2023. urteko datuen arabera, bideojokoen sektoreak zinemaren eta musikaren industriak batera baino gehiago fakturatu zuen. Hortaz, aisialdi esparruan nagusi den industria bilakatu dela esan liteke?
Grand Theft Auto bezalako joko handiek film batek baino askoz diru gehiago sortzen dute. Beste kontu bat da diru hori guztia nora joaten den edo nork irabazten duen. Izan ere, gaur egun, bideojokoen sektorean lan egiten duten garatzaile, informatikari eta artisten lan-egoera ez da oso ona eta azken hilabeteetan milaka kaleratze izan dira sektorean. Kontua da pandemia garaian bideojokoen sektoreak izugarrizko gorakada izan zuela, etxetik irten ezin zirenez, jende asko bideojokoetan jokatzen hasi baitzen. Gorakada horri esker kontratazioek ere gora egin zuten, batez ere enpresa handietan. Esan liteke bideojokoaren industria, salmentei dagokienez, inoiz baino hobeto dagoela, baina pandemia garaiko burbuila horrek eztanda egin du eta, ondorioz, sektorea berregituratzen ari da. Horrek esan nahi du proiektu eta estudio pila ixten ari direla eta milaka kaleratze izan direla. Zenbait iturriren arabera, kaleratutako horien ehuneko handi bat beste estudioetan kokatu omen da, baina sektorea indartsu dagoen arren, langileentzat ez da une goxoa eta kaleratze gehiago izango direla aurreikusten da.
Nolakoa da sektorearen egoera Hego Euskal Herrian?
EAEn sektorea gora egiten ari dela ikusten ari gara, batez ere Bilbo inguruan. Gipuzkoan eta Araban hazkundea motelagoa da. Gorakada hori, nolabait, bideojokoen ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeen lanaren ondorio dela esan daiteke. Horien artean, lehenengoa DigiPen izan zen eta ondoren etorri dira Erandioko Tartanga eta Bilboko Harrobia. Gasteizen EUNEIZek bideojokoen inguruko gradu pare bat edo eskaintzen ditu eta, Nafarroan, bada zentro oso potente bat, CreaNavarra.
Euskal garatzaile eta sortzaileen ehuna nabarmen hazi da. Egia da sektoreak nahiko pisu gutxi duela, baina azken urteetan nabarmen hazi dela azpimarratu beharko litzateke.
Horiez gain, bideojokoen inguruan trebatzeko ikastaro ‘txikien’ eskaintza ere nabarmen hazi dela ikusi dugu, online zein presentzialak.
Hortaz, euskal garatzaile eta sortzaileen ehuna nabarmen hazi da. Egia da sektoreak nahiko pisu gutxi duela, baina azken urteetan nabarmen hazi dela azpimarratu beharko litzateke. Izan ere, duela hamar urte eskas estudio pare bat baino ez ziren izango gure artean. Gaur egun, berriz, estudio gehiago daude, txikiak, baina ehuna haziz doa. Hazkunde horretan, uste dut garrantzi handia izan duela ‘serious games’ delakoak garatzetik ‘fun games’ak garatzera pasatzeak. Izan ere, sektoreak Euskadin egin zituen lehen urratsak nagusiki hezkuntza sektoreari zuzendutako jokoetara bideratuta zeuden. Orain, berriz, joko ‘normalak’ garatzen dira.
Zer behar du euskal bideojokoen sektoreak aurrera egiteko?
Laguntza edo babes gehiago beharko luke erakundeen aldetik. Kontuan hartu behar dugu bideojoko bat egiteko denbora eta diru asko behar dela; zerotik hastea ez da batere erraza. Azaldu dudan moduan, une honetan bideojokoen sektorerako Euskal Herrian den formakuntza eskaintza oso potentea da, baina bertan lan egiteko aukerak urriagoak dira eta askok kanpora joan behar izaten dute, Estatuko beste hiri batzuetara edo beste herrialde batzuetara. Antolatzen dugun Jokoteknia jardunaldietan aipatu ditudan zentroetako hainbat ikaslerekin izateko aukera dugu eta Euskal Herrian geratzeko aukera izatekotan gustura geratuko liratekeela diote.
Maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin ia gazte gehienak bideojokoetan aritzen dira. Zer nolako eragina du horrek haien arteko harremanetan?
Gazteek espazio seguru bat aurkitu dute bideojokoetan; lagunekin egoteko aukera ematen die eta jokoa oso konpetitiboa ez bada behintzat, harremanetan lasai egoteko aukera ere ematen die. Adibidez, Minecraft jokoan lagunekin modu lasaian egon daitezke. Fortnite bezalako jokoetan berriz, lehiakorragoak direnez, harremana bestelakoa da.
Egia da mundu digital hori nabarmen zabaldu dela eta mundu erreala ere, neurri batean baldintzatzen duela. Gaztetxoak, adibidez, nahiz eta elkarrekin egon kalean, sarritan telefonoarekin izaten dira. Ez da erraza hori guztia kudeatzea eta, horregatik, hain zuzen ere, Game Erauntsian gurasoentzako gida bat prestatu dugu.
Nola eragingo du Adimen Artifizialaren garapenak sektorean?
Jada hasi gara ikusten teknologia horren erabilera sektorean. Horietako erabilera batzuk oso interesgarriak dira, jokoen alderdi teknikoari eragiten dietelako, hala nola, irudien karga arintzeko, inguruneak sortzeko, etab. Printzipioz, teknologia hori lagungarri izango daitekeela uste dut. Egia da hainbat sektoretan AA langileentzako mehatxu gisa ikusten dela, baina kasu honetan ez dut uste oraindik gizakiak ordezkatzeko bezain garatuta dagoenik. Adibidez, aipatu ditudan kaleratze horiek ez dira teknologia horren ezarpenaren ondorioa, sektorea berregituratu beharraren ondorioa baizik.
Euskaraz egindako bideojokoetan gorakada nabarmena izan da. Zenbait kasutan garatzaileek propio euskara barneratu dutelako eta, beste zenbait kasutan, modu ez ofizialean, jokalari euskaldunon komunitateak, Game Erauntsia elkarteko kideak tarte, joko horiek euskaratu dituelako.
Etorkizunera begira? Batek daki. Teknologia horren garapenaren baitan egongo da. Garbi dago sektorea teknologia horretaz baliatuko dela eta aldaketaren bat izango dela.
Bideojokoen erabileraren hazkunde horrek mesede egiten al die euskara bezalako hizkuntza gutxituei?
Une honetan, argi eta garbi, ez. Euskaraz dagoen eskaintza oso urria da eta joko nagusietan eskaintza ia hutsaren hurrengoa da. Ondorioz, euskal jokalariok erdaraz jokatu behar izaten dugu. Ez hori bakarrik, erdaraz jolastean, lagunekin erdaraz komunikatzen zara eta erdarazko berariazko terminologia garatzen da. Euskara, beste hizkuntza minorizatuak bezala, esparru horretatik kanpo geratzen ari da.
Zorionez, nik bai azpimarratu nahiko nuke euskarazko bideojokoen inguruan aldaketa bat izan dela. Izan ere, euskaraz egindako bideojokoetan gorakada nabarmena izan da. Zenbait kasutan garatzaileek propio euskara barneratu dutelako eta, beste zenbait kasutan, modu ez ofizialean, jokalari euskaldunon komunitateak, Game Erauntsia elkarteko kideak tarte, joko horiek euskaratu dituelako.
Bideojoko nagusiak euskaraz ere izatea diru kontua al da? Estudio handiek zein nolako jarrera izaten dute hizkuntza gutxituekiko?
Nahiz eta aldagai hori ere hor egon, ez da diru kontua bakarrik, gauza gehiago daude atzean. Kontuan izan behar da joko bat plataformetan merkaturatu ahal izateko, bai ala bai, ingelesez egon behar dela. Hortik aurrera garatzaileen erabakia da beste hizkuntzatan ere ateratzea. Kasu horretan, hizkuntza handien aldeko apustua egiten da: japoniera, frantsesa, gaztelania, italiera, alemaniera, etab. Jokoak hizkuntza batera egokitzea ez da beti gauza erraza. Jokoaren baitan, testu pila itzuli behar izaten da eta ahotsak baldin badaude, zer esanik ez. Gainera, eguneraketak badira, testu horiek guztiak berriz itzuli behar dira. Denbora eta baliabide asko behar dira bideojoko bat hizkuntza zehatz batera egokitzeko. Hortaz, diruaz aparte, jokoa behar bezala aterako denaren konpromisoa ere hor da, eta konpainia handiei, etekinak lortzea helburu izaten dutenez, jokoak hizkuntza gutxituetara egokitzea ez die merezi.
Game Erauntsiako kideek hainbat joko euskaratu dituzue. Nola sortu zen elkartea eta, jokoak euskaratzeaz gain, zein nolako lana egiten duzue?
Game Erauntsia 2014. urtean sortu zen, hasieran lagun talde moduan eta, ondoren jada elkarte bezala 2016. urtean egituratu ginen. Bideojokoen alorrean euskararentzat tarterik ez zela ikusita, bideojokoekiko zaletasuna eta euskara uztartzeko helburuarekin hasi ginen lanean. Hasieran, modu askoz xumeago batean, partidak eta txapelketak antolatuta. Ondoren, bloga sortu genuen zaletasun hau euskaraz partekatzeko. Horrela, nahiz eta jokoak erdaraz egon, guk horien inguruan euskaraz aritzeko aukera ere eman nahi genuen. Urteak aurrera egin ahala elkarteak kide gehiago erakarri zituen eta jokoak euskaraz egotea ere garrantzitsua zela ikusi genuen. Zergatik ez dira euskaraz izango Mario edo Zelda bezalako jokoak? Eta hor hasi ginen, apurka jokoak euskaratzen eta euskal garatzaileekin harremanetan jartzen jokoak euskaraz ere garatzeko. Azken 2-3 urtetan lan itzela egin da eta euskaraz dagoen bideojokoen eskaintza nabarmen hazi da.