Indarkeria digitala: jardunaldiak Nafarroan, Olimpia Legearen sustatzailearekin

INAI/NABIk dokumental bat, profesionalentzako tailer bat eta aktibista mexikarraren hitzaldi bat antolatu ditu urriaren 26rako eta 27rako. Jarduerak doakoak dira eta aurrez online izena eman behar da.

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Nafarroa.eus
Hitz kopurua:  234
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bidez, indarkeria digitalari buruzko jardunaldiak antolatu ditu urriaren 26rako eta 27rako, Olimpia Coral Melo aktibista mexikarrarekin batera. Melok Olimpia Legeari bidea eman zion mugimendua bultzatu zuen; arau-erreforma multzo horrek indarkeria digitala eta sexu-intimitatearen aurkako urraketak emakumeen aurkako indarkeria-mota gisa aitortzen ditu.

Jardunaldiak urriaren 26an hasiko dira, 19:30ean, Golem Baiona zinema-aretoetan, ‘Llamarse Olimpia’ dokumentalaren emanaldiarekin. Filmak Meloren bizitza eta aktibismoa jorratzen ditu, berak jasandako indarkeria digitaletik hasi eta arazoaren aitorpen juridiko nahiz sozialean izandako eginkizunera arte. Saioaren aurretik aktibistaren aurkezpena egingo da, eta, ondoren, solasaldia izango da ikusleekin.

Profesionalentzako tailerra, urriaren 27an

Urriaren 27an, Civicanen, hainbat esku-hartze arlotako profesionalei zuzenduko zaie jardunaldia. Goizean, tailer teoriko-praktiko batek indarkeria digitalari aurre egiteko metodologiak irakatsiko ditu, arretaren lau dimentsiotatik abiatuta: euste psikoemozionala, juridikoa, digitala eta komunitarioa. Horrez gain, segurtasun digitala, birtualtasunaren erronkak eta teknologia berrien eta adimen artifizialaren eragina jorratuko ditu.

Jardunaldia Olimpia Coral Meloren hitzaldi magistralarekin amaituko da. Aktibista mexikarrak hezkuntza-, familia- eta komunitate-inguruneetan indarkeria digitala prebenitzeko nahiz hari aurre egiteko esperientziak eta tresnak partekatuko ditu. Mexikon Olimpia Legearen garapenarekin ikasitakoa ere azalduko du.

Olimpia Coral Melok hezkuntza-, familia- eta komunitate-inguruneetan indarkeria digitala prebenitzeko nahiz hari aurre egiteko esperientziak eta tresnak partekatuko ditu.

NABIk emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko duen konpromisoaren barruan antolatu ditu jardunaldiok. Helburua da profesionalak sentsibilizatzea eta prestatzea, baimenik gabe eduki intimoak zabaltzeari, jazarpen digitalari eta sexu-xantaiari aurre egiteko.

Jarduerak doakoak dira. Izen-ematea online egiten da, edukiera osatu arte.