Eusko Jaurlaritzak Euskararen Ahotsak ekimena jarri du abian. Gizarteari entzuteko prozesu honen bidez, banakako 600 elkarrizketa eta 12 talde fokal bideratuko dira, herritarrek euskararekin duten harremana nola bizi duten aztertzeko.
Prozesu hau Jauzia Gara ekimenaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileran jauzi kualitatiboa emateko ezarritako lan-esparru nagusian. Politika publikoak, gizartearen inplikazioa eta hizkuntzaren dimentsio emozionalari eskainitako arreta uztartzen ditu.
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu zuen prozesua Bilboko Euskal Museoan. Ekimenaren helburua da “gizartearen kezkak, esperientziak eta desioak hobeto ulertzea, politikak hobeto bideratzeko”.
Azaldu zuenez, prozesuak “errealitatearen argazki zehatzagoa” eskainiko du. “Icebergaren punta ikusten dugu, baina azpian zer dagoen jakin nahi dugu. Izan ere, euskararen etorkizuna ez dugu euskara egunero bizi dugunon artean bakarrik eraikiko”, adierazi zuen.
600 elkarrizketa eta 12 talde fokal
Mikel Agirre (Ikertalde) eta Miren Olasagasti (Osoigo) dira garapen metodologikoaren arduradunak. Sakoneko elkarrizketek banakako bizi-esperientziak bilduko dituzte, eta talde fokalek diskurtso kolektiboak, akordioak eta desberdintasunak identifikatuko dituzte. Parte-hartzaileak hainbat kanalen bidez hautatuko dira, profil eta ibilbide soziolinguistiko askotarikoak barne hartzeko.
“Euskararen etorkizuna ez dugu euskara egunero bizi dugunon artean bakarrik eraikiko”. Ibone Bengoetxea
Ikerketak bost eremu aztertuko ditu: erakundeak eta aktibismoak; transmisioa eta sozializazioa; erabilera soziala; esparru sozioekonomikoa; eta eremu sinboliko eta digitala.
Landa-lana 2027ko otsailera arte luzatuko da
Landa-lanak 2027ko otsailera arte iraungo du. Ondoren, datuen azterketa eta interpretazio-faseari bide emango zaio, eta prozesu osoa 2027ko uztailean amaituko da. Ikerketaren helburua da esperientzien eta narrazioen mapa osatzea, tentsioak eta oztopoak atzemateaz gain, elkarguneak eta aukerak ere identifikatzeko.
Emaitzak txosten sintetiko batean, laburpen-argitalpen batean eta hainbat sozializazio-materialetan jasoko dira, prozesuan sortutako ezagutza gizarteari itzultzeko.









