Zabalik Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaian izena emateko epea

18 eta 30 urte bitarteko 90 gazte inguruk osatuko dute Gazte Epaimahaia, eta Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako film laburrena hautatuko dute.

Datorren apirilaren 1etik 8ra bitartean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak eta hiriko beste zenbait eszenatokik, Giza Eskubideen Zinemaldiaren XIX. edizioa hartuko dute. Aurreko edizioetan bezala, 18 eta 30 urte bitarteko 90 gazte inguruk Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako film onena hautatuko duen Gazte Epaimahaian izateko aukera izango dute.

Gazte Epaimahaian parte hartu nahi duten gazteek martxoaren 8 baino lehen eman beharko dute izena. Martxoaren 9an, izena eman duten horien guztien artean zozketa bat egingo da. Hautatuak diren gazteen izenak zinemaldiaren web gunean argitaratuko dira. Gazte Epaimahaiko kideek, gainera, unibertsitate-kredituak lortzeko aukera izango dute. Izan ere, Gazte Epaimahaiko kide izateak eskubidea ematen die UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleei Europako Transferentzia eta Metaketa Sistemako (ECTS) kredituak lortzeko.

Epaimahaikide izateko hautatuak diren gazteek Antzoki Zaharrera joan beharko dute martxoaren 31an film labur onena aukeratzeko. Era berean, Zinemaldian zehar, gutxienez, eskaintzen diren saioen % 80ra joan beharko dute.

Haurrentzako eta gazteentzako 3 film

Bestalde, aurtengo edizioan Giza Eskubideen Zinemaldiak hiru film eskainiko ditu ikastetxeetan giza eskubideen gai lantzeko: ‘Zutik!’, ‘Tximinoen izarra’ eta ‘Maixabel’. Film horiekin batera gida didaktikoak ere izango dira ondoren ikasgeletan landu ahal izateko. Helburua da ikasle gazteak giza eskubideen inguruan sentikortzea eta kontzientziatzea. ‘Zutik!’ eta‘Tximinoen izarra’ online ikusi ahal izango dira apirilaren 4an eta 8an Zinemaldiak emango duen esteka baten bidez. ‘Maixabel’ filma, berriz, Victoria Eugenia Antzokian ikusi ahal izango da. Ikastetxeei eskaintzen zaien jarduera hori doakoa da eta ikastetxeek izena eman ahal dute zinemaldiaren web gunearen bidez martxoaren 26ra arte.

Aipatu film horietan jorratzen diren gaiak honako hauek dira: ingurumenarekiko errespetua, familia aniztasuna, justizia leheneratzailea eta terrorismoaren biktimen ordaina.

Nilofar Bayat

Aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldiko karteleko protagonista Nilofar Bayat Afganistango saskibaloi-jokalari eta aktibista da. Nilofar larriki zaurituta suertatu zen talibanek jaurtitako obus batek bere etxea jo zuenean. Eraso horretan bere anaia hil zen eta Nilofar mugikortasuna eragozten dizkioten zauriak jaso zituen.

Talibanak boteretik atera zirenean, hezkuntzaren ateak zabaldu zitzaizkion. Horri esker, ikasten hasi zen, aurrena bigarren hezkuntzan eta hurrena unibertsitatean non Zuzenbide ikasketak egin zituen.

Nilofar Bayat ezaguna egin da bere aktibismoagatik.Nazioarteko Gurutze Gorrian aritu zen lanean GKE honek Kabulen duen errehabilitazio-zentroan. Bertan, kirol-jarduera bultzatu zuen dibertsitate funtzionala duten emakumeen kolektiboaren barruan, eta horrela eratu zen gerora gurpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionala. Taldeko kapitaina zela, nazioarteko lehiaketa askotan parte hartu zuen, eta partidu ziklo berri bat prestatzen ari zirenean, erori egin zen Afganistango Gobernua, Estatu Batuek koordinatutako koalizio militar batek babestua.

Talibanak boterea berreskuratzen zutela ikusita, Bayatek Afganistan uztea erabaki zuen eta Espainiako Gobernuaren laguntzarekin Europara etorri zen. Aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duen Bidaideak elkarteak leku bat egin zion. Gaur egun, saskibaloian jokatzen du Bidaideak Bilbao BSR taldean eta beste emakume batzuekin Free Women for Afghanistan eratu du, bere herrialdean desgaitasuna duten emakume taldeekin lankidetza proiektuak garatzeko eta, batez ere, talibanen gobernuak emakume horiek eraman nahi dituen egoera salatzeko.