Nafarroako Aglaya Creativos enpresak spiking-a ekiditeko eskumutur bat garatu du. Izan ere, Centinela izena duen eskumutur horri esker erabiltzaileak bere edaria drogaren batekin aizundu duten ala ez egiazta dezake. Hortaz, sumisio kimikoari aurre egiteko tresna ezin hobea izan daiteke, bereziki, horrelako erasoa pairatzeko arrisku handiagoa dagoen inguruneetan, hala nola musika-jaialdietan, diskoteketan, kopa-tabernetan eta jai jendetsuetan.
Eskumuturreko jagolearen erabilera erraza eta eraginkorra da. Aizunketaren susmoa izanez gero, erabiltzaileak eskumuturreko babeslea altxatu, hatza edarian busti eta erantsitako erreaktiboan aplikatu behar du. Hiru segundotan soilik, erreaktiboak emaitza erakusten du: koloretik laranja ilunera aldatzeak drogen presentzia adierazten du.
Eskumuturrekoak 22 droga mota detekta ditzake, besteak beste, ketamina, kokaina, MDMA, anfetaminak, morfina, heroina, LSD, opioideak, fentaniloa eta GHB.
Centinela eskumuturrekoak hainbat abantaila ditu. Eraginkorra da, droga-mota asko detektatzen baititu segundo gutxiren buruan; gainera, arina eta erosoa denez, egokia da gau oso batean eramateko. Gainera, erasotzaileak biktimak horrelako eskumuturreko bat duela ikusten badu edaria aizuntzeko saiakera bertan behera uzteko aukera biderkatzen da. Azkenik, prezioa ez da eskumuterroko hori erosteko traba bat izango. Eskumuturrekoa Aglaya Creativos-en webgunean, Iruñeko Alde Zaharrean duen denda fisikoan eta zenbait establezimendu laguntzailetan eros daiteke. Bi bertsio daude: estandarrak 3,75 euroko prezioa du, eta aminak klaseko drogak detektatzen ditu. Premiumak, berriz, 5 euro inguruko balioa du, eta, aminez gain, GHB (estasi likidoa) detektatzen du. Hala, QR kodea duen geolokalizatzaile bat dauka, 112ra deitzeko aukera ematen duena.