Orain Interneten ligatzen da

Ligatzeko aplikazioek lau milioi erabiltzaile inguru dituzte Estatuan. Horrelako aplikazioak erabiltzen dituzten gizonen kopuruak emakumeena bikoitzen du

Gero eta gehiago dira ligatzeko edo bikotekidea aurkitzeko Internet erabiltzen duten pertsonak. Espainiako audientzia digitalen neurtzaile ofiziala den GfK DAMen azken txostenaren arabera, hilero, lau milioi erabiltzaile baino gehiagok erabiltzen ditu ligatzeko webguneak eta aplikazioak.

Gehien erabiltzen diren aplikazioen artean Tinder (1.578.742 milioi erabiltzaile), Badoo (911.547) eta Grindr (484.687) daude. Azken hori bereziki gizon homosexual eta bisexualei zuzentzen zaie eta erabiltzaileen erabilera-denboraren rankingean liderra da: 8,5 ordu hilean batez beste.

Millenial gazteak dira Internet bidez gehien ligatzen dutenak

Ligatzeko aplikazio eta plataformak duela 20 bat urte inguru modan jarri ziren. Horregatik, agian, arrakasta handiagoa dute heldu gazteen artean. Izan ere, 25 eta 44 urte bitarteko 1,5 milioi pertsona inguruk horrelako plataformak erabiltzen ditu harremanak bilatzeko. Erabiltzaileen kopurua esanguratsuagoa da millenial-en artean, hots, pasa den mendearen amaieran jaiotako horien artean. Z Belaunaldiko gazteen eta biztanleriaren adin-segmentu zaharrenen artean, berriz, aplikazio horiek ez dute hainbesteko arrakasta.

Erabilera-denborari dagokionez, 25 eta 34 urte bitarteko gazteek, batez beste, hilean, 4 ordu eta 35 minutu ematen dute horrelako plataformetan. 35 eta 44 urte bitartekoek denbora gehiago ematen dute: 5 ordu eta 12 minutu.

Gizon gehiago

GfK DAMek alde nabarmenak aurkitu ditu aplikazioetan erregistratutako erabiltzaileen generoari dagokionez. Gizonen erabiltzaile kopurua (2.833.371) emakumeena (1.220.469) halako bi baino gehiago da. Gizonek, gainera, emakumeek baino askoz denbora gehiago ematen dute horrelako plataformetan: 4 ordu eta 33 minutu eta 2 ordu eta erdi, hurrenez hurren.

Bestalde, txostenaren arabera, funtzionarioak omen dira aktiboenak dating plataformetan. GfK DAMen kalkuluen arabera, hilero, 407.000 funtzionario inguru sartzen dira plataforma horietan. Ondoren, turismoan, ostalaritzan eta merkataritzan diharduten pertsonak aurkituko lirateke, hilean 345.000 erabiltzaile baino gehiagorekin, eta salmentetako profesionalak, 324.000 erabiltzaile baino gehiagorekin.

Erabilera-denborari dagokionez, osasunarekin eta edertasunarekin harremana duten lanbideak dira hilean Internet bidez ligatzeko plataformetan denbora gehien ematen dutenak: batez beste, 5 ordu eta 14 minutu.

Nafarrek oso gustuko dute ligatzeko modu hau

GfK DAMek agerian utzi duenez, Estatuan diren kontsumo digitalak oso heterogeneoak dira eta ligatzeko plataformetan ematen diren erabilera-denborak oso desberdinak dira autonomia erkidegoen baitan. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da nafarrak direla dating plataformetan denbora gehien ematen dutenak: 6 ordu eta 13 minutu hilean. Bigarren postuan Kanariar Uharteetako erabiltzaileak aurkituko lirateke 5 ordu eta eta 25 minuturekin.

Murtzia, Balear Uharteak eta Madril dira hitzorduen webgune eta aplikazioen erabiltzaile gehien dituzten erkidegoak. Beste muturrean, Gaztela eta Leon aurkitzen da.