‘Hamaika entzuteko! 2026’ irrati-piezen lehiaketak sormen audioa sarituko du Donostian

Donostia Kulturak eta DK Irratiak irrati-pieza labur eta originalen lehiaketaren edizio berria antolatu dute; lanak aurkezteko epea azaroaren 18an amaituko da, eta 1.400 euro banatuko dituzte saritan

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Donostia Kultura
Hitz kopurua:  242
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Donostia Kulturak eta DK Irratiak ‘Hamaika entzuteko! 2026’irrati-piezen lehiaketaren edizio berria antolatu dute, irrati-formatuan pieza labur eta originalen ekoizpena eta hedapena sustatzeko. Lanak 2026ko azaroaren 18ra arte bidali ahal izango dira, eta guztira 1.400 euro banatuko dira bi saritan.

Aurkeztutako lanen gaia erabat askea izango da, eta edozein irrati-generotako sorkuntzak onartuko dira, hala nola irrati-fikzioa, irrati-kazetaritza, erreportajea edo dibulgazio-lanak.

Lehiaketan edozein adin eta nazionalitatetako pertsonek parte har dezakete, banaka nahiz taldeka. Aurkeztutako audioek bost minutu baino gutxiagoko iraupena izan beharko dute, eta euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira.

Epaimahaiak lanen originaltasuna, sormena eta interesa hartuko ditu kontuan, eta haren erabakia apelaezina izango da.

Aurkeztutako lanek originalak, ez-komertzialak, irratian emititu gabeak eta aurretik beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan behar dute. Irrati-piezak dkirratia@donostia.eus helbidera bidali beharko dira.

1.400 euro bi saritan banatuta

Lehiaketak bi sari emango ditu: 800 euroko sari nagusia irrati-pieza onenari, eta 600 euroko sari berezia euskarazko sorkuntza onenari. Azken hori euskaraz aurkeztutako lan onenari emango zaio, baldin eta irrati-pieza onenaren saria lortu ez badu.

Epaimahaiak lanen originaltasuna, sormena eta interesahartuko ditu kontuan, eta haren erabakia apelaezina izango da. Sariren bat eman gabe uzteko aukera ere izango du. Sari-banaketa 2026ko abenduan egingo da.

DK Irratiaren estudioak, parte-hartzaileen eskura

Sorkuntza-lana errazteko asmoz, DK Irratiak bere estudioak eta teknologia-baliabideak parte-hartzaileen eskura jarriko ditu, audioak bertan grabatu eta editatu ahal izateko. Hala ere, zerbitzu hori erabiltzea ez da ezinbestekoa eta lehiakide bakoitzak nahi dituen baliabide teknikoak erabili ahal izango ditu.