Nafarroako Gazteriaren Institutuak 2026-2027ko Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko lehiaketaren bosgarren edizioan proiektuak aurkezteko epea ireki du. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Nafarroan egoitza duten ikastetxeek, gazteekin lan egiten duten aisialdiko erakundeek eta gazte-elkarteek. Eskaerak azaroaren 3ra arte aurkez daitezke.
Institutuak, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuko erakundeak, urriaren 1ean argitaratu zuen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Oinarriek 7.000 euro bideratuko dituzte proiektu onenak saritzeko.
Lau modalitate eta kategoria berezi bat
Sariak lau modalitate nagusitan banatzen dira: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen proiektuak, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergokoak, Lanbide Heziketakoak eta irabazi-asmorik gabeko erakunde edo gazte-elkarteenak. Kategoria berezi batek edozein hezkuntza-etapatako “Parte-hartzerako eta herritartasun demokratikorako hezkuntza” arloko ekimenak sarituko ditu.
Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioak Nafarroako elkarte-sarea indartu du, eta eraginkorra izan da eskola-porrotaren eta absentismoaren aurka.
Ikastetxe, erakunde edo elkarte bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du hezkuntza-etapa bakoitzeko. LHko ikastetxeek proiektu bana aurkeztu ahal izango dute ematen duten aurrez aurreko prestakuntza-ziklo bakoitzeko. Eskaerak bide elektronikoz izapidetuko dira, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bitartez.
Eskola-absentismoari aurre egiteko metodologia
Lehiaketaren helburu nagusia mota horretako hezkuntza-proiektuen diseinua eta ezarpena sustatzea da. Metodologia honek ikaskuntza akademikoa eta ikasleen gizarte-konpromisoa uztartzen ditu.
Institutuaren arabera, Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioak Nafarroako elkarte-sarea indartu du, eta eraginkorra izan da eskola-porrotaren eta absentismoaren aurka.








