Iragarkietako sexismotik emakume zientzialarien talentu ikusezinera

Bizkaiko Foru Aldundiak genero-berdintasunari buruzko bi erakusketa eramango ditu lurraldeko hamaika herritara, abendura arte

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Bizkaiko Foru Aldundia
Hitz kopurua:  183
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Bizkaiko Foru Aldundiak genero-berdintasunari buruzko bi erakusketa eramango ditu lurraldeko hamaika udalerritara: ‘Sexismoa publizitatean’ eta ‘Emakumeak zientzian’. Ekainean abiatutako zirkuitu hau abendura arte luzatuko da, eta Foru Aldundiaren Emakumeak estrategiaren barruan kokatzen da; horrez gain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sareko udalen lankidetza du.

Hamaika udalerri abendura arte

‘Sexismoa publizitatean’ erakusketa Güeñesen egon da dagoeneko, eta Alonsotegin izango da irailaren 30era arte. Ondoren, Amorebieta-Etxanora, Urduñara, Santurtzira eta Arrigorriagara eramango da, urria eta abendua bitartean. ‘Emakumeak zientzian’ erakusketa Ermuan izan zen ikusgai ekainean, eta Artzentalesen egongo da irailaren 25era arte; datozen asteetan Berrizera, Gordexolara eta Zamudiora iritsiko da.

“Sexismoa publizitatean” erakusketak, lau gai-bloketan, publizitateak hamarkadetan zehar emakume eta gizonen ereduak nola eraiki dituen aztertzen du

Bi erakusketek genero-desberdintasuna ikuspegi desberdinetatik jorratzen dute. ‘Sexismoa publizitatean’ erakusketak, lau gai-bloketan, publizitateak hamarkadetan zehar emakume eta gizonen ereduak nola eraiki dituen aztertzen du. ‘Emakumeak zientzian’ erakusketak ikertzaileen zein teknologoen lana berreskuratzen du; izan ere, eremu horretan haien ekarpena ikusezin bihurtu da tradizionalki.

Erakusketa hauei esker, egunero kontsumitzen den publizitatea ikuspegi kritikotik azter daiteke, baita zientziaren arloko erreferenteak aurkitu ere, STEM ikasketetan gazteen artean genero-arrakala nabarmena den garai honetan.