
Irakurketa denbora: Minutu 1
Apirilaren 4tik 11ra bitartean izango den Donostiako XXII. Giza Eskubideen Zinemaldiak Gazte Epaimahairako izen-emate epea zabaldu du. Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte bitarteko ehun bat gazterekin osatuko da eta jaialdiko film labur onenaren saria emateko ardura izango du.
Interesdunek martxoaren 7ra arte eman dezakete izena jaialdiaren webgune ofizialaren bidez. Eskaeren kopurua eskainitako plazen kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da martxoaren 19an parte-hartzaileak aukeratzeko.
Gazte epaimahaia
Gazte Epaimahaian parte hartzeak ECTS kredituak lortzeko aukera ematen die Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleei. Gainera, epaimahaiko kideek doan sartu ahal izango dute jaialdiko programazio osora.
Gazte Epaimahaiko kideek apirilaren 3an Victoria Eugenia Antzokira joan beharko dute film laburren kategorian parte hartuko duten lanak ikustera. Ondoren kategoria horretako film irabazlea erabaki beharko dute. Era berean, jaialdiaren bitartean, Victoria Eugenia Antzokian 19:00etan edo 19:30ean programatutako saioen %80ra gutxienez joan beharko dute.
Film labur onenaren sariak 3.000 euroko dotazioa du eta giza eskubideen sentsibilizazio eta kalitate zinematografikoko irizpideen arabera emango da. Ekimen honen bidez, jaialdiak zinemaren bitartez giza eskubideei buruzko hausnarketan gazteriaren parte-hartzea sustatu nahi du.
Haur eta gazteentzako programazioa
Urtero bezala, Giza Eskubideen Zinemaldiak programazio berezia eskainiko die haur eta gazteei. Giza eskubideen inguruko hausnarketa lantzeko, ikastetxeei ‘Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz’, ‘Basatiak’ eta ‘Mariposas negras’ lanak ikusteko aukera eskainiko zaie. Lehenengo bi filmak euskaraz eskainiko dira.
Ikastetxeei eskainitako programazioan parte hartu nahi duten ikastetxeek martxoaren 7ra arte izango dute izena emateko aukera www.donostia.eus webgunean den inprimakiaren bidez.
Zinemaldiak filmak lantzeko gida didaktikoak prestatu ditu. Proiekzioak ikusi aurretik eta ondoren haur eta gazteak giza eskubideen inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da helburua.