Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) 220.000 euro bideratu ditu Nafarroako gazte-erakundeentzako laguntzetara, 14 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzendutako jarduera-programak garatzeko edo ekipamendua erosteko. Deialdiaren helburua asoziazionismoa bultzatzea da, gazteen gizarte-partaidetza sustatzeko bide gisa.
Interesa duten erakundeek 2027ko azaroaren 30era arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bidez. Laguntzak norgehiagoka bidez emango dira; beraz, eskabideak deialdian ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira.
Programak 2026ko irailaren 16tik 2027ko irailaren 15era bitartean garatu beharko dira, eta Nafarroako Gazteriaren 2025-2028 Estrategiara egokitu. Horrez gain, erakundeek gutxienez prestakuntza-pilula bat sartu beharko dute NGIren katalogotik, gorroto-diskurtsoen prebentzioaz eta erantzunaz edo afektibitate- eta sexu-harremanei buruzkoa.
200.000 euro jarduera-programetarako
Laguntza-lerro horrek 200.000 euroko zuzkidura du, eta eskaera bakoitzeko 10.000 eurorainoko laguntzak aurreikusten ditu. Finantzaketaren bidez, jarduerekin lotutako hainbat gastu estali ahal izango dira: joan-etorriak, ostatua eta mantenua, zerbitzu profesionalen kontratazioa eta konponketa txikiak.
Gazte-erakundeek 10.000 euroraino jaso ahal izango dituzte 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera-programak garatzeko.
Bigarren modalitateak 20.000 euroko gehieneko zuzkidura du, eta 1.250 eurorainoko laguntza bideratuko du erakunde bakoitzeko. Jarduerak garatzeko beharrezkoak diren inbentario-ondasunak finantzatu ahal izango dira; hala nola altzariak, bulegoko eta informatikako materiala, kanpaldietarako eta zeharkaldietarako ekipamendua edo suteak prebenitzeko materiala.
Gazte-erakundeentzako laguntzen gakoak
- Guztizko zuzkidura: 220.000 euro.
- Jarduera-programak: 200.000 euro.
- Jardueretarako gehieneko laguntza: 10.000 euro erakunde bakoitzeko.
- Ekipamendua: 20.000 euro.
- Ekipamendurako gehieneko laguntza: 1.250 euro erakunde bakoitzeko.
- Hartzaileen adina: 14 eta 30 urte bitartean.
- Gauzatzeko epea: 2026ko irailaren 16tik 2027ko irailaren 15era bitartean.
- Eskabideak aurkezteko epea: 2027ko azaroaren 30era arte.








