Harrotuk, LGTBI kolektiboaren inguruan informatzeko eta haren parte-hartzea nahiz eskubideak sustatzeko Iruñeko Udalaren zerbitzuak, udazken honetarako programazioa aurkeztu du. Programazio berriak, ahalduntze pertsonal eta kolektibora, sentsibilizaziora eta eskaintza soziokulturalera bideratutako jarduera ezberdinak jasotzen ditu.
Urte amaiera bitartean, tailerrak, irakurketa kluba, liburu aurkezpenak, solasaldiak, efemerideak eta erakusketak antolatuko dira. Jarduera guztiak publikoari irekiak eta doakoak dira. Hala ere, programatutako zenbait jardueratan, hala nola tailerretan eta irakurketa-klubean, aldez aurretik izena eman behar da.
Programazioa bost arlo nagusitan egituratuta dago: ahalduntze pertsonala, LGTBI+ taldearen ahalduntze kolektiboa, LGTBI+ jarduera soziokulturalak, sentsibilizazioa eta formakuntza eta boluntariotza.
Ahalduntze pertsonaleko tailerrak
Ahalduntze pertsonalaren eremuan, bi tailer nabarmentzen dira. Lehenengoa “Hautsi dezagun hizkuntzaren hesia” tailerra da. Urriaren 7an hasi eta abenduaren 16ra arte luzatuko da. Guztira, Joseph Floresek zuzendutako 10 saio izango dira, astelehenetan 18:30etik 23:30era. Tailer hau gaztelania ingurune seguru batean ikasi nahi duten LGTBI+ pertsonei zuzenduta dago.
Bigarren tailerra, “LGTBI+ migrazio-dolua” izenburukoa, abenduaren 19an izango da, 17:30etatik 20:30etara, Yolanda Canales eta Jared Andinoren laguntzarekin. Tailer honek LGTBI+ migratzaileei laguntza emozionala eskaintzea du helburu.
Tailer horiei LGTBI+ pertsonei laguntzeko taldea gehitu behar zaie. Hiru saio izango dira, urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 17an eta, horietan, ahalduntze pertsonalerako beharrezkoak diren autoezagutza eta autozainketa sustatzeko baliabideak landuko dira.
Ahalduntze kolektiboa
Ahalduntze kolektiboaren arloan, Harrotuk “Letren araberako topaketak” antolatuko ditu, ostiraletan 18:00etan. Saio horiek trans pertsonei eta bere nortasunaren inguruan zalantzak dituzten pertsonei zuzentzen zaizkie. Hiru saio izango dira. Lehenengoan, urriaren 25ean, Trans topagunea izango da. Bigarrena, azaroaren 8an, lesbianen eta emakume bisexualen topagunea izango da. Azkenik, abenduaren 13an, bisexualen topaketa izango da.
Atal honen barruan ere ‘Efemérides’ izeneko programa garatzen da. Kasu honetan, lau dira azpimarratu beharreko datak:
- Urriak 11: Armairutik Irtetearen Eguna
- Urriak 19: Trans Despatologizazioaren Eguna
- Azaroak 20: Trans memoriaren Eguna
- Abenduak 18: Pertsona Migratzailearen Eguna
Jarduera soziokulturalak eta sentsibilizazioa
LGTBI+ irakurketa klubak lau lan aztertuko ditu hiruhilekoan zehar. Urriaren 3an, Camila Sosa Villadaren “Las malas” lana aztertuko da; azaroaren 7an, Juanpe Sánchez Lópezen “Superemocional: una defensa del amor”; eta abenduaren 12an, Christo Casasen “El power ranger rosa”. Azaroaren 14an, Kattalin Minerren “Moio” lana aztertuko da euskaraz.
Atal honen barruan, urriaren 24an, Mer Gómez idazle eta intersex aktibistaren “La Rebelión de las hienas” liburuaren aurkezpena egingo da.
Sentsibilizazioari eta formakuntzari dagokion atalean bi jarduera azpimarratu behar dira. Azaroaren 21ean, Civivox Iturramak “Amor en tiempos de Grindr” solasaldia hartuko du, sare sozialen garaiko harremanen dinamikak aztertzeko. Azaroan, “Una Mirada LGTBI+ al Planetario de Pamplona” erakusketa ere inauguratuko da. Astronomiari eta mitologiari buruzko ikuspegi anitza eskainiko duen erakusketa da, betiere, LGTBI+ ikuspegitik.
Izen-emateak esteka honen bidez egin daitezke. Argibide gehiagorako 948 226 326 telefonora deitu edo harrotu@pamplona.es posta elektronikora idatzi.