Egilea: Jose Poza
Argazkia: Shutterstock.com
Hitz kopurua: 1183
Irakurketa denbora: 6 Minutu
Batez beste, lehen mugikorra hamar urterekin iristen da. Ia nerabe guztiek telefono mugikor bat dute eta hiruzpalau sare sozialetan erregistratuta daude. Hamar adingabetik batek ilegalki apustu egiten du dirua eta hamarretik hiruk pornografia ikusi izan du.
Unibertso digitala Estatuko haur eta nerabeen egunerokotasunaren parte da gero eta adin goiztiarragoetatik eta horrek zuzeneko eragina du beren osasun mentalean, errendimendu akademikoan eta eskola- eta familia-harremanetan.
UNICEF Españak, Santiago de Compostelako Unibertsitateak, Informatika Ingeniaritzako Elkargoen Kontseilu Nagusiak eta Red.es enpresa-erakunde publikoak egin berri duten “Infancia, adolescencia y bienestar digital” azterlanak 10 eta 20 urte bitarteko autonomia erkidego guztietako 75.329 ikasleren ohitura digitalak aztertu ditu. Teknologiek adingabeengan duten eraginaren inguruan Estatuan inoiz egin den azterlan zabalena da eta 2024ko azaroaren eta 2025eko ekainaren artean burutu da.
Emaitzek agerian utzi dutenez, ikasleriaren % 82k telefono mugikor propioa du. Lehen Hezkuntzako ikasleen erdiak baino gehiagok jada telefono bat du. Bigarren Hezkuntzan, berriz, kopuru hori % 93raino igotzen da. Lehen mugikorra izateko batez besteko adina 10,8 urte dira, 2021ean egin zen antzeko azterlanean izandakoaren emaitza berbera.
Sare sozialak ere adingabeen egunerokotasunaren parte bilakatu dira. Inkestatutakoen % 92 gutxienez sare sozial batean erregistratuta dago eta lautik hiru hirutan edo gehiagotan. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen % 78k jada profil bat du sare sozialen batean.
Sexting-a eta online apustuak
Txostenak ingurune digitalean diren hainbat jokabide arriskutsu jasotzen ditu. Adibidez, nerabeen % 15ek izaera erotikoa edo sexuala duten mezuak jaso ditu, hots, sexting pasiboa izenarekin ezagutzen diren mezuak. Adingabeen % 6k horrelako edukiak bidali izan ditu noizbait eta % 9k presioak jaso ditu bidaltzeko. Gainera, % 3k dio xantaien edo sextorsion saiakeren biktima izan dela.
16 urtetik beherakoen artean, ia % 6k pertsona helduen sexu-proposamenak jaso ditu Internet bidez. Izan ere, adingabeen artean nahiko zabalduta dago ezezagunekin harremanetan jartzea sarean. Ikasleriaren % 58k onartzen du ezagutzen ez dituen pertsonekin hitz egin izan duela eta % 14 online bakarrik ezagutu duen pertsona batekin geratu da. Kopuru horiek, hala ere, 2021ean egindako azterlanean jasotakoak baino baxuagoak dira eta hortaz, badirudi, horrelako elkarrekintzen inguruko kontzientzia zabalagoa dela.
Pornografiari dagokionez, hamar nerabetik ia hiruk noizbait horrelako edukiak ikusi izan dituela onartzen du. Lehen Hezkuntzan % 7 dira, baina DBHn % 33raino iristen da eta Batxilergoan jada % 56raino. Lehen kontaktua horrelako edukiekin, batez beste, 11,5 urterekin ematen da. Lehen kontaktu horien heren bat ustekabekoa da. Hala ere, erdiak baino gehiagok dio erraza edo oso erraza dela horrelako edukiak lortzea.
Pornografiaren kontsumoa handiagoa da mutilen artean nesken artean baino. Pornografia ikusi duten mutilen ia erdiak eduki horiek masturbatzeko ikusi izan dituela erantzun du; nesken artean, berriz, eduki horiek ikusteko arrazoi nagusia kuriositatea da.
Pornografia kontsumitzen duten horien artean % 20k kontsumo-eredu problematikoa azaltzen du, bere egunerokotasuna oztopatzen duen menpekotasun sintomekin. Kopuru hori % 25era igotzen da mutilen kasuan.
Bideojokoak eta sari-kutxak
Bideojokoak dira adingabeen aisialdirako iturri nagusietako bat. Ikasleriaren erdiak baino gehiagok jokatzen du, gutxienez, astean behin eta bost ikasletik batek egunero jokatzen du. Lehen Hezkuntzan, jokatzen ohi dutenen ikasleak % 62ra iristen dira. Mutilek ia bederatzi ordu ematen dute bideojokoetan jokatzen, neskek baino bi bider gehiago. Gainera, hirutik batek dirua gastatzen du hilero jokoak erosten eta ia % 5ek hilean 30 euro baino gehiago gastatzen ditu jokoetako elementu ezberdinak erosteko.
Kezka sortzen duen elementu bat sari-kutxena da (loot boxes). Jokalarien % 63k horrelako kutxaren bat zabaldu du dirurik gastatu gabe edo jokoan izan duten garapenari esker, baina % 13k ordaindu izan du horiek zabaltzeko. Kutxa horiek zabaltzen dituzten nerabeen artean bideojokoen erabileragatik eratorritako nahasmenduen-tasa handiagoa da. Gainera, sari-kutxa horietan egindako gastua dirua jokatzeko aukera handiagoarekin lotzen da.
Jokalarien % 70 inguruk indarkeriazko edukiak dituzten bideojokoetan jokatzen du eta lautik batek 18 urtetik beherakoentzat gomendagarriak ez diren jokoetan jokatzen du. Horrelako jokoen kontsumoa eskola-jazarpenarekin eta ziberjazarpenarekin lotu ohi da.
Adingabeek benetako diruarekin jokatzea debekatuta duten arren, horrelako jokoak ere nerabeen testuinguru digitalean azaltzen dira. Hamar adingabetik batek onartzen du noizbait apustu egin izan duela edo diruarekin jokatu izan duela. % 9k aurrez aurre egin duela dio eta % 5ek, berriz, online. Horrelako jokoetan aritzeko motibazio nagusia ondo pasatzea omen da, baina ia erdiak dirua irabazteko asmoarekin egiten du. Izan ere, apustu egiten dutenen % 84k dio noizbait dirua irabazi izan duela eta horrek indartu egiten du dirua modu errazean lortzeko modu bat denaren pertzepzioa.
Adingabeek apustuetan gastatzen duten dirua, hilean, ez da 10 eurotik gorakoa izaten, baina apustu egiten dutenen artean % 15ek 30 euro baino gehiago gastatzen ditu. Tabernak eta kafetegiak dira aurrez aurreko jokorako leku ohikoenak, eta online jokoan, berriz, horretara bideratutako berariazko webguneetan aritzen dira. Apustu egin duten adingabeen ia erdiak ez zuen NAN erakutsi behar izan.
Menpekotasun digitalak
Azterlanerako behaketa-tresnak erabili dira balizko mendekotasunak edo teknologiaren erabilera problematikoak hautemateko. Ikasleriaren % 6k sare sozialen erabilera problematiko bat azaltzen du, bere egunerokotasunean eragiten duen mendekotasun sintomekin. Ehuneko hori handiagoa da nesken artean eta adinarekin handitzen da, bere maximoa batxilergoan lortzen duelarik. Sare sozialen erabilera problematikoa duten adingabeek ondoez emozional handiagoa izateko joera eta bizi-kalitate okerragoa azaltzen dituzte, baita bere buruaz beste egiteko arrisku handiagoa ere.
Bideojokoen erabileragatik nahasmenduren bat izateko prebalentzia % 2 ingurukoa da jokatzen dutenen artean (guztizkoaren % 1,7). Nahasmendu hori ohikoagoa da mutilen artean eta lanbide Heziketan eta sare sozialen erabilera problematikoarekin, pornografiaren kontsumo problematikoarekin, gurasoen aurkako indarkeriarekin eta ondoez emozionalarekin lotzen da.
Diruarekin jokatzen dutenen artean % 2,4k apustuekin harremana duten arazoak dituzte. Jokalari problematikoek depresio-tasa altuagoak eta bere buruaz beste egiteko arrisku handiagoa dituzte.
Familien eredua
Gurasoen esku-hartzea ezinbestekoa da teknologiaren erabileraren ondorioz sor daitezkeen arazoak murrizteko. Gurasoen erdiak baino gehiagok Interneten diren arriskuen inguruan hitz egin ohi du beren seme-alabekin. % 46k arauak eta telefonoaren erabilerarako denbora-mugak ezartzen ditu, baina lautik bakarrak mugatzen du sarera igotzen dituzten edukiak. % 22k sare sozialen pasahitzak eskatzen ditu, % 19k teknologiaren erabileraren inguruan eztabaidatzen du maiz eta % 15ek zigorrak ezartzen ditu erabilera okerrengatik. Bideojokoei dagokienez, % 37 denbora-mugak jartzen ditu eta laurden batek seme-alabek jokatu ahal dituzten jokoak mugatzen ditu.
Gurasoen eredua funtsezkoa da. Ikasleen laurden batek dio gurasoek telefonoa erabili ohi dutela bazkalorduan eta afalorduan. Logelan mugikorrarekin lo egiten ez dutenek eta gurasoek otorduetan telefonoa erabiltzen ez duten etxeetan bizi direnek askoz ere tasa txikiagoak dituzte arrisku-jokabideetan eta erabilera problematikoetan. Araurik ezak eta adibide txar batek bikoiztu egiten dituzte zifra horiek.
Nerabeen erdiak baino gehiagok deskonexio digitalerako nolabaiteko beharra azaldu du. Behar hori maizago azaldu da nesken artean. Hala ere, % 41ek telefonoa logelan duelarik egiten du lo egunero edo ia egunero eta ia erdiek goizaldean erabiltzen dute. Ikasleen % 44k telefonoa eramaten du eskolara. Lehen Hezkuntza bakarrik % 3 dira eta DBHn % 54. gainera, hirutik ia batek telefonoa erabiltzen du eskoletan.
Ondorioak eta proposamenak
Txostenaren egileek azpimarratu dutenez, adingabeek egiten duten gailu digitalen erabilerak hainbat erronka planteatzen ditu. 2021. urtearekin alderatuta zenbait arrisku-jokabideek behera egin duten arren, osasun publikoaren ikuspegitik heldu behar diren zenbait gairi heldu behar zaio.
Txostenean, adibidez, berariazko estrategia adostu baten lanketa proposatzen da adingabeen babesa bermatzeko ingurune digitalean. Bertan, erakunde publikoek, sektore pribatuak, gizarte zibilak, familiek eta adingabeek parte hartu beharko lukete.
Beste proposamen batzuk honako hauek dira: ikastetxeetan mugikorren erabilera arautzea, eduki desegokietara sartzeko adina egiaztatzeko sistema eraginkorrak ezartzea, sare sozialetarako gutxieneko adina berrikustea, bideojokoetan ausazko sari-mekanismoak mugatzea, elkarrizketan eta konfiantzan oinarritutako guraso-bitartekaritza mailakatua sustatzea, haur-hezkuntzatik alfabetatze digitaleko programak garatzea, hezkuntza afektibo-sexualeko planak bultzatzea eta konpainia teknologikoei beren produktuek haurren eskubideetan duten eraginari buruzko kontuak emateko eskatzea.

Nerabeen % 14k ondoez emozionala du
UNICEFek aurkeztu berri duen txostenak parte-hartzaileen egoera emozionala ere aztertu du. Ondorioek agerian utzi dutenez, nerabeen % 14k ondoez emozionalaren sintomak azaltzen ditu, % 13k sintomatologia depresiboa du eta % 7k suizidio arrisku handia azaltzen du.
Ondoez emozionala handiagoa da nesken (% 19) artean mutilen artean (% 9) baino. Hezkuntza mailari dagokionez, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan Lehen eta Bigarren Hezkuntzan baino altuagoa da.
Bizitzarekiko asebetetze-maila, 10 puntuko eskala batean, 7,6 puntukoa da, baina kasu honetan ere alde esanguratsuak daude generoaren eta hezkuntza-mailaren arabera. Adibidez, balio altuenak Lehen Hezkuntzan jaso dira eta baxuenak, berriz, Lanbide Heziketan. Bizitzarekiko asebetze-maila baxua duten nerabeak % 22 dira nesken kasuan eta % 13 mutilen kasuan. Lehen Hezkuntzatik DBHrako iragateak inflexio puntu bat ezartzen du, kopuru hori % 9tik % 21era pasatzen baita.
Jokabide suizidari dagokionez, %21ek bizitzak ez duela merezi sentitu du noizbait, % 20 hilik egon nahi izan du eta % 9k bere buruaz beste egitea pentsatu du. % 7 suizidioa planifikatzera iritsi da eta % 5 saiatu da bere buruaz beste egiten. Suizidiorako arriskua bikoitza da nesken artean mutilekin alderatuta.
Txostenak etxean eta eskolan diren harremanak ere aztertu ditu. Jasotako datuen arabera, etxeen % 12tan gurasoekiko nolabaiteko indarkeria dago, fisikoa, ahozkoa edo psikologikoa. Kasuen % 15ean, gutxienez, jokabide oldarkor bat izan da azken urtean. Indarkeria psikologikoa eta ahozkoa ohikoagoa da nesken artean; mutilen artean, berriz, indarkeria fisikoa nagusitzen da.
Gurasoei eraso egiten dieten nerabeen artean bizitza-kalitate maila okerragoa izan ohi da eta ondoez emozionala hiru aldiz ohikoagoa da besteekin alderatuta.
Biktimizazioa
Eskola eremuan ikasleriaren laurden batek nolabaiteko biktimizazioa jasan izan du. Une honetan ikasleen % 2,5ek bakarrik dio jazarpena pairatzen ari dela, baina % 23k noizbait jasan izan duela aitortzen du. Prebalentzia antzekoa da nesken eta mutilen artean, baina ereduak guztiz ezberdinak dira: mutilen artean gehiago dira erasotzaileak eta biktima-erasotzaileak; nesken artean, berriz, biktima bakarrik diren horiek gehiago dira. Eskolan biktimizazioren bat pairatzen dutenen artean ondoez emozionala lau aldiz ohikoagoa da besteekin alderatuta.
Ziberjazarpenak ikasleriaren % 8ri eragiten dio, ohiko jazarpena baino ehuneko txikiagoa. 2021eko azterlanarekin alderatuta, ohiko eskola-biktimizazioa modu esanguratsuan hazi da Bigarren Hezkuntzan , % 20tik % 27ra pasatuz. Ziberjazarpen kasuan, ostera, hiru puntutan jaitsi dira. Bikotekidea dutenen edo izan dutenen artean, hirutik batek indarkeria digitala jasan du maiz, bereziki, lagunen kontrola sare sozialetan edo gailuen bidezko zaintza.
Ikasleriaren % 70ak dio bere etxean sexualitatearen inguruan oso gutxitan edo inoiz hitz egiten dela. % 60k dio ikastetxean nolabaiteko hezkuntza sexu-afektiboa jaso duela eta erdiak horrelako jarduera gehiago eskatzen ditu. Adingabeen % 59rentzat pornografiak sexuaren irudi faltsu bat sortzen du eta % 57k uste du emakumeak gaizki tratatzen direla.
Nerabeen % 75ek OnlyFans fenomenoa ezagutzen du. % 2k kontu bat du edo izan du. 16 urtetik beherakoen artean kopurua % 1,8 da. Horrelako profil bat izatea antsietate, depresio eta somatizazio maila altuagoekin lotzen da, horrelako plataformek adingabeentzat suposatzen duten arriskua agerian utziz.













