Elsa Fuente: “Ingurune digitala ez da segurua adingabeentzat”

Elsa Fuente. UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko koordinatzailea

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Jon Mikel Zabalegi
  Hitz kopurua: 1071
  Irakurketa denbora: 6 Minutu
Argitaratu berri duzuen txostenaren arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleen erdiak baino gehiagok mugikor propioa du eta, batez beste, 10,8 urterekin eskuratzen dute beren lehen gailua. Zuen ustez, ba al da lehen telefonoa izateko adin gomendagarri bat ala familiaren laguntzaren baitan dago?

Teknologiarekin lehen kontaktua ematen denetik, haurrek laguntza behar dute teknologia hori modu zuzenean erabiltzen ikasi ahal izateko. Horretarako, funtsezkoa da erabilera ohiturak eta ordutegiak ezartzea, ikusten dituzten edukiak ikuskatzea, beren adinarentzat eta heldutasun-mailarentzat egokiak direla bermatuz. Adin gomendagarri bat ezartzea baino gehiago, hori haur bakoitzaren araberakoa izango baita, gakoa ingurune seguru bat ezartzea eta laguntza eskaintzea da. Horregatik, ezinbestekoa da familiek zein irakasleriak laguntza hori ahalik eta modu egokienean eskaini ahal izateko beharrezkoak diren formakuntza eta tresnak izatea.

Txostenean azpimarratzen denez, gurasoek ematen duten adibidea edo eredua oso garrantzitsua. Zer egin daiteke familiei etxean higiene digital egokia ezartzen laguntzeko?

Gurasoen online bitartekaritza hobetu beharreko zerbait da. Seme-alabekin pantailekin egiten duten erabileraren inguruan hitz egitea bezalako estrategiak lehenesten badira ere, hamar gurasotik hiruk baino ez dituzte ezartzen beren seme-alabek ikusten edo igotzen dituzten edukien inguruko mugak eta murrizketak. Ikuskaritza eta laguntzaren, eta arauen ezarpenaren inguruan oreka bat lortu behar da etxean higiene digital egoki baten sustapenean hobetzen jarraitzeko eta zenbait ohitura ekiditeko, otorduetan mugikorra erabiltzea, adibidez. Logelan mugikorrarekin lo ez egiteak eta eredu on bat emateak erabilera problematikoen eta online jokabide arriskutsuen tasak erdira murriztea ahalbidetzen dute.



Etxe gehienetan ez da sexualitatearen inguruan hitz egiten, baina hamar nerabetik hiruk pornografia kontsumitu dute eta hainbat kasutan oso adin goiztiarretan hasten dira horrelako kontsumoak. Zer tresna behar dute gurasoek gai horri modu eraginkorrean heltzeko?

Garatutako talde fokaletan, familiek hautemandako arazo nagusiak honako hauek dira: jokabide-estandar matxistetan oinarritzen den sexualitate ez-errealaren normalizazioa; sexu-desira moldatzeko gaitasuna; sexu-indarkeria hutsaltzea eta normalizatzea; eta nerabeengan sor dezakeen frustrazioa. Gurasoek aro digitalera egokitutako formakuntza afektibo-sexuala, taburik gabe hitz egiteko baliabide praktikoak eta gurasoen bitartekaritza errazten duten tresna teknologikoak  behar dituzte. Horrek guztiak familiak aintzat hartzen dituzten hezkuntza-programak, solasaldi seguruetarako gidak eta guraso kontrol eskuragarri eta doakoak dituzten plataformak eskatzen ditu.

Hainbat datutan genero-arrakala dagoela ikus daiteke. Zein berariazko estrategia ezarri beharko lirateke alde horiei heltzeko? 

Neskek eta mutilek ingurune digitalean eta digitalarekin harremanak izateko moduak oso ezberdinak dira, arrisku eta erabilera problematikorako patroi ezberdinekin. Horrek ingurune digitalerako prebentzio-politika berriak diseinatzerakoan genero-ikuspegia aintzat hartzea eskatzen du. Funtsezkoa da ikuspegi eraldatzaile bat izatea, aldeak aintzat hartzeaz gain, desparekotasunaren egiturazko arrazoiak ere jorratuko dituena. Arrakala digitalak aztertzea, arrisku bereiziak identifikatzea, sexuaren eta adinaren arabera bereizitako datuak izatea, eta haiek partaide egitea, ahalduntze indibidualetik eta kultura-aldaketatik abiatuta, arauak eta politika publikoak emanez, rol eta botere-harreman kaltegarriak eraldatzeko.

Azterlanak agerian utzi duenez, nerabeen artean ondoez emozionala eta suizidiorako arrisku altua azaltzen  dira. Prestatuta al daude osasun mentaleko eta lehen mailako arretako zerbitzuak teknologiaren erabilerarekin lotutako kasu horiek hautemateko eta artatzeko?

Datuak oso kezkagarriak dira. Lehen mailako arretarako protokoloak dauden arren, txostenean azaldu dugunez, inpaktu digitalari osasun publikoko arazo gisa heldu behar zaio. Ezinbestekoa da detekzio goiztiarra indartzea, profesionalak arrisku digitaletan gaitzea eta diziplina anitzeko taldeak bermatzea, haurren eta gazteen osasun mentala, hezkuntza eta gizarte-lana integratzeko. Gainera, ingurune seguruak bermatu eta kultura- eta komunitate-jardueretarako deskonexio digitalerako guneak sortu behar dira. Une honetan ematen den erantzuna ez da nahikoa fenomenoaren garrantzia ikusita.

Zer kontrol- eta prebentzio-neurri indartu beharko lirateke adingabeek jokoan eta apustuetan parte har ez dezaten?

Aurrera egitea Haur eta Nerabeei buruzko otsailaren 15eko 2/2024 Legean bertan ezarritakoan. Lege horren 112. artikuluan, adibidez, osasun mentaleko nahasmenduen, jokabide problematikoen eta menpekotasunen prebentzioaz, hautemateaz eta arretaz hitz egiten da. Artikulu horretan zehazten denez, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, bakoitzak bere eskumenen esparruan, lankidetzan jardungo dute eta beren jarduerak koordinatuko dituzte adikzioak prebenitzeko. Horretarako, haur eta nerabeak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatuko dituzte jokabide-adikzioak sor ditzaketen gehiegizko jokabideen arriskuei buruz; bereziki, ausazko jokoak eta apustuak, teknologia digitalen erabilera, hala nola Internet, sare sozialak, bideojokoak, gailu mugikorrak… edo erosketa konpultsiboa. Eta harremanen, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak gaizki erabiltzearekin edo gehiegi erabiltzearekin lotutako arriskuak prebenitzeko ekimenak garatuko dituzte. Eta informazio- eta komunikazio-hedabideekin lankidetzan jardungo dute, batez ere titulartasun publikokoekin, ausazko jokoen eta teknologia digitalen eta horien aplikazio berrien esparruan prebentzio-neurriak hartzeko.



2021. urteko azterlanarekin alderatuta zenbait arrisku modu ezberdinean garatu direla ikus daiteke. Zergatik gertatu da bilakaera ezberdin hori? 

Sextinga bezalako fenomenoetan izan den beherakadak kontzientziazio-kanpainek eta familiaren bitartekaritzak partzialki funtzionatu duela erakusten du. Hala ere, DBHn izan den eskola-biktimizazioaren igoerak arazoa ez dela soilik digitala islatzen du. Izan ere, eskola-bizikidetzarako estrategia integralak behar dituzten aurrez aurreko indarkeria dinamikek berean jarraitzen dute, araudi teknologikoaz haratago. Hortaz, prebentzioak aldiberekoa izan beharko luke bi ingurunetan.

Txostenak ingurune digitalean hainbat arazo larri daudela azpimarratzen du. Zure ustez, zein arlotan areagotu beharko litzateke ahalegina? 

Arrisku horiek haur eta gazteen bizitzan izaten ari diren inpaktua aintzat hartuta, hiru alderdi azpimarratu beharko lirateke. Lehenik eta behin, garbi izan behar dugu ingurune digitala ez dela segurua adingabeentzat eta, ondorioz, ingurune fisikoan bezala, ezinbestekoa da ingurune digitalean haur eta gazteen eskubideak bermatzea.

Bigarrenik, indarkeria digitala (ziberjazarpena, groominga, bikotekidearekiko indarkeria digitala…) mundu fisikoan gertatzen den indarkeriaren mailan jarri behar da. Horrekin batera, ikastetxeetan egiten den mugikorraren erabilera ere arautu beharko litzateke.



Azkenik, horri guztiari aurre egiteko, beharrezkoa da komunitateari heltzea; erakundeek, eskola-inguruneak, familiek eta sektore pribatuak dute jarduteko erantzukizuna, eta haurren eta nerabeen parte-hartze aktiboa bermatu behar da.

Eragile ezberdinen parte-hartzea aipatu duzu. Zer behar da estrategia honi benetan eraginkorra izateko?

Adostua eta neurgarria izan behar du. Gure txostenean helburu zehatzak aipatzen dira, inpaktu adierazleekin eta aldizkako berrikuspenekin. Gainera, funtsezkoa da bermatzea familien eta nerabeen parte-hartze aktiboa; derrigorrezko prestakuntza irakasle eta osasun-profesionalentzat; sare eta eduki kaltegarrietarako sarbidea arautzea, adin-egiaztapen sistemekin; eta sektore teknologikoaren erantzukizuna, bere produktuen eragina gardentasunez azalduz. Elementu horiek gabe, estrategiak paperean geratzeko arriskua du.

Nola berma daiteke haur eta nerabeen parte-hartze aktiboa? 

Lehenik eta behin, garbi izan behar dugu adingabeak eskubide osoko herritarrak direla. Legeak berak subjektu parte-hartzailetzat definitzen ditu eta, familian ez ezik, komunitatean ere duten paperari protagonismo handiagoa ematen dio. Baina helduen ikuspuntutik, sarritan gutxietsi egiten da adingabeek iritziak emateko eta erabakiak hartzeko duten gaitasuna. Hala ere, adin goiztiarretik, lehentasunak eta ikuspuntuak dituzte eta horiek beren beharrak hautematen lagun dezakete. Horregatik, modu aktiboan parte hartzeko aukerak eta mekanismoak sortu behar dira, modu askean eta informatuan.  Eta, horretarako, gomendagarria da pertsona helduen eta haur eta nerabeen arteko loturak taxutu eta sendotuko dituzten estrategiak lantzea, belaunaldien arteko eta kide guztien ekarpenak errespetatzen dituzten guneetan.

Haien ahotsa entzuteak esan nahi du espazio seguru eta lotesleak sortu behar direla, proposamenek benetako eragina izan dezaten erabakietan.