Zabalik Giza Eskubideen Zinemaldiaren Gazte Epaimahaian izena emateko epea

Epaimahaia ehun gazterekin osatuko da eta talde honek Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako film laburrik onena aukeratzeko ardura izango du.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak Gazte Epaimahaian izena emateko epea ireki berri du. Aurtengoa aipatu zinemaldiaren XXI. edizioa izango da eta apirilaren 12tik 19ra bitartean egingo da.  Zinemaldiaren Gazte Epaimahaian parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteek datorren martxoaren 15era arte izango dute izena emateko aukera zabalik. Epaimahaia ehun gazterekin osatuko da eta talde honek Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako film laburrik onena aukeratzeko ardura izango du. Beharrezkoa izanez gero, martxoaren 19an zozketa egingo da izena eman duten guztien artean behin betiko epaimahaia osatzeko.

Epaimahai horren parte izateak UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleei unibertsitate-kredituak lortzeko aukera ematen die.

Gazte epaimahaia

Epaimahaikide izateko hautatuak diren gazteek Victoria Eugenia Antzokira joan beharko dute, apirilaren 11n, film labur onena aukeratzeko. Era berean, Zinemaldian zehar, gutxienez, eskaintzen diren saioen % 80ra joan beharko dute. Film labur onenaren saria, 3.000 eurokoa, giza eskubideei buruzko sentsibilizazioa eta lehian dauden lanen kalitate zinematografikoa kontuan hartuko dituen ebaluazio baten ondoren emango da. Edizio honetan hainbat herrialdetako eta nazioarteko jaialdietako gizarte arloko film laburrek hartuko dute parte.