Euskal bideojokoen lehen azoka 16 erakusmahairekin estreinatu da Bilbon

Azoka honen lehen edizioa azaroaren 7an egin zen Bilboko La Perrera gunean, euskal bideojokoaren jardunaldiak diren Jokotekniaren barruan

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Shutterstock
Hitz kopurua:  253
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Euskal bideojokoen lehen azoka azaroaren 7an egin zen Bilboko La Perrera gunean, Jokoteknia Basque Video Game Day jardunaldien bederatzigarren edizioaren barruan. Azoka berri honen helburua euskarazko bideojokoen kultura eta industria sustatzea da. Gainera, espazio horri esker, bertaratutakoek Euskal Herriko garatzaileen eta estudioen lana ezagutu eta probatzeko aukera izan zuten.

Bizkaiko Foru Aldundiko Azkue Fundazioa eta Game Erauntsia elkartea dira topaketaren antolatzaileak; gainera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza ere jaso du.

Euskadin sortutako jokoak erakusteko hamasei erakusmahai

Lehen aldiz, euskal bideojokoen estudioek eta sortzaileek erakusleiho komun batean egin zuten bat. Guztira, hamasei erakusmahai jarri zituzten, eta horietan Euskadin edo euskaraz garatutako tituluak probatzeko aukera izan zen.

Euskal bideojokoen estudioak eta sortzaileak lehen aldiz bildu ziren erakusleiho komun batean

Bideojokoekin lotutako hainbat kolektibok ere parte hartu zuten. Besteak beste, Euskal Manganime Komunitateak euskarazko manga eta animea aurkeztu zituen, eta Rolariak elkarteak euskarazko rol-joko saioak antolatu zituen.

Game Erauntsiak Gamer Gela ekimena antolatu zuen. Bertan, azokara bertaratu ezin izan ziren estudioek euskaraz garatutako bideojokoak ezagutarazi zituzten.

Lau hitzaldi eta ikasleen mahai-inguru bat

Jokotekniaren egitarauak lau hitzaldi bildu zituen. Paula Olaz konpositoreak bideojokoetarako musika sortzearen erronkak azaldu zituen, eta Jon Juárez diseinatzaileak marrazketari eta animazioari buruz hitz egin zuen, arte kontzeptualaren arloan izandako esperientziatik abiatuta.

Josu Igoa zaleak, bere kabuz hainbat joko euskarara lokalizatu dituenak, itzulpenarekin lotutako gaiak jorratu zituen. Néstor Uriarte garatzaileak, Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkariak, GTA 6 garatu duen konpainiaren azken hilabeteotako egoera aztertu zuen.

Digipen Europe-Bilbao, Harrobia Ikastola eta Tartangako ikasleen mahai-inguru batek eman zion amaiera hitzaldien atalari.