Julen Linazasoro: “Sare sozialek oso ondorio negatiboak izan ditzakete adingabeen osasunean”

Adingabeen hezkuntza digitalean lan egiten duen MacSonrisaseko kidea da Julen Linazasoro. 2024-25 ikasturtean 1.856 saio eman zituzten adingabeekin eta beste 94 saio helduekin.

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Jon Mikel Zabalegi
  Bideoa: Jon Mikel Zabalegi
  Hitz kopurua: 1368
  Irakurketa denbora: 7 Minutu
Zein da, zehazki, MacSonrisasen egiten duzuen lana?

MacSonrisasen jarduera nagusia heziketa digitala da, hots, mundu digitala modu seguruan erabiltzeko irizpideak eskaintzen ditugu. Nagusiki, haur eta gazteekin lan egiten dugu, baina baita guraso eta irakasleekin ere. Oro har, prebentziorako tresnak lantzen ditugu, erabiltzaile askok jakin ez arren, Interneten erabilerak ondorio negatiboak ere izan ditzakeelako. Lan hori egiteko saioak burutu ohi ditugu, saio bakoitzean, normalean, gai bat jorratzen dugularik: sare sozialak eta osasun mentala, zibersegurtasuna, esplotazio sexuala mundu digitalean, bideojokoak, delituak, desinformazioa, pornografia… Saioak banakoak dira, baina, nolabait, osagarriak dira elkarren artean.

Mundu digitala haur, gazte eta helduen bizitzaren ardatz nagusietako bat da. Garbi dago mundu horrek hainbat aukera eskaintzen dituela, baina funtsezkoa da ulertzea bertan arrisku asko daudela, ez bakarrik adingabeentzat, baita erabiltzaile helduentzat ere. Gainera, helduek ez badute ulertzen mundu horretan helduentzako arriskuak ere badirela ez dituzte adingabeentzako arriskuak ikusiko. Horregatik, hainbat familiatan ikusten dugu haur eta gaztetxoek sare sozialak edo bideojokoak inolako kontrolik gabe erabiltzen dituztela. Bada paradoxa bitxi bat ere; izan ere, zenbait gurasok arrisku horien berri dute, baina beren seme-alabei eragingo ez dietela uste dute. 

Pasa den ikasturtean, ia 2.000 saio egin zenituzten ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Zer nolako ondorioak atera dituzue?

Oro har, ikusi dugu Lehen Hezkuntzako zein DBHko gazte gehienek denbora gehiegi ematen dutela pantaila baten aurrean. Espainiako Pediatria Elkarteak irizpideak aldatu zituen pasa den urtearen amaieran eta adin-tarteen araberako gomendioak eman ditu. Horrela, 0-6 urte bitarteko haurren kasuan, pantailak ez erabiltzea gomendatzen dute; 7-12 urte bitartekoen artean, gehienez, egunean, ordubete; eta, 12 urtetik gorakoen artean, gehienez, bi ordu egunean. Erabilera horretan sartuko lirateke bai eskolan emandako denbora, bai etxean emandakoa. Horregatik oso garrantzitsua da ikastetxeen eta gurasoen arteko elkarlana denbora muga horiek ez gainditzeko. Gure aldetik, gurasoei aholkatu ohi diegu erabilera hori asteburuetan izatea, beti ere, aipatu mugak zainduz. Hau da, astean zehar erabili ez dutelako asteburuan ez zaie denbora gehiago utzi behar.



Baina, antolatu ditugun saioetan ikusi ahal izan dugunez, kasu gehienetan, muga horiek gainditzen dira alde handiarekin. Astean zehar erabilera gehiago kontrolatzen da Lehen Hezkuntzan, baina asteburuetan asko igotzen dira pantailaren aurrean ematen dituzten orduak. Muturreko kasuetan, egunean 5-8 ordu ematen dituzten gazteak ere izan ditugu.

Zertan ematen dute adingabeek hainbeste denbora pantaila baten aurrean?

Normalean sare sozialetan eta bideojokoetan aritzen dira. Egia da Internet ikasketetarako eta informazioa jasotzeko erabilgarria dela, baina gazteen kasuan, nagusiki, bideojokoetarako eta sare sozialetarako erabiltzen da. 

Bideojokoen kasuan, horien atzean den monetizazioaren logika litzateke arriskurik handiena. Ikusi ahal izan dugunez, hainbat jokotan kasinoen teknikak barneratzen dira dirua eskuratzeko. Hor dira, adibidez ‘Loot Boxes’ edo harrapakin kutxak. Jokalariek ordaintzen dute kutxa horretan dagoena eskuratzeko, sarritan bertan zer den jakin gabe. Ikerketek egiaztatu ahal izan dutenez, horren atzean dagoen psikologia apustuen atzean den psikologiaren antzekoa da eta ludopatia ere sor dezakete.



Erabili ohi den beste teknika bat eguneroko misio edo zereginena da. Horren bidez, egunero jolasten duten horiek saritzen dira eta zenbat eta gehiago sartu, orduan eta sari hobea.

Eta hainbat jokoetan gero eta ohikoagoa da ‘item’ edo ‘skin’ delakoak erostea: arma ezberdinak, itxurak… Ikusi ahal izan dugunez, gero eta gehiago dira horrelakoetan dirua gastatzen duten gazteak, batez ere, opari txartelen bidez eta, sarritan, gurasoen kontrolik gabe. 

Zenbateraino dago sare sozialen erabilera orokortuta adingabeen artean? Zer nolako arriskuak ditu erabilera horrek?

Sare sozialak sortuak daude adiktiboak izateko, bere negozio-eredua erabiltzailea bertan ahalik eta denbora gehien egotean baitatza. Sareak erabiltzen ditugunean, erabilera datuak sortzen ditugu; datu horiekin erabiltzaile bakoitzaren profil birtualak egiten dituzte eta horrela badakite nolakoak garen, zer gustatzen zaigun eta baita etorkizunean zer gustatuko zaigun ere, adiktiboak izateko diseinatuta daudelako. Horrekin batera, zein estimuluren aurrean erantzungo dugun ere dakite. Modu horretan erabiltzailea sarean denbora gehiago mantentzea lortzen da eta, ondorioz, iragarkiak erakusteko aukerak handiagoak dira. Hau da, ahalik eta diru gehien lortzeko, erabiltzailea aplikaziotik ez ateratzea lortu behar dute eta, horretarako, gure arreta erakartzen duten edukiak eskaintzen dizkigute. Funtsean, eduki horiek lau motatan laburtu daitezke: emozio negatibo biziak eragiten dituzten edukiak, eduki sexualizatuak, eduki desinformatzaileak eta indarkeria edo bortizkeria duten edukiak. Berdin dio zer bilatzen dugun; azkenean horrelako edukiak azalduko zaizkigu. Hortaz, sarean denbora asko ematen duten adingabeek horrelako edukiak ere ikusten dituzte eta horrek ondorio negatiboak ditu. Lehenik eta behin, adikzioa sortu daiteke eta, ikusi ahal dugun moduan, gorroto diskurtsoak eta diskurtso misoginoak ere gero eta ohikoagoak dira. 

Bideojokoetan edo sare sozialetan aritzea, azaldu duzun moduan, arriskutsua izan daiteke, baina ba al dira erabilera arriskutsuagoak? Adibidez, pornografiaren kontsumoa normalizatuta al dago?

Ikusi ahal izan dugunez, DBHko ikasleen artean pornografia ikustea nahiko normalizatuta dago. Gainera, terminologia berezia erabiltzen da sare sozialen mugei aurre egiteko. Adibidez, PornHub webgunea ‘YouTube laranja’ da eta Only Fans ‘orrialde urdina’.



Pornografiari lotuta dauden arriskuen artean ikusi dugu pederastek beren ‘modus operandia’ aldatu dutela. Lehen konfiantza sortzeko prozesu bat izaten zen; orain, berriz, zuzenean argazkiak bidaltzea eskatzen dute. Gazte askok erantzuten dute, azkar erantzun ere, eduki sexualizatuak gero eta normalizatuago daudelako. Jardun hori oso arriskutsua da, ateak irekitzen dizkiolako sextortsioari edo zuzenean pederastekin geratzeko aukerari.

Gainera, azpimarratu nahiko nuke, DBHko ikasleen kasuan pornografiaren kontsumoa mutilen eta nesken artean ere ematen dela. Kontsumoa ez da parekoa, baina aldeak ez dira handiak. Mutilen kasuan, kontsumoa eszitatzeko eta haiengandik ohean zer espero daitekeen ikusteko egiten da. Pornografia erreferentetzat hartzen dute eta horrek hainbat estereotipo bortitz sortzen ditu. Nesken kasuan, berriz, pornoa kontsumitzen dute mutilen gorputzak ikusteko eta, mutilen kasuan bezala, haiengandik zer espero den ikusteko. Ondorioz, pornografia ikusten duten neskek bortizkeria onartzeko joera handiagoa dute. Pornoa erreferente gisa dute eta ez dakite eraso sexual bat zer den bereizten. 

Eta online apustuak?

Gazteen erdiak, gutxi gorabehera, uste du apustuen bidez dirua irabazi ahal duela, baina horrek ez du esan nahi apustuak egiten dituzten gazteak kopuru horretara iristen direnik. Apustuetan sartzeko bide bat sare sozialetan diren ‘tipsterrak’ dira. Erabiltzaile horiek apustuak non egin gomendatzen dute, irabaziak bermatuz haiek ezagutzen duten sistema baten bidez etab. eta guztiak iruzurgileak dira.

Kontuan izan behar dugu online apustuak egiteko gutxieneko adina legez mugatuta dagoela. Hortaz, adingabeek gurasoek jakin gabe egiten dute apustu. Horretarako Telegram aplikazioaz baliatu ohi dira edo adin nagusiko pertsona baten bidez egiten dute apustu. Muturreko kasuetan gurasoen kreditu txartela erabiltzen dute. Hor ere kontuan izan behar da, pornografiarekin gertatzen den bezala, apustu-etxeek ez dutela sistema eraginkorrik erabiltzen erabiltzaileen adina egiaztatzeko eta, beraz, nahiko erraza dela adinez nagusia den pertsonaren itxurak egitea.

Argitaratu duzuen txostenean azaltzen duzuenez, pantailen erabilera dela eta osasun mentaleko arazoak dituzten gazte asko daude. Nola eragiten dute pantailek horrelako arazoetan?

Azaldu dudan moduan, sare sozialetan azaltzen diren eduki nagusien artean emozio negatibo biziak eragiten dituzten horiek daude. Horien artean ohikoak dira alderaketak egitea sustatzen dituzten edukiak: itxura fisikoa, bizimodua… Instagramen eta TikToken bereziki, ohikoak dira horrelako edukiak: gorputz ederrak, etxe eta kotxe garestiak… Horrek autoestimu arazoak eragiten dizkie gazteei. Adibidez, eredutzat jotzen dituzten horietara gerturatzeko, normalizatuta dago edertasun-filtroak erabiltzea edukiak sortzean, baina gero, ispiluaren aurrean jartzean, gazteak ez daude pozik ikusten dutenarekin eta horrek arazo larriak eragiten dizkie. Horrelako kasuetan ikusi ahal izan dugunez, posible da autolesioak ere eragitea emozioak erregulatzeko tresna gisa.



Azaldu dudanez, sare sozialen xedea da erabiltzailea ahalik eta gehien sarean mantentzea. Horregatik, algoritmoak erabiltzaile zehatz bakoitzari eduki zehatzak aurkezten dizkio. Negozio-eredu horrekin ezinezkoa da sare sozialen erabilera seguru bat egitea, eredu hori baita arazo guztien iturria. Horregatik gomendatzen dugu sare sozialak 18 urtera arte ez erabiltzea.

Hauteman duzuen beste fenomeno bat da jarrera matxistak ugaritu direla…

Bai hala da. Diskurtso misoginoak normalizatuagoak daude, batez ere, algoritmoek horrelako edukiak eskaintzen dizkietelako mutil nerabeei. Gazte horiek, etxean gizontasunaren inguruko erreferente sendorik ez badute, sarean bilatzen dute. Eta zoritxarrez, Interneten gizona izatea zer den horren inguruko erreferente positiborik ez da.

Jarrera matxisten inguruan esaten dudan hau jarrera homofoboen eta arrazisten kasuan ere ikus daiteke.

Gazteekin ez ezik, helduekin ere lan egiten duzue. Zer ondorio atera duzue helduen kasuan?

Helduekin saioak antolatzeko arazo handiak izan ditugu eta antolatu ditugun horietan guraso gutxi izan ohi dira. Hori, gure ustez, arazo handi bat da, gurasoek beren seme-alabak heziketa digitala jasotzea nahi dutelako, baina ez daude heziketa horretan modu aktibo batean parte hartzeko prest. Izan ere, heziketa digitalak lan handia eskatzen du. Adingabe bati uzten bazaio sare sozial bat erabiltzen, batere gomendagarria ez dena, bere gainean egon behar duzu eta argi utzi behar zaizkio zer nolako arriskuak dauden.