Euskal biztanleriaren % 13 etorkina da

Euskadin atzerrian jaio diren 295.902 pertsona bizi dira. Hiru immigrantetik bi hiru hiriburuetako batean bizi dira.

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: José Ramón Gómez
  Infografiak: Jose Poza
  Hitz kopurua: 1041
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Pasa den urtearen hasieran Euskal Autonomia Erkidegoan atzerrian jaiotako 295.902 pertsona bizi ziren, hots, biztanleria osoaren (2.227.684) % 13,3. 

Ikuspegi- Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratu berri duen ‘Begiradak. EAEko eskualde eta kuadrilletako biztanle atzerritarrak, 2024’ txostenaren azken edizioak jasotzen duenez, migrazio-fluxuak berraktibatu egin dira Covid-19aren krisiaren ondoren eta pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira.

Atzerritar jatorria duen biztanleriaren lurralde-banaketak Euskadin ematen den demografia-eredu bera jarraitzen du. Horrela, Bizkaiak etorkinen erdia hartzen du (% 50,3) eta Gipuzkoak eta Arabak % 30,2 eta % 17,7, hurrenez hurren. Banaketa horrek lurralde historikoen araberako banaketa errepikatzen du.

Hiru etorkinetik bi hiriburuetan 

Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko kuadrilla eskualdeek hartzen dituzte EAEn bizi diren atzerritar jatorriko biztanleriaren bi heren baino gehiago (% 68,9). Etorkinen % 39,2 Bilbo Handian bizi dira, % 15 Donostialdean eta % 14,7 Gasteizko kuadrillan. Beste eskualdeetan bizi diren immigranteen proportzioa askoz txikiagoa da eta % 0,1 eta % 4 artekoa da. Horien artean, immigranteen proportziorik handienak dituzten eskualdeak honako hauek dira: Bidasoa (% 4), Durangaldea (% 3,8), Goierri (% 3,1) eta Urola Kosta (% 2,7).



Hiri handietako kontzentrazio horrek agerian uzten du etorkinek dinamismo ekonomiko handiagoko eremuetan bizitzeko duten joera, eremu horietan lan-aukerak eta zerbitzu-eskaintza handiagoak baitira.

Zazpi eskualde batez bestekoaren gainetik

Atzerritar biztanleriak lurralde bakoitzaren guztizkoaren gainean duen garrantzi erlatiboak ikuspegi ñabartuagoa eskaintzen du. Horrela, zazpi eskualdek Autonomia Erkidegoko batez bestekoa (% 13,3) gainditzen dute. Horien buru Gasteizko kuadrilla dago, % 16,7rekin eta, jarraian, Bidasoa (% 14,9), Arabako Errioxa (% 14,2), Debabarrena (% 13,6), Bilbo Handia (% 13,4), Donostialdea (% 13,3) eta Goierri (% 13,3) daude. 

Txostenean batez bestekoaren azpitik egon arren etorkinen proportzio nahiko handia duten beste bederatzi eskualde aipatzen dira: Gernika-Bermeo (% 12,6), Añanako kuadrilla (% 12,5), Arabako Lautada (% 12,3), Tolosaldea eta Markina-Ondarroa (biak % 12,1arekin), Durangaldea (% 11,8), Deba Goiena (% 11,6), Arratia-Nerbioi (% 11,3) eta Urola Kosta (% 10,5).

Txanponaren beste aldean % 10etik beherako portzentajeak dituzten eskualdeak daude. Horien artean, Euskadiko ehunekorik baxuenarekin, Arabako Mendialdea nabarmentzen da % 8,7rekin. Multzo horretan diren beste eskualdeak honako hauek dira: Plentzia-Mungia (% 9,9), Enkarterriak (% 9,9), Gorbeialdea (% 9,5) eta Aiarako kuadrilla (9,3%).

Etengabeko hazkundea 1998. urteaz geroztik 

Azken bi hamarkadetako bilakaerak etengabeko hazkundea erakusten du eskualde guztietan. Izan ere, 1998. urtean, atzerritar jatorria zuen biztanleria % 0,1 eta % 0,2 artekoa baino ez zen, egungo % 13,3arekin alderatuta. 



Hazkunde hori ez da lineala izan eta egoera ekonomikoak baldintzatutako egoeraren araberakoa izan da. Horrela, migrazio-fluxuak nabarmen hazi ziren egoera ekonomikoa oso ona izan zen mende hasierako aldian, 2008an % 6,6ra iritsiz. Ondoren izan zen krisia zela eta enplegu asko suntsitu ziren eta horrek immigranteen etorrera moteldu zuen. 2015. urteaz geroztik, behin krisi ekonomikoa gaindituta, migrazio-fluxuak progresiboki berera etorri ziren, 2019an % 10,1era iritsiz. Ondorengo urteetan etorrerak berriro moteldu ziren, kasu horretan, pandemiaren eraginez. Behin krisi sanitarioa gaindituta, erritmoa berriro azkartu zen egungo 13,3ra iritsi arte.

Krisi ekonomikoa amaitu zenetik hazkunderik handiena izan duten eskualdeek suspertze hori islatzen dute. Bilbo Handia da joera horren buru 5,6 puntuko hazkundearekin. Ondoren, oso antzeko ehuneko batekin (% 5,5) Gasteizko kuadrilla dago.

Debabarrena (% 5,3), Arratia-Nerbioi (% 5,2) eta Tolosaldea (% 5,1) eskualdeek ere antzeko bilakaera izan dute. Hazkunde horiek agerian uzten dute suspertze ekonomikoa eta laneskuaren eskaria gero eta handiagoa dela eskualde horietan.

Emakumeak eta gizonak antzeko kopuruetan

Gurera etortzen diren etorkinen generoari dagokionez, Euskadin bizi den atzerritar jatorriko biztanleriaren banaketa nahiko orekatua dela azpimarratu behar da, emakumeen kopurua arinki handiagoa delarik (% 52,2). Joera hori Euskadiko eskualde gehienetan mantentzen da.



Euskadi osatzen duten 21 eskualde/kuadrillatik hamalauk  % 48 eta % 52,9 arteko banaketa orekatua dute. Hala ere, zenbait eskualdeetan aldeak nabarmenagoak dira. Adibidez, Markina-Ondarroa eta Añanako kuadrillan gizonezkoen kopurua arinki handiagoa da (% 55). Enkarterriak (% 53), Donostialdea (% 53,8), Gorbeialdea (% 53,9), Aiarako kuadrilla (% 54) eta Plentzia-Mungia (% 54,7) eskualdeetan, berriz, emakumeen proportzioa handiagoa da.

Alde horiek estuki erlazionatuta daude jatorrizko eremu geografikoekin eta talde bakoitzaren berariazko migrazio-ereduekin. Horrela, Latinoamerikan jatorria duen biztanleriaren artean emakumeen proportzioa handiagoa izan ohi da. Fenomeno hori zenbait faktoreren ondorioa da.

Horien artean zenbait migrazio-fluxuen feminizazioa nabarmentzen da, bereziki, zaintzaren eta etxeko lanen sektoreari lotutako horietan. Familia berriz elkartzea errazten duten familia-sareek ere eragina dute, bai eta emakumeek ostalaritzan eta gizarte-zerbitzuetan dituzten lan-aukera handiagoek ere.

Saharaz hegoaldeko Afrikatik eta Magrebetik datorren immigrazioaren kasuan, berriz, gizonezkoen ehunekoak nabarmen altuagoak dira. Eredu horrek migrazio-dinamika desberdinei erantzuten die; izan ere, askotan, gizonek emigratu egiten dute lehenik eta behin, lanean hasteko asmoz, beren familien etorrera erraztu aurretik.

Gainera, eraikuntza, nekazaritza intentsiboa edo arrantzaren sektoreetan, tradizionalki, eskulan maskulinoa eskatu da.

Etorkin gehienak Latinoamerikatik datoz

Gurera etortzen diren immigranteen jatorriari dagokionez, erdia baino gehiago (% 55,5) Latinoamerikako herrialdeetatik etorri direla azpimarratu behar da. Ondoren, distantzia handira, Afrika (% 21), Europa (% 16,6) eta Asia (% 6,1) daude. Banaketa hau, gutxi gorabehera, eskualde guztietan ematen da zenbait salbuespenekin. Izan ere, Arabako Errioxak eta Arabako Lautadak eredu guztiz ezberdina dute. Bi eskualde horietan etorkinen gehiengoa afrikar jatorrikoa da nabarmen, % 46,9 eta % 46,5arekin, hurrenez hurren.

Banaketa ezberdina duten beste eskualdeak dira, adibidez, Gernika-Bermeo (% 32), Goierri (%31,8), Bidasoa (% 27,2), Plentzia-Mungia (% 20,2) eta Donostialdea (% 19,1) dira, non latinoamerikar biztanleria nagusi izan arren europar biztanleriaren proportzioa nabarmen hazten den.

Kolonbia, jatorrizko herrialde nagusia

Euskadira iritsi diren immigranteen artean Kolonbia da jatorrizko herrialde nagusia. Latinoamerikako herrialde horretan jaiotakoak dira, Ikuspegiren arabera, gure artean diren etorkin guztien % 13,5. Datuok pandemia osteko migrazio-hazkunde etengabea baieztatzen dute, eskualdekako berariazko ereduekin. Horrela, kolonbiarrak gehiengoa dira bost eskualdetan: Gasteizko kuadrilla (% 19,5), Plentzia-Mungia (% 17,6), Bilbo handia (% 16,1), Debagoiena  (% 14,9) eta Bidasoa (% 13,5). 



Donostian, adibidez, jatorrizko herrialde nagusia Honduras da, % 10,9rekin eta Urola Kostan, Nikaragua (% 13,9). Datu horiek erakusten dutenez, badira ezarritako migrazio-sareak eta jatorrizko herrialdeen eta eskualdeen arteko lotura historikoak.

Maroko da jatorrizko herrialde nagusia hamaika eskualdetan, bereziki Arabako kuadrilletan. Horien artean nabarmentzen dira Arabarko Errioxa (% 40,8), Arabako Lautada (% 27,7) eta Debabarrena (% 25,7). Arratia-Nerbioik (% 21,8), Arabako Mendialdeak (% 19,5) eta Añanako kuadrillak (18,6%) ere marokoar biztanleria proportzio esanguratsua dute.

Euskadin bizi den errumaniar komunitatea ere garrantzitsua da, bereziki Goierrin (% 23,3) eta Gernika-Bermeon (% 20,3). Senegaldarrak, berriz, nagusi dira Markina-Ondarroa eskualdean (% 20,8). 



Eskualdearen araberako hiru jatorri nagusiei begirada zabaltzean, Peru bezalako herrialdeak agertzen dira, Aiarako koadrilan % 17,4ra iristen dena. Aljeria da bigarren herrialde nagusia Arabako Lautadan (% 11,3) eta Arabako Mendialdean (% 7) eta hirugarrena Gorbeialdean (% 6,7) eta Gasteizko kuadrillan (% 5,7). Pakistan da asiar herrialde esanguratsu bakarra Arabako Lautadan (% 9,5), Urola Kostan (% 8,1) eta Debagoienan (% 8).

Beste zenbait eskualdetan nabarmentzen herrialdeak dira, adibidez, Bolivia Bilbo Handian (% 7,5) eta Brasil Plentzia-Mungian (% 6,3). Aniztasun horrek migrazio-fluxuen konplexutasuna uzten du agerian.

Datuek baieztatzen dute Euskadik migrazio-helmuga gisa duen erakargarritasunari eusten diola, pandemiaren ondoren hazkundea berreskuratu duen biztanleria atzerritarrarekin eta batez ere metropoli-eremuetan banatzen denarekin.