60. Durangoko Azokak ekitaldi eta nobedade ugari izango ditu

  Egilea: Jon Mikel zabalegi
  Argazkia: Durangoko Azoka
  Hitz kopurua: 443
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Durangoko Azokaren 60. edizioa abenduaren 5etik 8ra bitartean izango da inoiz baino ekitaldi eta nobedade gehiagorekin. Azken urteetan Azoka hartu duen Landako Gunean, guztira, 285 erakusmahai izango dira. Edizio honetan mila nobedade baino gehiago aukeztuko dira, 1026, hain zuzen ere. Horietatik guztietatik, 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak (fanzineak, audioliburuak, podcastak…) izango dira. Lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira.

Ibilbidea ardatz

Aurtengoa data borobila izan arren, antolatzaileek azaldu dutenez, arreta urte hauetan guztietan egindako ibilbidean jarriko da. “Urteurren seinalatu honetan ere, ospakizun handietan indarra galdu ordez, honaino ekarri gaituen egiteko moduari eutsi eta berrikuntza batzuk txertatuko dizkiogu Azokari, egokitzen eta hobetzen jarraitzeko asmoarekin” azaldu du Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak.



Aurtengo edizioak bi nobedade nagusi izango ditu. Alde batetik, urtero aldatu izan ohi den leloaren dinamika alde batera utzi eta etorkizunean errepikatu den lelo bat aukeratu da: Kulturaren Jaialdia

IRUDITERI OSO BAT.  Iratxe Reparazek sortu du aurtengo Durangoko Azokako iruditegia eta abenduaren 6an, Atartea Ilustratzaileen Gunean egongo da hitzaldia ematen.  

Bestetik, Azoka itxi eta gero hainbat ekitaldi izango direla iragarri da, hala nola, gauetako kontzertuak, ikuskizunak eta zinema. 

Egitarau berezia gazteentzat

Ohi bezala, zenbait egunetan egitarau bereziak izango dira Azokaren barruan. Adibidez, abenduaren 5ean, Azokari hasiera emateko, Ikaslearen Goiza izango da. Ateak bisitari guztientzat zabalik izango diren arren, goiz horretan egitarau berezia izango da ikasleentzat.



Abenduaren 6an ere programazio berezia izango da gazteei zuzenduta. Gazte Eztanda lelopean, hainbat jarduera programatu dira egunean zehar eta gauean, Naxker eta Mirua taldeen kontzertua izango da Plateruenean.

Elkartasuna Palestinarekin

Edizio berezi honetan antolatzaileek oso presente izan nahi izan dute Palestinako herria. Hortaz, Palestinak bizi duen genozidioa salatzeko abenduaren 7an geldialdia egingo da eta elkarretaratze kulturala egingo dute Landako Plazan. “Bai prestaketan zein azokako egun guztietan genozidioa behin-betiko gelditzeko deia luzatuko dugu” azaldu dute antolatzaileek.