Nafarroako gazteriaren Institutuak (NGI) gazte erakundeek burutzen duten lana laguntzeko 2024. urterako dirulaguntzen deialdia egin du. Asoziazionismoa eta gazteen ahalduntzea sustatzea helburu duen deialdiak 193.000 euroko aurrekontua du.
Deialdia bi atal nagusitan banatzen da. Alde batetik, 183.000 euro bideratuko dira programa eta jarduerak diruz laguntzera eta bestetik, 10.000 euro ekipamenduak erosteko. Eskaerak egiteko epea datorren urriaren 30era arte izango da zabalik.
Entitate bakoitzak gehienez 8.000 euroko laguntza jaso ahal izango du programen eta jardueren atalean eta 1.000 euro ekipamenduen erosketarako. Laguntzen xede nagusia da gazteen parte-hartze aktiboa sustatzea gizartean, hezkuntza ez formalaren esparruan gazteen bizi-kalitatea hobetzen duten esku-hartzeak sustatuz. Diruz lagunduko diren jarduerak 14 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratu beharko zaizkie. Programa eta jardueren kasuan, aurkeztutako aurrekontuaren bi heren finantzatuko da gehienez. Ekipamenduetara bideratutako atalean, berriz, aurrekontuaren % 75era arte jaso ahal izango da.
Dirulaguntzak esleitzeko lehentasuna izango dute gazteen garapen integralean laguntzen duten jarduerek eta genero-ikuspegia aintzat hartzen duten horiek. Deialdian parte hartu ahal izango dute Nafarroako Gazte Erakundeen Zentsuan izena eman dute irabazi asmorik gabeko erakundeek eta Foru Erkidegoko bestelako gazte erakundeek.
Eskaerak modu telematikoan egin beharko dira halabeharrez. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren web atarian den izapideen katalogoan den fitxa osatu beharko da.