iristen da, hurrenez hurren. Aurrezteko gaitasunaren inguruko pertzepzioa, ostera, 6,1 puntura baino ez da iristen. Osasunaren inguruko pertzepzioa ere positiboa da eta, oro har, ez du kezka handirik sortzen euskal herritarren artean; lautik hiruk osasun ona edo oso ona dutela diote. Baina kontraesan hori gorpuzten duen adin-talderen bat bada, hori 18 eta 29 urte arteko gazteena da. Aipatu talde horretan diren gazteak oso gustura daude beren bizitzarekin (7,5 puntu) eta antzemandako osasunean bikaintasunetik oso gertu daude. Hala ere, egoera ekonomikoaren inguruan galdetuta, puntuaziorik baxuena ematen duen taldea da (5,8). Balorazio horrek agerian uzten du bizi-baikortasunaren eta belaunaldi horretako errealitate materialaren arteko aldea. 

Azterlanak egunero bizitzako zazpi aldagai aztertzen ditu: ongizate fisikoa, ongizate emozionala, ongizate intelektuala, ongizate soziala, ongizate kulturala, ongizate okupazionala eta finantzarioa eta ingurumen-ongizatea. Jasotako emaitzek alde handiak erakusten dituzte adinaren, hezkuntza-mailaren eta norberak hautemandako gizarte-mailaren arabera.

Jarduera fisiko gehiago adinean gora egin ahala

Biztanleriaren % 59k jarduera fisikoa egiten du, gutxienez, astean hirutan. % 27k egunero entrenatzen duela dio eta ia heren batek hiruzpalau egunetan. Datuek ezusteko patroi bat erakutsi dute. Izan ere, 18-29 urte bitarteko gazteen % 45ek astean hiruzpalau egunetan egiten du kirola, baina % 18k bakarrik bihurtzen du jarduera hori eguneroko errutina. 65 urtetik gorakoen artean, berriz, % 34k egiten du nolabaiteko jarduera fisikoa egunero. Hau da, gazteek modu irregularrean entrenatzeko joera duten bitartean, adinekoek bere eguneroko agendan barneratu dute jarduera fisikoa. Hala ere, gazteen % 84k dio jarduera fisikoa garrantzitsua edo oso garrantzitsua dela, eta garrantzirik ematen ez diotenen kopurua % 15ekoa da.

Jatorrizko azterlana

Ongizate pertsonalari buruzko pertzepzioa. Prospekzio Soziologikoen Kabinetea.www.euskadi.eus/ikerketa-soziologikoak

Adinean gora egin ahala, osasunaren inguruko pertzepzioa aldatzen da. Hamar gaztetik bederatzik (% 92k) dio osasun ona edo oso ona duela; 65 urtetik gorakoen artean , aldiz, % 63k. Pertzepzio horretan aldeak ikus daitezke inkestatutakoen hezkuntza-mailaren arabera. Horrela, zenbat eta hezkuntza-maila altuagoa izan, orduan eta osasunaren pertzepzio hobea (unibertsitarioen % 81ek osasun ona duela dio; % 61ek lehen hezkuntza dutenen artean).

Lo egiteko arazoek eragin apala dute gazteen artean. Bi heren inguruk ez dute lo egiteko inolako arazorik izan azken bi asteetan, baina laurden batek arazoak izan dituela aitortzen du eta % 6k ia gauero izaten ditu horrelako arazoak. Osasun onaren adierazle fidagarrienetako bat medikuari egiten zaion bisiten kopurua da. Zentzu horretan, gazteen % 82 ez da familia-medikuarengana joan azken hilabetean eta erdiak  baino ez du egin prebentziozko azterketaren bat azken hamabi hilabeteetan, nahiz eta hamarretik bederatzik ongi sentitzen direla adierazi duten.

Dieta osasuntsu baten garrantzia

Biztanleen % 90ek dieta osasungarri bat jarraitzen duela dio, unibertsitarioen artean % 94raino igotzen delarik. Kasu honetan, aldeak ikus daitezke hautemandako klase sozialaren arabera. Horrela, bere burua klase altukotzat jotzen dutenen artean, % 32k elikadura oso osasungarria daramala dio.  Kopuru horrek bere burua klase baxukotzat jotzen dutenen artean jasotakoa bikoizten du. Gazteen artean % 90ek dio dieta osasungarria jarraitzen duela, baina % 19k bakarrik dio jarraitzen duen dieta oso osasungarria dela

Ongizate emozionala

Norberaren bizitzaren inguruan hautemandako kontrola 7,8 puntutara iristen da. Ikasleak eta erretiratuak dira maila altuenak hautematen dituztenak, 8,3 eta 8,1, hurrenez hurren. Txanponaren beste aldean, pertsona landunak dira, 7,7 punturekin, maila baxuena azaltzen dutenak. Gazteen artean, batez besteko puntuazioa 8koa da.

Herritarren % 78k egoera emozional positiboa azaldu du azken lau asteetan. Hala ere, langabetuen artean, ia bosten batek egoera emozional negatiboa aitortzen du. Beste muturrean, goiko klasearekin identifikatzen direnen % 85ek positiboki baloratzen du bere gogo aldartea.

Gazteen artean, % 80k positibotzat jotzen du bere ongizate emozionala eta % 16k oso positibotzat. Gainera, % 67ri erraza edo oso erraza egiten zaio eguneroko arazoei aurre egitea, nahiz eta % 10 inguruk zailtasunak dituela onartzen duen.

Jarduera mentala

Biztanleriaren % 45ek jarduera mental estimulatzaileak egiten ditu egunero, hala nola irakurtzea, ikastea edo arazoak konpontzea. Proportzio hori % 55era igotzen da 65 urtetik gorakoen artean. Kasu honetan ere hezkuntza-maila garrantzitsua da. Unibertsitate-ikasketak dituztenen % 56k egunero egiten ditu jarduera horiek. Lehen hezkuntzatik beherako ikasketak dituztenen artean % 40k egunero egiten ditu, eta % 16k gutxitan edo inoiz ez.

Gazteak tarteko posizio batean kokatzen dira. % 35ek burua estimulatzen dituzten jarduerak egiten ditu egunero eta % 42k astean hainbat aldiz. Denboraren kudeaketa erronka bat da gazteentzat. % 20k baino ez du denbora nahikoa interesatzen zaizkion jarduera intelektual edo kulturaletan aritzeko, eta % 29k uste du ez duela denbora hori.

Biztanleria orokorraren % 52k garrantzi handia ematen dio etengabeko ikaskuntzari. Balio hori % 64ra igotzen da goi-mailako ikasketak dituztenen artean, eta % 66ra klase altuarekin identifikatzen direnen artean. Lehen mailako ikasketak dituztenen artean, berriz, % 41era jaisten da.

Lagunen garrantzia

Harreman pertsonalen garrantziak 8 puntu lortzen ditu, aztertutako aldagai guztietan lortzen den puntuaziorik altuena. Biztanleriaren % 59k dio ez dela inoiz edo ia inoiz bakarrik sentitzen. Hala ere, bakardadea sentitzen duten horien artean, gehiago dira emakumeak gizonak baino (% 46 eta % 36, hurrenez hurren).

% 55ek bere inguruaren aldetik aitortza sentitzen du beti edo ia beti. Lan egoerak zenbait desparekotasun markatzen ditu arlo horretan. Horrela, erretiratuak dira sozialki baloratuenak sentitzen direnak (% 59). Etxeko lanak egiten dituztenen (% 42) eta langabezian diren horien artean (% 46), berriz, aitortza hori nabarmen baxuagoa da. Gazteentzat harreman pertsonalak oso garrantzitsuak dira (8,2 puntu). % 98k uste du  bizi kalitate ona izateko garrantzitsua edo oso garrantzitsua dela harreman pertsonal osasuntsuak garatzea eta mantentzea. Bakardadearen inguruan, gazteen % 61ek dio ez dela inoiz edo ia inoiz bakarrik sentitu, baina % 9k dio beti, ia beti edo sarritan bakarrik sentitzen dela.

Gazteen erdiak baino gehiagok (% 55) sentitzen du inguruko pertsonek kontuan hartzen dutela beti edo ia beti. Adin-talde honetan bizitza soziala bizia da. % 88 lagunekin, senideekin eta lankideekin elkartzen da astean behin edo gehiagotan eta laurden bat, egunero.

Kultura eta aniztasuna

Biztanleriaren % 94 guztiz ados edo nahikoa ados dago bere kultura, tradizioak eta ohiturak eguneroko bizitzan daudela esatean. Ehuneko hori arinki altuagoa da (% 96) nagusiki euskara erabiltzen dutenen artean.

18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, % 90 ados dago beren kultura beren egunerokotasunean presente egotearekin, baina komunitateko kide izatearen sentimendua biztanleria orokorrean baino zertxobait txikiagoa da. % 88k onartzen du balioak eta adierazpenak partekatzen dituen komunitate baten parte sentitzen dela, eta % 89k, berriz, balio eta adierazpen berberak dituela dio. Gazteen % 41 erabat ados dago baieztapen horrekin.

Biztanleriaren % 88arentzat kultura aniztasunak gizartea aberastu eta elkarbizitza hobetzen laguntzen du. Atzerrian jaiotakoen artean ia guztiak (% 96) bat datoz baieztapen horrekin.

Diru eta aisialdi gutxi

Landunen artean, lanarekiko asebetetze-maila 7,4 puntukoa da. % 82k dio bere lan-ingurunean baloratua sentitzen dela, baina pertzepzio hori aldatu egiten da hautemandako klase-sozialaren arabera. Gazteek 7,2 puntuko balorazioa ematen diote lanari, baina lanean ondo baloratuta sentitzen dira (8,1). Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka lortzea erronka bat da gazteentzat. Bizitza pertsonalerako geratzen zaien denbora librearekiko gogobetetasuna 6,6 puntukoa baino ez da eta % 21ek uste du bizitza profesionalak ez diola bizitza pertsonalerako denbora gehiegirik uzten.  Hala ere, langileen % 78k uste du lan-baldintzek (ordutegia, soldata, giroa eta egonkortasuna) mesede egiten diotela ongizateari.

Aurrezteko gaitasunarekiko gogobetetasuna 6,1 puntukoa baino ez da, aztertutako alderdi guztien artean baloraziorik txikiena lortu duena. 18-29 urte bitarteko gazteek adierazten dute zailtasun handiagoa dutela aurrezteko (5,8 puntu). Klase sozialak arrakala nabarmena markatzen du alderdi honetan, bere burua goi klasekotzat jotzen dutenen artean puntuazioa 7,1 puntukoa delarik eta eta behe klasekoen artean 5,5 puntukoa.

Euskaldunak, beraz, pozik daude bere bizitzarekin, osasunarekin eta harremanekin, baina ekonomia pertsonalak kezka eragiten die. Kezka hori, are garbiagoa da gazteen artean, orainaldia positiboki baloratzen duten arren, etorkizunera begira ez direlako hain baikor.



EAEko gazteen % 38k soilik uste du klima-aldaketaren aurkako borroka lehentasuna dela

Euskadiko biztanleriaren % 75ek ontzia, papera eta beira bereizten ditu eta % 55 inguruk hondakin organikoak. Gipuzkoarrak dira gehien birziklatzen dutenak: % 83 ontziak, papera eta beiraren kasuan eta % 82 hondakin organikoen kasuan.

Gazteek  batez bestekoa baino birziklatze-tasa arinki baxuagoak dituzte. 18 eta 29 urte bitartekoen artean % 66k ontziak, papera eta beira bereizten ditu, baina % 14k ez du ezer birziklatzen. Hondakin organikoen kasuan, gazteen % 47k bereizi ohi ditu.

Jasangarritasunaren inguruko eguneroko ohiturak anitzak dira. Adibidez, biztanleriaren % 49k txorrota beti edo ia beti ixten du hortzak eskuilatzen dituenean edo dutxan xaboia ematen duen bitartean. % 69k, berriz, ia beti edo gehienetan oihalezko poltsak, orgatxoak edo motxilak erabiltzen ditu erabilera bakarreko plastikozko poltsen ordez. Hala ere, % 21ek bakarrik itzaltzen ditu erabat erabiltzen ez diren gailu elektronikoak eta % 28k ez ditu inoiz edo ia inoiz itzaltzen.

Ingurumena garrantzitsua da… 

Euskal biztanleriaren  % 23k klima aldaketarekiko kezka-maila handia edo oso handia adierazten du. % 41ek uste du klima-aldaketaren kontrako ekintzak lehentasun bat izan beharko lukeela Euskadin, baina % 55arentzat lehentasun garrantzitsuagoak daude une honetan. Gazteen artean, % 18k klima aldaketarekiko kezka-maila handia edo oso handia adierazten du eta % 49k dio nahikoa kezkatuta dagoela. Adin-talde horretako % 83k uste du klima-aldaketa gizakion jardueraren ondorioa dela nagusiki edo guztiz. Hala ere, % 38k bakarrik uste du klima-aldaketaren aurkako ekintza lehentasuna izan behar duela Euskadirentzat. Gazteen % 55arentzat, une honetan, lehentasun garrantzitsuagoak daude.

… baina gero eta gutxiago

Klimaren inguruko kezkak behera egin du gizarte osoan. Horrela, beste gai batzuk lehenesten dituztenak % 45etik % 55era pasatu dira. Adinak eragin handia du pertzepzio horretan. Izan ere, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 38k klima-aldaketa lehentasunezkotzat jotzen duen bitartean, kopuru hori % 44ra igotzen da 65 urtetik gorakoen artean.

Biztanleriaren erdia prest dago zenbait ohitura aldatzeko ingurumenarekin errespetutsuago izateko, edozein dela eta horrek eskatzen duen ahalegina. Gazteen artean , % 49 prest legoke ohiturak aldatzeko edozein kasutan eta % 36 bakarrik ahalegin handiegia eskatzen ez badio. Garraio publikoa da euskal gazteek gehien erabiltzen duten garraiobidea. Erdiak (% 51) maiz erabiltzen du horrelako garraiobideren bat eta % 37k berriz, autoa edo motorra. Hala ere, gazteen % 30ak bakarrik kontuan hartzen du ingurumen-inpaktua, normalean, beti edo ia beti, erabili behar duen garraio-mota aukeratzean.