Indarkeria matxistari lotutako delituak % 11 igo dira Euskadin

Ertzaintzak 6.646 delitu erregistratu ditu 2026ko urtarriletik urrira bitartean; biktimak, aldiz, 5.247 emakume izan dira, % 0,86 gehiago. Gainera, 6.917 emakumek poliziaren babesa jasotzen dute

Egilea:  lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  327
Irakurketa denbora:  Bi minutu

Ertzaintzak emakumeen aurkako indarkeriari lotutako 6.646 delitu erregistratu ditu 2026ko urtarriletik urrira bitartean, 2025eko aldi berean baino % 11,23 gehiago. Kasuek gora egin dute hiru lurralde historikoetan, eta Bizkaiak biltzen ditu delitu nahiz biktima gehien.

Biktimak 5.247 emakume dira, % 0,86 gehiago 2024ko aldi berarekin alderatuta. Delituen igoerarekiko aldea ulertzeko, kontuan hartu behar da zifrek salaketak jasotzen dituztela, eta ez emakumeak; izan ere, ohikoa da emakume berak delitu bat baino gehiago salatzea. Biktimetatik 2.962 espainiarrak dira eta 2.292 atzerritarrak, horietatik 1.621, latinoamerikarrak.

Bikotekidea edo bikotekide ohia, 4.781 kasuren jatorria

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria da gehien salatzen dena, 4.781 kasurekin, % 11,11 gehiago. Ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira nagusi, eta, ondoren, mehatxuak, hertsapenak eta jazarpena.

Etxeko indarkeriak, bikotekidea kontuan hartu gabe, 1.205 kasu bildu ditu, 2025eko 1.023 kasuen aldean. Sexu-askatasunaren aurkako delituak 649tik 660ra igo dira, % 1,69 gehiago. Sexu-erasoak, 388 guztira, % 4,90 jaitsi dira, baina larrienak 126tik 155era igo dira.

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria da gehien salatzen dena, 4.781 kasurekin, % 11,11 gehiago.

Urtarriletik urrira bitartean ez da hilketa dolosorik erregistratu; hala ere, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeen aurka hilketa dolosoa edo erailketa egiteko lau saiakera izan dira.

6.917 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa

Ertzaintzak lau mailatan ebaluatzen du emakume bakoitzaren arriskua (oinarrizkoa, ertaina, altua eta berezia), eta emaitzaren arabera esleitzen ditu babes-neurriak. Babesa jasotzen duten 6.917 emakumeetatik, 4.195ek agindu judizial baten bidez dute, eta gainerakoek polizia-protokoloen bidez.

Hogeita bederatzi emakumek, 13k Bizkaian, 11k Gipuzkoan eta 5ek Araban, etengabeko edo aldizkako eskolta dute, eta 277k kontrazaintza-neurriak dituzte. Beste 158 emakumek Bortxa aplikazioa edo telefonoa dute eskura. Gainera, 189 gizonek kokapen-eskumuturrekoa daramate agindu judizial baten bidez ezarrita.

Ertzaintzaren babes-neurriak

  • Babestutako emakumeak: 6.917 (4.195 agindu judizial baten bidez)
  • Etengabeko edo aldizkako eskolta: 29 emakume (13 Bizkaian, 11 Gipuzkoan, 5 Araban)
  • Kontrazaintza: 277 emakume (158 Bizkaian, 75 Gipuzkoan, 44 Araban)
  • Bortxa aplikazioa edo telefonoa: 158 emakume (51 Bizkaian, 45 Gipuzkoan, 62 Araban)
  • Kokapen-eskumuturrekoak: 189 gizon (69 Bizkaian, 74 Gipuzkoa, 46 Araba)
  • Arrisku-mailak: oinarrizkoa, ertaina, altua eta berezia