Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaian izena emateko epea zabalik da. Apirilaren 21etik 28ra bitartean ospatuko den Giza Eskubideen Zinemaldiak bere XX. edizioa ospatuko du aurten. Gazte Epaimahaian izateko ezinbestekoa da izena ematea martxoaren 17 baino lehen. Martxoaren 20an epaimahaia osatuko duten lagunak aukeratzeko zozketa egingo da. Hautatuak diren eta itxaron zerrendan diren gazteei mezu bat bidaliko zaie posta elektronikoaren bidez.
Gazte epaimahaia 18 eta 30 urte bitarteko 150 gazte inguruk osatuko dute. Ohi bezala, epaimahaiak Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako film onena aukeratu beharko du.
Gazte Epaimahaia osatzen duten gazteek zenbait abantaila izango dituzte. Hala, kide bakoitzak sarrera bat jasoko du zinemaldiko saio bakoitzera joateko; zinemaldiko film eta jarduera paraleloei buruzko informazio guztia; diploma bat; eta ECTS ziurtagiri bat, jaialdian emandako orduak jasotzen dituena (UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateetako ikasleentzat). Diploma jaso ahal izateko ezinbestekoa da, gutxienez, emanaldien % 80ra joatea.
Deialdiaren oinarriak esteka honetan ikus daitezke.
20.000 erle espezie
Aurtengo edizioa Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendu duen ’20.000 erle espezie’ filmak inauguratuko du. Zuzendariaren lehen film luzea da hau eta arrakasta handia izan du Berlingo Zinemaldian, non Sofía Otero gaztetxoak aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabazi duen.