Gure artean gehien erabiltzen den berehalako mezularitzako aplikazioa den WhatsApp-ek aldaketa esanguratsu bat egin beharko du bere funtzionamenduan. Izan ere, Europako legediak behartuta, mezularitza aplikazio arrakastatsuak interoperabilitatea edo elkareragingarritasuna barneratu beharko du. Horri esker erabiltzaileek WhatsApp bidez jasotako mezuak irakurri eta, adibidez, Telegram bezalako aplikazioetan partekatzeko aukera izango dute aplikaziotik atera behar izan gabe. Aldaketa Metaren mezularitza-aplikazioak duen muturretik muturrerako zifratzea hautsi gabe gauzatu beharko da.
Europako Merkatu Digitalen Legeak behartzen ditu Europako mezularitza-plataforma handienak, hala nola WhatsApp edo Messenger, beren sareak hirugarrenen aplikazioetara irekitzera. Messenger, Instagram eta WhatsApp beren funtzionamendua egokitu beharko duten plataformen zerrendan daude, europar legeak ezartzen duen hileko erabiltzaile aktiboen gutxieneko kopuruen baldintzak betetzen dituztelako.
Interoperabilitateari esker, printzipioz, mezularitza-aplikazio desberdinetako bi erabiltzailek testu-mezuak, argazkiak eta ahots- eta bideo-oharrak partekatzeko aukera izango dute. Aurrerago horrelako aplikazioek dituzten dei eta bideo-dei funtzioak ere gehituko dira.
Hirugarrenen txat-a
Beste aplikazio batzuetatik WhatsAppera iristen diren mezuak ez dira beste whatsapp mezuekin batera azalduko. Mezu horiek “Hirugarrenen txata” izeneko beste atal batera iritsiko dira. Helmugako aplikazioarekin elkarreragin ahal izateko, mezularitzako beste aplikazioek akordio bat sinatu eta baldintzak onartu beharko dituzte.
Funtzionalitate berri horrek 2024ko martxoa baino lehen egon beharko du martxan. Bestela, Metari ezarritako isuna enpresak mundu osoan duen negozio-bolumen osoaren % 10 izango da. Kopuru hori % 20ra igoko da enpresa berean mantentzen bada.