Sektore teknologikoko emakumeen % 47k lan-diskriminazioa jasan du

Nazioarteko ikerketa baten arabera, genero-desberdintasunak daude erabakiak hartzeko postuetara iristeko eta lan-sustapenerako aukeretan; profesionalen % 59k, berriz, estresa edo laneko akidura pairatu duela adierazi du.

Egilea:  José Poza
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  325
Irakurketa denbora:  Bi minutu

Sektore teknologikoan lan egiten duten emakumeen ia erdiak adierazi du genero-diskriminazioa jasan duela lan-ingurunean. Zehazki, % 47k dio egoera hori bizi izan duela, 2024an baino bost ehuneko-puntu gehiago. ISACAk mundu osoko 1.025 profesionali egindako inkesta batean oinarrituta landutako ‘Tech Workplace and Culture 2026’ azterlanaren datuak dira horiek.

Emaitzek erakusten dute emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunek bere horretan jarraitzen dutela, bai laneko gogobetetasunean, bai garapen profesionalerako aukeretan. Gainera, txostenak ohartarazi du enpresek oraindik ere zailtasunak dituztela talentua erakartzeko eta atxikitzeko, baita presio handiko sektore batean lan egiteak eragiten duen higadurari erantzuteko ere.

Eragiteko gaitasun txikiagoa

Ikerketak lan-ingurunearen pertzepzioan dauden aldeak agerian utzi ditu. Emakumeen % 52 dago pozik beren enpresako kulturarekin, gizonen % 65en aldean. Halaber, eten bat dago enpleguaren segurtasunarekiko gogobetetasunean —% 59 emakumeen artean eta % 69 gizonen artean—, bai eta lanbide-progresioarekiko gogobetetasunean ere, % 67 eta % 73 hurrenez hurren.

Desberdintasuna enpresako erabakietan eragiteko gaitasunean ere agertzen da. Emakumeen % 53k soilik uste du nahikoa autoritate duela bere erakundearen estrategian eta norabidean eragiten laguntzeko, gizonen % 66ren aldean. Alde horrek bere horretan jarraitzen du langileriaren inguruko erabakietan ere; horietan, emakumeek gizonek baino eragin txikiagoa dutela adierazi dute.

Emakumeen % 53k soilik uste du nahikoa autoritate duela enpresaren estrategian eta norabidean laguntzeko, gizonen % 66ren aldean.

Lanbidean aurrera egiteko oztopo nagusia lan-sustapenerako aukerei buruzko argitasun eza da. Inkestatutako emakumeen % 41ek adierazi du hori, gizonen % 33ren aldean. Horrez gain, emakumeek maizago aipatzen dituzte garapen-aukerak eskuratzeko zailtasunak.

Laneko higadurak emakumeei eragiten die bereziki. Emakumeen % 64k adierazi du laneko akidura pairatu duela, gizonen % 57ren aldean. Hala ere, enpresen laurdenak bakarrik (% 25) eskaintzen ditu osasun mentala zaintzeko atseden-egunak, eta % 23k ez du inolako laguntzarik ematen.

Genero-diskriminazioa sektore teknologikoan

  • Genero-diskriminazioa: emakumeen % 47k jasan du, 2024ko % 42ren aldean.
  • Enpresako kulturarekiko gogobetetasuna: emakumeen % 52 eta gizonen % 65.
  • Estrategian eragiteko aginpidea: emakumeen % 53 eta gizonen % 66.
  • Lanbidean aurrera egiteko oztopoak: emakumeen % 41ek lan-sustapenerako aukerei buruzko argitasun eza aipatu du.
  • Estresa edo laneko akidura: emakumeen % 64 eta gizonen % 57.
  • Osasun mentalerako laguntza: enpresen % 25ek atseden-egunak eskaintzen ditu, eta % 23k ez du inolako laguntzarik ematen.