Ukipen-pantaila duen arropa

Singapurreko Unibertsitate Nazionaleko ikertzaileek 54 zuntz elektroniko txertatu dituzte jantzi baten mahukan, irudiak erakusten dituena eta hatza detektatzen duena. Prototipoak 50 garbiketa baino gehiago jasan ditu, baina oraindik ez du salmenta-datarik.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  NUS Singapore
Hitz kopurua:  265
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Singapurreko Unibertsitate Nazionaleko ikertzaileek ukipen-pantaila duen arropa sortu dute: jantzi baten mahuka, hariak erabiliz argazkiak erakusten, bideoak erreproduzitzen eta kalkulagailu gisa funtzionatzen duena, eta hatzaren ukimenari erantzuten diona, inongo panel zurrunik gehitu gabe. Nature aldizkarian aurkeztutako prototipoak 50 garbiketa-ziklo jasan ditu garbigailuan, baina oraindik ez du merkaturatzeko datarik.

Mahukak 54 zuntz elektroniko ditu. Horietako bakoitzak argia igortzen duten 96 diodo (LED) eta presioarekiko sentikorra den geruza bat ditu. Elkarrekin, 96 bider 54 pixeleko eta 16,8 bider 10,5 zentimetroko pantaila bat osatzen dute besaurrean.

Ehuna ukitzean, geruzak zirkuitu elektrikoan gertatzen den aldaketa detektatzen du, eta mahukak dagokion pixela pizten du, telefono mugikor batek bezala, baina bereizmen txikiagoarekin.

Bideoa, kalkulagailua eta iparrorratza

Pantailak bideoak erreproduzitzen ditu segundoko 30 irudiko abiaduran, argazkiak erakusten ditu eta kalkulagailu bat erabiltzeko aukera ematen du. Horrez gain, jantziak mikrofonoa, bozgorailua, eta mugimenduaren, argiaren eta tenperaturaren sentsoreak ditu. Irudiak Bluetooth bidez jasotzen ditu, ahots-aginduei erantzuten die eta iparrorratz gisa funtzionatzen du.

Mahukaren argi-igorpena eta ukimen-erantzuna ia ez ziren aldatu detergentearekin eta garbigailuan egindako 50 garbiketaren ondoren.

Ikerketa-taldearentzat, erronkarik handiena zuntzak fabrikatzea izan zen. Tural Khudiyev buru duen taldeak 5.000 txip baino gehiago txertatu zituen milimetro bateko lodierako harietan.

50 garbiketa baino gehiago jasaten ditu

Ehunak, gainera, kotoiaren, poliesterraren eta ehun bakeroaren pareko transpiragarritasuna du. Proba horiek, ordea, ez dute bermatzen jantziak urteetako erabilera jasango duenik: ehunka garbiketaren ondoren nola jokatzen duen eta osagaiek zenbat irauten duten egiaztatu behar da oraindik.

Taldea bereizmena hobetzeko eta sentsore gehiago nahiz adimen artifiziala txertatzeko lanean ari da. Ikertzaileen arabera, osasunaren arloa izan daiteke aplikaziorik itxaropentsuena, baina prototipoa ez da gailu mediko bat, eta ez du gaixotasunik diagnostikatzen.