Donostiako Beldurrezko Asteak Gazte Epaimahaian izena emateko epea ireki du

Donostia Gazteriak urriaren 20ra arte jasoko ditu 18 eta 30 urte bitarteko gazteen eskaerak. Epaimahaiko kideek urriaren 30ean ikusiko dituzte hautagai diren film laburrak Antzoki Zaharrean

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Donostia Kultura
Hitz kopurua:  277
Irakurketa denbora:  Minutu bat

18 eta 30 urte bitarteko ehun gaztek erabakiko dute zein film laburrak jasoko duen Gazteriaren Saria Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean. Epaimahaikide izan nahi duenak urriaren 20ra arte eman dezake izena Donostia Gazteriaren webgunean.

Donostia Gazteriak hogeita batgarren urtez jarraian antolatu du Gazte Epaimahaia Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan. Taldeak hautagai diren film laburrak urriaren 30ean ikusiko ditu Antzoki Zaharrean, eta boto bidez erabakiko du zeinek irabaziko duen.

Online izena emateko epea urriaren 20ra arte

Izena emateko, online formularioa bete behar da Donostia Gazteriaren atarian (donostia.eus/gazteria). Parte hartzeko baldintza 18 eta 30 urte bitartekoa izatea da. 100 plaza daude.

Parte hartzeko baldintza 18 eta 30 urte bitartekoa izatea da

Plazak baino eskaera gehiago jasotzen badira, lehentasuna izango dute Donostian erroldatutako pertsonek. Beharrezkoa izanez gero, zozketa publikoa egingo da urriaren 22an. Hautatuek urriaren 26ra arte berretsi beharko dute beren parte-hartzea; hala egin ezean, hautaketa baliogabetu eta itxaron-zerrendako pertsonak sartuko dira.

Zozketaren emaitza eta hautatutako pertsonen baieztapena ere webgune horretan kudeatzen dira.

Proiekzioa urriaren 30ean, 16:00etan

Hautatutako 100 pertsonak Antzoki Zaharrean bilduko dira urriaren 30ean, 16:00etatik aurrera. Bertan, Gazteriaren Saria eskuratzeko hautagai diren film laburrak ikusi eta kide bakoitzak bere botoa emango du. Epaimahaiko bi kidek iragarriko dute sariaren irabazlea.

Gainera, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko hainbat saiotara joateko aukera izango dute parte-hartzaileek. Saio horiek urriaren 30ean jakinaraziko dira.

Gazte Epaimahaiaren deialdia

  • Nork parte har dezake: 18 eta 30 urte bitarteko pertsonek
  • Plazak: 100
  • Izen-ematea: Urriaren 1etik 20ra, Donostia Gazteriaren atarian
  • Lehentasuna eskaera gehiago izanez gero: Donostian erroldatutako pertsonek
  • Plazen zozketa: Urriaren 22an
  • Parte-hartzea berresteko epea: Urriaren 26ra arte
  • Proiekzioa eta bozketa: Urriaren 30ean, 16:00etatik aurrera, Antzoki Zaharrean
  • Harremanetarako: Donostia Gazteria, 943 48 19 09, gazteria@donostia.eus