Mintzalaguna, astean ordubete euskaraz aritzeko

Donostiako Bagera elkarteak urriaren 18ra arte zabalik du Mintzalaguna euskara praktikatzeko programan izena emateko epea. Urritik ekainera bitarteko kuota 30 eurokoa da

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Bagera Elkartea
Hitz kopurua:  195
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Donostiako Bagera elkarteak zabalik du Mintzalaguna ekimenean izena emateko epea, euskara praktikatzeko programan. Epea urriaren 18an amaituko da Bageraren webgunean, eta urriaren 16an elkartearen egoitzan bertan.

Mintzalaguna ekimenak euskaraz hitz egin nahi duten pertsonak biltzen ditu, astean ordubetez boluntario batekin praktikatzeko. Saioak ez dira kafetegi batean solastatzera soilik mugatzen: taldeek hirian zehar paseatu, mendira irten, bizikletan ibili edo antzerkira joan daitezke.

B1 maila praktikatzeko

Praktikatu nahi duenak gutxienez B1 maila gainditua izan behar du. Boluntario gisa lagundu nahi duenak ez du inolako titulaziorik behar: nahikoa du euskaraz hitz egiteko ohitura izatea. Aurtengo edizioaren leloa “Eman aukera elkarri” da.

Mintzalagunaren helburua euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko aukera ematea da

Urriaren eta ekainaren artean parte hartzen dutenek 30 euro ordainduko dituzte, prezio sinbolikoa, Donostiako Udalak Bagerari egiten dion ekarpen ekonomikoari esker.

Helburua: % 15,3tik % 20ra igotzea

Taupa mugimendu euskaltzaleak eta Euskalgintzaren Kontseiluko gainerako erakundeek euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra igotzeko erronka finkatu dute.

Mintzapraktika egitasmoen bidez, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta ohiturarik ez dutenak elkarrekin harremanetan jartzen dira. Programa honen helburu nagusia euskaltegitik kanpo euskara praktikatzeko aukera ematea da.

Izena Bageraren egoitzan bertan (Hernani kalea 15, behean) eman daiteke urriaren 16ra arte, edota Bageraren webgunean urriaren 18ra arte.