Hamar euskaldunetik bederatzik Internet erabiltzen du

Euskadiko 15 urtetik gorako biztanleriaren % 89,7, hots, 1,735.000 pertsona inguru, sarera konektatu da azken hiru hilabetetan. 54 urtetik beherako ia herritar guztiak Internetera konektatzen dira eta WhatsApp da gehien erabiltzen den aplikazioa

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Shutterstock.com
  Hitz kopurua: 1071
  Irakurketa denbora: 6 Minutu

Internet ia tresna unibertsala da Euskadin. Euskal biztanleriaren gehiengo handi batek (% 89,7) Internet erabiltzen du. Eustatek aurtengo bigarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, 1.735 milioi pertsona inguru konektatu dira sarera azken hiru hilabeetan.

54 urtetik beherako biztanleriaren artean Interneten erabilera ia erabatekoa da. 65 urtetik gorakoen artean erabilera apalagoa den arren, % 66,5 konektatu ohi da, hots, aurreko urtean baino % 1,5 gehiago. Aipatu azken adin-talde horretan, 14.000 erabiltzaile berri inguru gehitu dira azken urtean. Hala ere, beste adin-taldeekiko arrakalak esanguratsua izaten jarraitzen du. Adibidez, 55 eta 64 urte bitartekoen artean erabilera % 97,3raino igotzen da.

Ikasleen eta lanean diren horien artean, berriz, erabilera ia erabatekoa da (% 99,5). Paradoxikoki, langabetuen artean eta aktibo ez daudenen artean erabilera % 74,3koa baino ez da, aurreko urtean baino puntu bat baxuagoa.

Araba da, % 91,2rekin, konektibitate-tasarik altuena duen lurralde historikoa. Jarraian, Bizkaia (% 89,5) eta Gipuzkoa (% 89,3) daude. Hiriburuei dagokienez, joera bera mantentzen da, Gasteiz sailkapenaren buru delarik % 91,2rekin eta ondoren Bilbo (% 89,3) eta Donostia (% 88,6) daudelarik.



Eskualde mailan aldeak ez dira oso handiak, baina atzemangarriak dira. Gorbeialdea da ehunekorik altuena duen eskualdea (% 92,1) eta sailkapenaren azken postuetan, % 88,9rekin, Markina-Ondarroa, Debagoiena eta Debabarrena daude. Ikus daitekeenez, sailkapenaren lehen eta azken postuen artean 3 puntu eskas baino ez daude.

Genero-arrakala, zorionez, murrizten ari da. Gizonezkoen % 90,6k eta emakumezkoen % 88,8k Internet erabili ohi du. 1,8 puntuko alde hori 2024. urtean erregistratutakoa baino 0,4 puntu baxuagoa da. Hala ere, ordenagailuen erabileran aldea nabarmen handiagoa da: gizonezkoen % 72,2k horrelako gailuak erabiltzen dituen bitartean, emakumeen artean erabilera hori 5,4 puntu baxuagoa da (66,7).

WhatsApp ia unibertsala da

Berehalako mezularitza da gehien erabiltzen den tresna digitala. Internetera konektatzen diren erabiltzaileen % 97,5ek WhatsApp bezalako aplikazioak erabiltzen ditu. Horrelako aplikazioen erabilera-tasa % 95etik gorakoa da adin-talde, sexu eta lan-profil guztietan. Internet erabili ohi duten 65 urtetik gorakoen artean ere aplikazio horien erabilera-tasa % 95etik gorakoa da.

Instagram da gazteek gustukoen duten sare soziala. Adin-talde horretako % 87,7k erabili ohi du Instagram, baina 65 urtetik gorakoen artean % 12,3k baino ez

Mezularitza-aplikazioen ostean, gehien egin ohi diren jarduerak honako hauek dira: ondasun eta zerbitzuen inguruko informazioa bilatzea (% 84,9), posta elektronikoak bidali eta jaso (% 83,8), hedabide digitaletan albisteak irakurri (% 80). 

Euskal erabiltzaileen % 97,1entzat gaztelania da nabigatzeko lehentasunezko hizkuntza eta jarraian, euskara (% 21) eta ingelesa (% 16,9) daude. Internet erabili ohi duten ia herritar guztiek (% 98,6) etxetik konektatzen dira.

Gazteak eta entretenimendua

Entretenimendurako eta sorkuntzarako zerbitzuak erabiltzaileen % 87,4ra iristen dira, baina bereziki, garrantzi handia dute gazteen artean. Izan ere, 25 eta 34 urte bitarteko gazteen % 97,5ek horrelako zerbitzuak erabili ohi ditu. 15 eta 24 urte bitartekoen kasuan, antzeko kopuruetan daude (% 98,4), baina azken kasu horretan, musika entzuteko zerbitzuak nabarmentzen dira (% 91,4).



Telebista Internet bidez ikustea da hazkunde handiena izan duen zerbitzua, aurreko urtearekin alderatu 3,8 puntuko igoera izan duelarik. Ostera, eskaripeko filmak edo bideoak ikustea 4,6 puntu jaitsi da  % 58,3raino. Sare sozialen erabilerak oso altua izaten jarraitzen du, % 95etik gora, baina alde esanguratsuak daude adinaren baitan. Adibidez, 15 eta 64 urte bitarteko erabiltzaileen artean sare sozialen erabilera  % 97,8koa da, baina 65 urtetik gorakoen artean % 85,8koa.

Instagram da, % 87,7rekin, gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala. 65 urtetik gorakoen artean, berriz, sare sozial horren erabiltzaileak % 12,3 baino ez dira. Erdiko adin-taldeetan Facebook egonkor mantentzen da (% 33,4 eta % 34,7, hurrenez hurren) eta gazteenen artean TikTok nagusitzen ari da: 15 eta 24 urte bitarteko erabiltzaileen % 58,8k sare hori erabiltzen du. Adinduen artean, aldiz, sare horrek ehunekoak oso txikiak dira. YouTubek ehuneko esanguratsuak ditu ia adin-talde guztietan, baina adinean gora egin ahala behera egiten du sare horrek dituen ehunekoak.

Erabilera sexuaren arabera 

Zerbitzu horien guztien erabilera ezberdina da sexuaren arabera. Adibidez, emakumeen % 70,6k osasunaren inguruko informazioa bilatzen du sarean; gizonen artean kopuru hori 12,7 puntu baxuagoa da. Emakumeek gizonek baino joera handiagoa dute sare sozialetan aritzeko (lau puntu gehiago) eta bidaietarako eta ostaturako zerbitzuetan ere ehuneko handiagoak dituzte.

Gizonen kasuan, berriz, joera handiagoa dute albisteak irakurtzeko (5,1 puntu gehiago), partekatzeko bideo-edukiak ikusteko (7,1 puntu gehiago) edo bideojokoetan aritzeko (6,7 puntu gehiago).

Merkataritza elektronikoari dagokionez, 976.400 erabiltzailek Internet bidez erosketaren bat egin dute azken hiru hilabeteetan, hots, 15 urtetik gorako euskal biztanleriaren erdiak baino gehiagok (% 50,5). Hala ere, kopuru hori 2024koa baino puntu erdi baxuagoa da.

Online erosketak egiten dituzten ia erabiltzaile guztiek (% 94,4)  produktu fisikoak erosten dituzte, bereziki, arropa, zapatak eta osagarriak (% 70,6) edo etxerako ondasunak (% 34,9). Erdiak baino gehiagok (% 56,9k) ostatua (% 35,4) kontzertuetarako edo kultura-ekitaldietarako sarrerak (% 33,4) edo garraio-zerbitzuak (% 29) erosten ditu.

Erosketetan ere genero-arrakala antzeman daiteke. Adibidez, emakumeen % 78,3k arropa, zapatak edo osagarriak erosi ohi ditu Internet bidez, gizonek baino 15,8 puntu gehiago. Emakumeen artean ere ohikoagoa da norberaren zaintzarako produktuak erostea (13,9 puntuko aldea) edo kontzertuetarako edo kultura-ekitaldietarako sarrerak erostea (5,8 puntu gehiago).

Gizonen artean, berriz, ohikoa da kirol-materiala (9,9 puntuko aldea), ekipamendu elektronikoa (12 puntu gehiago) edo ibilgailuak eta ordezko piezak erostea (ia 11 puntu gehiago).

Banku elektronikoak arinki egin du gora. EAEko 1,3 milioi pertsona inguruk, hots, lau erabiltzailetik hiruk, horrelako zerbitzuak erabiltzen ditu. Pasa den urtearekin alderatuta 24.700 erabiltzaile gehiago daude. Administrazio elektronikoak ere gero eta erabiltzaile gehiago ditu (% 61,7), informazioa lortzea delarik gehien erabiltzen den zerbitzua (% 57,9)

Teknologia gehiago seme-alabak dituzten familietan

EAEko etxebizitzen % 92,1ek Interneterako sarbidea du, iaz baino ia puntu bat gehiago. Hortaz, 15 urtetik gorako erabiltzaileen % 95,3k, 1,8 milioi pertsona baino gehiagok, etxetik konektatzeko aukera du.

Lau etxetatik hirutan (% 76,1) ordenagailua dago. Hala ere, ordenagailua erabiltzeko aukera duen biztanleriaren kopuruak (% 82,8) 1,1 puntu egin du behera 2024. urtearekin alderatuta. Telefono mugikorraren erabilera unibertsaltzat jo daiteke: etxeen % 98,8k horrelako gailuren bat du eta biztanleen % 99,4k telefono baterako sarbidea du.



Ordainpeko telebistaren erabilerak nabarmen egin du gora. Etxeen % 62,1ek horrelako zerbitzua du, 2024an baino 3,1 puntu gehiago eta 31.800 familia gehiago. Euskal biztanleriaren % 68,5ek ordainpeko telebista zerbitzuren bat du etxean.

Etxeetako ekipamendu teknologikoa nabarmen aldatzen da familia tipologiaren arabera. Adibidez, seme-alabak dituzten familien % 99,5ek Internet du etxean, unitate bakarreko etxeetan baino 17 puntu gehiago. Arrakala are nabariagoa ordenagailuen kasuan: seme-alabak dituzten familien % 92,9k horrelako gailuren bat duen bitartean, bakarrik bizi direnen artean kopuru hori % 58,1era jaisten da, hots, ia 35 puntuko aldea.

Telefono mugikoraren kasuan banaketa homogeneoagoa da. Seme-alabak dituzten ia familia guztietan aurki daiteke horrelako gailuren bat (% 99,9), baina erabilera orokortuta dago ere seme-alabarik gabeko familietan (% 99,5) eta bakarrik bizi diren pertsonen artean (% 96,8).