Zinema, dantza, drag eta musika, Iruñeak trans errealitateei eskaintzen die urria

Harrotu, Naizen eta Plazeratu elkarteek doako lau hitzordu antolatu dituzte Iruñeko hainbat gunetan. Zikloa urriaren 24an amaituko da, kontzertuekin, Drag King performance batekin eta DJen saioekin

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Iruñeko Udala
Hitz kopurua:  246
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Trans Urria 2026 zikloak doako lau jarduera bilduko ditu Iruñean urriaren 7tik 24ra bitartean, sexu- eta genero-identitateak ikusarazteko eta horiei ahotsa emateko. Harrotuk –LGTBI+ pertsonen informaziorako, eskubideen sustapenerako eta partaidetzarako udal-zerbitzuak– koordinatuko du egitaraua, Naizen elkartearekin eta Plazeratu kolektiboarekin lankidetzan.

Proposamena herritar guztiei dago zuzenduta, eta, bereziki, LGTBI+ pertsona, elkarte eta kolektiboei. Ekimenaren helburu nagusiak dira esperientziak elkarbanatzea, zalantzak argitzea eta errealitate transaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea.

Dokumentala urriaren 7an eta dantza 16an

Zikloa urriaren 7an, asteazkenean, hasiko da, 18:30etik 20:30era bitartean, Civivox Mendillorrin. Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteak ‘Trans-formatzen’ dokumentala proiektatuko du, eta ondoren lehen pertsonan bizitako esperientzien inguruko solasaldia egingo da.

Urriaren 16an, ostiralean, Gazteriaren Etxeak ‘Cui(r)dados’ jardunaldia hartuko du, 16:30etik 21:30era bitartean, solasaldi batekin eta dantza-lantegi batekin.

Gazteriaren Etxeak ‘Cui(r)dados’ jardunaldia hartuko du, 16:30etik 21:30era bitartean, solasaldi batekin eta dantza-lantegi batekin.

‘Necesitaba Tiempo’ solasaldiak gorputzen gaineko gizarte-presioa eta gizarte-itxaropenak jorratuko ditu. Ondoren, Arev Vázquezek eta Vivi Fernándezek ‘Balfolk’ lantegia zuzenduko dute, dantza sozial eta parte-hartzaile horren atarian jartzeko. Saioari amaiera emateko, dantzaldia egingo da Kimi Sierraren musikarekin.

Drag mahai-ingurua eta amaiera-jaia

Urriaren 22an, ostegunean, 18:00etatik 20:00etara, Travestikak trans bizipenei eta drag arteari buruzko mahai-ingurua antolatu du Civivox Pompelon. Ondoren, Travis Tea, Harley Boom Boom, Carmina de Bries, Glamniss eta Leivaduro de Cerveza artistek ikuskizuna eskainiko dute. Bertaratzen direnek Eder Mendiluzeren margolanak ere ikusi ahal izango dituzte, trantsizio transmaskulinoa ardatz dutenak.

Plazeratuk urriaren 24an, larunbata, itxiko du zikloa, 19:30etik aurrera, Audry Funk eta Lisa Paulen kontzertuekin, Travis Tearen Drag King performancearekin eta DJ trans/kuirs saioekin.