Durangoko Azokak Euskal Herrian kultura sortzen dutenak nabarmenduko ditu 2026an

Azokaren 61. edizioa abenduaren 4tik 8ra ospatuko da, kultura-sorkuntzaren atzean dauden tresnei eta lanari eskainitako irudi-unibertso batekin

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Durangoko Azoka
Hitz kopurua:  211
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Durangoko Azokak 61. edizioa egingo du 2026ko abenduaren 4tik 8ra, sortzaileen lana nabarmentzeko eta euskal kultura publiko berrietara hurbiltzeko helburuarekin. Azokak liburuak, diskoak, irudiak, hitzak, doinuak eta ideiak bilduko ditu Durangon, euskararen eta Euskal Herriko kulturaren inguruan.

Gerediaga Elkarteak DA! Kulturaren Jaialdia leloari eutsi dio edizio honetarako. Horrela, azokaren jaialdi-izaera aldarrikatzen du antolakuntzak; izan ere, hainbat diziplina biltzen ditu, sortzaileak eta publikoa harremanetan jartzen ditu, eta euskarazko kultura bultzatzen laguntzen du.

Publiko berriak aurkitzeko azoka

Antolakuntzak sorkuntza bakoitzaren atzean dagoen lana aitortu nahi du, eta euskal kulturara hurbiltzen ari direnei haren aniztasuna ezagutzeko aukera erraztu nahi die. “Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere”, azaldu du Beñat Gaztelurrutiak.

Sorkuntza irudikatzeko objektuak

Edizio honetako unibertso bisuala Andoni Beristain Zumarragako diseinatzaile, argazkilari eta arte-zuzendariak sortu du. Bere proposamenak hainbat kultura-diziplinarekin lotutako tresnak dituzten bodegoiak erabiltzen ditu, hala nola irratiko mikrofono bat, pintura-paleta bat, kamera analogiko bat, idazmakina bat, walkman bat eta kasete bat.

“Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere”. Beñat Gaztelurrutia

Beristainek sorkuntza-modu horien eta objektu horien balioa aldarrikatu nahi izan du, teknologia berrien aurrerapenaren gainetik oraindik ere presente baitaude. Proposamenak, halaber, Durangoko Azokaren kultura-aniztasunaren atzean giza lana eta sormena daudela erakutsi nahi du.