Aitor Pinedo-Jauregi: “Klima-aldaketak bete-betean jo du kirola”

Aitor Pinedo-Jauregi EHUko irakasle laguntzaile doktorea, Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailean. 2022tik aurrera Jarduera Fisiko eta Kirol Zientzien Graduan ematen ditu klaseak. Ikerketari begira GIKAFIT eta AKTIBOKI ikerketa taldeen kidea da.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  JMZ
Hitz kopurua:  1.011
Irakurketa denbora:  Bost minutu

Azken urteotan asko hitz egin dugu klima-aldaketak nekazaritzan, osasunean edo energian duen eraginaz, baina gutxiago kirolean duenaz. Nola ari da klima-aldaketa dagoeneko eragiten kirolaren praktikan?

Horren inguruko hausnarketa sakona egin dugu Iñaki Llodio irakasleak eta biok idatzitako liburu baten kapitulu batean, zeina EHUko liburutegian eskuragarri baitago. Baina, idatzitakoetatik harago, norberaren ohiturei begiratzea besterik ez dago aldaketaz jabetzeko. Nire kasuan, astean zehar eskalatzera joaten naiz, bizikletan ibiltzen naiz eta korrika egiten dut. Nire ohiko ordutegia 16:00etatik 18:00etara izaten da. Ekainean eta uztailean izandako bero-boladen ondorioz, ordea, jarduera nabarmen murriztu behar izan dut, tenperatura altuengatik nire ordutegia eta kirola bateraezinak zirelako.

Mundu mailan ere arazo honetaz jabetzen ari gara Frantziako Tourrean edota Futboleko Munduko Txapelketan izandako oihartzunagatik. Maila lokalean, berriz, alarma gorriek Kosta Traila bertan behera uztera behartu zuten. Klima-aldaketak bete-betean jo du kirola, eta beroa ez da arazo bakarra: euriteak eta haize urakanatuak gero eta maizago gertatzen dira. Horrek esparru guztiei eragiten die. Kirolariek egoera berrietara egokitu behar dute, eta antolatzaileek tresnak ezarri behar dituzte probak aldatzeko edo bertan behera uzteko, ikusleen zein parte-hartzaileen osasuna bermatzeko. Azken finean, osasunarekin jokatzen ari gara, eta bero-bolada bat gaizki kudeatzeak ondorio larriak izan ditzake.

Gutxiesten al da klima-aldaketak hurrengo hamarkadetan kirolean izango duen eragina?

Bai, nire ikuspuntutik, herritar gehienok klima-aldaketari ematen diogun garrantzi eskasaren beste isla bat besterik ez da. Autokritika egitearren, klima-aldaketa errealitate bat dela badakigun arren, ezer gutxi egiten dugu horri aurre egiteko; aldaketara egokitzea erabaki dugu, egoera larriagoa ez bihurtzen saiatzea baino. Dena dela, ziur nago jarduera fisikoa eta kirola goitik behera aldatuko direla. Epe laburrean lehiaketen ordutegi eta daten aldaketetan ikusiko dugu hori, eta epe ertainean herritarren kirol-ohituretan islatuko da.

Zein dira gaur egun klima-aldaketaren ondorioekiko zaurgarrienak diren kirolak, eta zergatik?

Zaila da zehaztea zein izango diren kaltetuenak, baina aire zabaleko kirol eta jarduera fisiko orok pairatuko dituzte ondorioak. Erantzun zehatzago bat emateko, kirol bakoitzaren berariazko azterketa egin beharko litzateke, ingurunea eta egutegiak kontuan hartuta.

“Klima-aldaketa errealitate bat dela badakigun arren, ezer gutxi egiten dugu horri aurre egiteko; aldaketara egokitzea erabaki dugu, egoera larriagoa ez bihurtzen saiatzea baino”

Egia da hotza behar duten kirolek, eskiak adibidez, aipamen berezia merezi dutela: tenperaturak igotzean, elurra gaur egun neguko azpiegiturarik ez dagoen lekuetan bakarrik aurkituko dugu. Baina horrek ez du esan nahi instalazio itxietako kirolak libratuko direnik. Nire ustez, udal-kiroldegi asko kirol-praktikarako kaltegarriak diren ingurune bihur daitezke bero-boladetan, gomendatutako tenperaturak nabarmen gaindituko baitituzte. Kasu horietan, egokitzapena espazio horiek girotzeko behar den inbertsio ekonomikora mugatzen da.

Nola eragiten diete muturreko beroak eta bestelako fenomeno meteorologiko kaltegarriek kirolarien errendimenduari eta osasunari?

Galdera horren erantzuna, nire ikasleei esaten diedan bezala, “segun eta” da. Kirol motaren eta fenomeno meteorologikoaren arabera egin behar da analisia. Muturreko beroari dagokionez, kontuan izan behar dugu inguruko tenperaturak gure termorregulazio-sistema kaltetzen duela. Jarduera fisikoa egitean, prozesu fisiologiko konplexuek beroa askatzen dute gure barnean. Gizakiok gorputz-tenperatura tarte estu batean funtzionatzen dugu ondo (36-37,9 ºC), eta muga horiek gainditzean hipertermia egoeran sartzen gara.

Gehiegizko tenperaturak errendimenduaren galera dakar ezinbestean. Gainera, gure hozte-sistemak ezin badio tenperaturari eutsi, osasun-arazo larriak agertuko dira. Gorputzaren tenperatura 40 ºC-ra heltzen bada, eta epe laburrean jaisten ez bada, hiltzeko arriskua dago. Horregatik, beti egin behar zaie kasu instituzio publikoen gomendioei; ez dira adierazten adierazteagatik, eta aintzat ez hartzeak gure osasuna arriskuan jartzen du.

Egokitzen ari al dira entrenamendu-sistemak eta kirol-protokoloak klima-baldintza berri horietara?

Bai, noski. Kirolariek eta haiekin lan egiten duten profesionalek, adibidez Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Hezitzaileek, esperientzia handia dute egokitzapenak egiten, kirola bera egoera berrietara egokitzea baita. Epe laburreko konponketak ikusten ari gara dagoeneko Tourrean edo Futboleko Mundu Txapelketan: hozte-sistemak, izotz-txalekoak edo hidratazio-planifikazio zorrotzak. Epe luzerako egokitzapenak ere lantzen ari dira, hala nola beroarekin entrenatzea gorputzaren hozte-sistema propioa hobetzeko. Baina gogoratu behar da, egokitzapen horiek seguruak izan daitezen, entrenamenduek beti egon behar dutela profesional baten gainbegirapean.

Zer irizpide jarraitu beharko lituzkete antolatzaileek lehiaketa bat egin daitekeen ala ez erabakitzeko? Kirol-egutegiak etengabe aldatuko direla uste duzu?

Lehenik eta behin, antolatzaileek Segurtasun Sailaren oharrei erreparatu behar diete, badakigulako alerta laranjatik gora ezin dela kirol-probarik egin. Bestetik, alertarik egon ez arren, zentsuz jokatu behar da. Nazioarteko federazioek protokolo propioak dituzte, baina proba txikiek askotan ez dute neurketa teknikoak egiteko edo interpretatzeko baliabiderik.

Garrantzitsuena da erabakiak parte-hartzaileen zein boluntarioen osasuna bermatzeko hartzea, eta ez soilik errendimenduari begira. Ondorioz, egutegiak aldatu egingo dira. Klima-aldaketak muturreko gertakari bortitzak eragiten dituenez, probak egun batetik bestera bertan behera geratzea dakar, eta, zoritxarrez, urte gutxiren buruan hau normaltzat hartuko dugu.

Kirol-ekitaldi batzuk desagertzeko edo beste data edo leku batzuetara aldatu behar izateko arriskua al dago?

Bai, proba batzuk dataz aldatuko dira eta beste batzuk desagertu egingo dira antolatzeko zailtasunengatik. Esaterako, mendiko eskirik ezagunenetako batzuk, Bandres Karolo edo Regil zeharkaldia kasu (Nafarroako Pirinioetan eta Europako Mendietan egiten direnak), arriskuan daude elur faltagatik azken urteetan askotan bertan behera geratu ostean. Ez litzateke harritzekoa izango desagertzea edo tokiz aldatu behar izatea.

Baina hausnarketa sakonagoa egin behar dugu: kirol-ekitaldi handiak ez dira soilik klima-aldaketara egokitu behar, haren aurka borrokatu behar dute, txapelketa handiak baitira aldaketa hori eragiten duten kutsatzaile nagusietako batzuk.

Klima-aldaketak jarduera fisikoan duen eraginari dagokionez, zer-nolako ondorio zehatz ikusten dituzu dagoeneko Euskadin?

Oso zaila da diziplina zehatzak aipatzea, baina neguko kirolak izango dira kaltetuenak. Euskadin bizi garenok kanpora joan behar dugu modalitate hauek praktikatzeko, eta egoerak okerrera egin ahala, zailtasun gehiago izango ditugu. Ondorioz, biztanleriaren kirol-ohiturak pixkanaka aldatuko dira. Gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute klima-aldaketak arriskuan jartzen dituen kiroletan parte-hartzea gutxitzen ari dela hainbat herrialdetan.

Gero eta gazte gehiagok egiten du kirola aire zabalean: parkeetan, patioetan edota udal-instalazioetan. Nola eragin diezaioke klima-aldaketak eguneroko ohitura horri, eta zer neurri dira lehentasunezkoak kirolak segurua izaten jarrai dezan?

Lehenik eta behin, jarduera fisikoari eutsi egin behar zaio, eta gazteei egoera berrietara egokitzeko ahalegina egiteko eskatuko nieke. Behin hori esanda, zentsuz jokatu behar dute. Gure gazteei kontuz ibiltzeko esango nieke; sare sozialetan astakeria asko ikusten dira, ebidentzia zientifikorik gabeko beroaren aurreko egokitzapenak edota muturreko entrenamenduak adibidez. Entrenamendu horiek ondo eginda eraginkorrak dira, baina arriskutsuak izan daitezke bitartekorik gabe. Ez dezatela edozer gauza egin: jarri daitezela beti Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Hezitzaile baten eskuetan eta jarraitu ditzatela Segurtasun Sailaren gomendioak. Azkenik, ez dezagun ahaztu: irtenbiderik etikoena klima-aldaketa eragiten duten gure eguneroko jokabideak murriztea da.

Advertisements