The Beatles zientziaren munduan sartu dira. Irailaren 9an PLOS One aldizkarian argitaratutako ikerketa batek talde britainiarraren abestietan eta letretan oinarritutako 2.237 aipamen zehatz eta 963 hitz-joko identifikatu ditu artikulu zientifikoen izenburuetan. Emaitza horrek Liverpooleko taldea literatura akademikoaren historian gehien aipatu den musika-taldea bihurtu du.
Delft-eko Unibertsitate Teknikoko (Herbehereak) Gabriel Budel, Robert Kooij eta Michiel Tjepkema ikertzaileek osatutako taldeak Scopus datu-basea arakatu zuen The Beatles taldearen 112 abestiren bila. Bilaketa automatikoak adimen artifizialeko eredu batekin eta eskuzko berrikuspenarekin uztartu zituzten, bai izenburu berdinak, bai sormenezko bertsioak hautemateko.
798 aipamen abesti bakar baterako
‘The Long and Winding Road‘ izan da zientzialarien artean abestirik ezagunena, medikuntzako, ingeniaritzako edo ekonomiako aldizkaritako 798 artikuluren izenburuetan agertu baita. Atzetik ditu ‘With a Little Help from My Friends‘ (209 aipamen) eta ‘Here, There and Everywhere‘ (129 aipamen). Erreferentzia horiek ez dira eremu bakar batera mugatzen: Scopus datu-baseko 27 arlo tematikotan agertzen dira, informatikatik hasi eta giza zientzietaraino, nahiz eta medikuntzak eta gizarte-zientziek gehiengoa biltzen duten.
The Beatles taldearen gehien aipatutako hamar abestiek 1.584 artikulu biltzen dituzte; Michael Jacksonen hamar abesti ezagunenek, berriz, 65 baino ez, eta Elvis Presleyrenek, 196.
‘Attention Is All You Need’ artikuluak, The Beatles taldearen abesti-letra batean inspiratuta, egungo adimen artifizialen oinarriak ezarri zituen
Erabilera hirukoiztu egin zen 1995 eta 2005 artean
Fenomeno horrek indarra hartu zuen 1990eko hamarkadan. The Beatles taldeari erreferentzia egiten dioten artikuluen proportzioa, milioi bat argitalpeneko, hirukoiztu egin zen 1995 eta 2005 artean; aldi horretan literatura zientifiko osoak izandako hazkundea gainditu zuen horrela. Egileek hainbat faktoreri egozten diote gorakada: taldearen musikarekin hezitako ikertzaileen belaunaldiari, 1995eko Anthology proiektuari eta gero eta lehiakorragoa den sistema akademikoan izenburu gogoangarriak jartzeko presioari.
The Beatles taldearen letra batean inspiratutako artikulurik aipatuenak ez du musikari buruz hitz egiten. 2017an argitaratutako ‘Attention Is All You Need’ lanak, ‘love is all you need‘ bertsoan oinarrituta, egungo adimen artifizialen oinarriak ezarri zituen, hala nola ChatGPTrenak, eta 89.000 aipamen baino gehiago bildu ditu.








