Nafarroako gazteek euskal pilota nortasun ikur gisa ikusten dute

Iruñeko Udalak eta NUPek egindako ikerketa baten arabera, gazteek uste dute hogei urteren buruan euskal pilota gazteen presentzia txikiko kirol tradizionala izango dela, bai jokalarien artean, bai ikusleen artean

Egilea: Jose Poza
Argazkia:  navarra.es
Hitz kopurua: 588
Irakurketa denbora:  3 minutu

Nafarroako hamar gaztetik seik uste dute euskal pilota dela Nafarroa hobekien ordezkatzen duen kirola; hala ere, hamarretik ia zazpik aurreikusten dute hogei urte barru gutxiengo baten jarduera izango dela, gazteen presentzia urriarekin. Horiek dira Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ondare Materiagabearen Katedrak elkarlanean egindako azterlan baten ondorio nagusiak. Azterlan horrek foru erkidegoan dauden 680 frontoiak ere katalogatu ditu, eta kirola babesteko Plan Integral bat sortzea proposatu du.

Maider Beloki Unzu Kultura, Jai eta Kirol zinegotziak, Alfredo Asiáin Ansorena NUPeko Ondare Materiagabearen Katedraren zuzendariak eta Iker Balda Vidaurre Historia eta Ondarean graduatu eta azterlanaren egile nagusiak aurkeztutako ikerketa hau, Pilotaren Munduko Hiriburutzari lotutako udal-lanaren barruan kokatzen da. Gazteen pertzepzioa neurtzeko atalean, 20 eta 30 urte bitarteko 121 gazte elkarrizketatu dituzte.

Identitatea eta parte-hartzea

Galdetutakoen % 64,4 ados edo oso ados dago euskal pilota Nafarroako kirol adierazgarriena dela esatean. Parte-hartzeari dagokionez, % 57,9k ikusletzat hartzen du bere burua, eta % 44,6k dio lagunekin edo senideekin jokatzen duela. % 22,3 noizbait federatu gisa lehiatu da, eta % 24,8 partidak ikustera joaten da frontoietara. % 13,2k soilik adierazi du ez duela inolako kontakturik kirolarekin.

Gazteek kritikatzen dituzten alderdien artean, sarreren prezio garestia, emakumezkoen pilotaren ikusgarritasun eskasa eta kirolaren merkantilizazioa nabarmentzen dira. % 66,9k uste du emakumezkoen modalitateak ez duela beharrezko laguntzarik gizonezkoen ikusgarritasun bera lortzeko, eta pertzepzio hori koherentea da egungo datuekin: federatutako lizentzien % 13 baino ez dagokie emakumeei.

Zalantzazko etorkizuna

Gazteek kirol honen etorkizunari buruz dituzten ikuspegiak ezkorrak dira gehienbat. % 67,8k uste du bi hamarkadatan euskal pilota gazteen presentzia txikiko kirol tradizionala izango dela, bai jokalarien eta bai ikusleen artean. Beste % 5,7 are urrunago doa, eta hondar-kirol bihurtuko dela edo ia desagertzera iritsiko dela aurreikusten du. % 9,1en iritziz, herri-izaera galduko du eta telebistaren bidez kontsumitzen den ikuskizun profesional hutsa bihurtuko da. Soilik % 17,4k du ikuspegi baikorra, eta gaur egun baino zale eta jokalari gehiago egongo direla iragarri du.

Azterlanaren arabera, belaunaldien arteko transmisioaren galera da kirol honen jarraipenerako arrisku nagusia. Historikoki familian, kalean eta herrietan egin izan den transmisioa ahultzen ari da, bizimoduaren aldaketaren eta aisialdirako aukera berrien agerpenaren ondorioz. Horri gehitu behar zaizkio kirolari lotutako artisau-lanbide batzuen desagerpena eta modalitate tradizional batzuen galera.

680 frontoi eta artxibo historiko bat

Inkestatik haratago, ikerketak Nafarroako euskal pilotaren atlas bat jasotzen du, erkidegoan dauden 680 frontoiak bildu eta geolokalizatzen dituena. Horietatik 518k ezkerreko horma dute (% 76); 150 kantxa irekiak dira (% 22); sei kantxa ireki luzeak dira (% 1), eta bost trinketak dira (beste % 1).

Dokumentazio-lana kirolari buruzko lehen erreferentzia ofizialetatik abiatzen da, XIV. mendetik gaur egunera arteko bilakaera jasoz. Horrez gain, pilotaren munduko bost erreferenterekin egindako elkarrizketa sakonak ere biltzen ditu. Horien artean dago Andrea Lusarreta Monreal, Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidentea.

Ikerketak frontoien balio soziala ere jasotzen du: inkestatutako pertsonek jai-espazio eta belaunaldien arteko topagune gisa deskribatzen dituzte. Gainera, pilota berezko elementu sentsorial eta bisualekin lotzen dute —hala nola, larruak frontisaren kontra egiten duen soinua edota gorriz eta urdinez apaindutako jantzi zuriagatik bereizten diren pilotarien irudia—, eta horrek guztiak kirol honen izaera identitarioa indartzen du.

Kirola indartzeko neurriak

Gainbehera geldiarazteko, gazteek hainbat proposamen egin dituzte: txikitatik prestakuntza sustatzea, auzoetako frontoietan egiten ziren txapelketa informalak berreskuratzea, kirol-instalazioetarako sarbidea erraztea, gazteentzako sarrera-bonuak sortzea eta kirolaren presentzia sare sozialetan handitzea. Azterlanak, gainera, genero-berdintasunaren aldeko lana indartzeko beharra azpimarratzen du, eta emakumeak kirolaren berrikuntza eta etorkizunerako funtsezko eragiletzat jotzen ditu.

Egileek neurri nagusi gisa Euskal Pilota Babesteko Plan Integral bat sortzea proposatzen dute. Plan horren helburua administrazioen, erakundeen, elkarteen eta bestelako kolektiboen ekintzak koordinatzea litzateke, pilota ondare kultural bizi gisa zaintzeko eta indartzeko, haren dimentsio profesional hutsetik harago.