Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Nafarroako Gazteen Partaidetzaren Diagnostikoa argitaratu du, partaidetzako gazte politiken etorkizuneko diseinurako oinarrizko tresna gisa sortutako azterlana. Txostenak oso ondorio interesgarri bat utzi du. Izan ere, Nafarroako gazteek gero eta parte-hartze txikiagoa dutenaren ideiaren aurrean, gazteen parte-hartze sozial eta aktiboa eraldatzeko prozesu sakonagoa bat dagoela ikusi ahal izan da. Horrela, gazteen parte-hartzea hain formalizatuak ez diren eta koiunturalagoak diren antolaketa-ereduetara bideratzen dela ondorioztatzen du NGIren txostenak.
252 gazte elkartek hartu dute parte azterketan, eta helburu hauek izan ditu, besteak beste: gazteek nola hautematen duten parte-hartzea, zer motibaziok bultzatzen dituzten parte hartzeko praktikak egitera, zer bide eta tresna erabiltzen diren eta zer aukera dituzten. txostenak agerian uzten duenez, ohiko gazte elkarteek gazteen parte-hartzerako eremu nagusia izateari utzi diote eta parte-hartzerako kanal berriak zabaldu direla ikusi da. Horiek, gazte intereseko entitate bezala identifikatzen dira eta horietan ematen den gazteen partehartze-tasa ohiko gazte erakundeetan ematen dena baino hiru aldiz handiagoa da; % 20, 5 eta % 7,5, hurrenez hurren.
Parte-hartze eredu berriak
Txostenean jasotako datuek ideia hori berresten dute. Gero eta gazte-elkarte gutxiago sortzen dira. 2000-2009 aldian 209 gazte-elkarte berri sortu ziren Nafarroan; 2010-2019 aldian, berriz, 90. Gainera, azken zortzi urteetan, gazte elkartetan parte-hartzen duten gazteen kopurua nabarmen jaitsi da. 2013. urtean 14 eta 30 urte bitarteko 11.814 gazte zeuden horrelako elkarteren batean eta 2020. urtean, berriz, 8.571.
Gazte-elkarte tradizionalaren figuraren aurrean, azterlanak gazte ekintzaile sozialaren figura identifikatzen du formalizatu gabeko eta berez sortzen diren gazte-erakunde gehienen jatorri eta egitura gisa. Gazte ekintzailetza soziala definitzen duten ezaugarriak honako hauek dira: adina (14-25 urte bitarteko gazteak), gazteen protagonismoa (berdinen arteko taldeen buru dira), eta autokudeaketa (helburua lortzeko beren independentzia mantendu nahi dute).