Estatuko emakumeen % 28,2k adierazi du noizbait nahi ez zuen zerbait egitera behartuta sentitu dela sexu-harreman batean; gizonen artean, berriz, ehunekoa % 12,9koa da. Osasun Ministerioak eta CISek egindako Sexu Osasunari buruzko Bigarren Inkesta Nazionaleko (ENSS II) datuak dira.
Inkestak, 16 urtetik gorako biztanleriaren ordezkari diren 9.009 elkarrizketatan oinarrituta, jasotzen du, halaber, gizonen % 13,6k aitortzen duela bikotekidea sexu-harremanak izatera presionatu izanaren sentsazioa izan duela, emakumeen % 5,4ren aldean. Inkestatutako pertsonen % 86,6k uste du bikotekidea nahi ez duenean sexu-harremanak izatera behartzea bortxaketa dela.
Generoaren araberako aldeak handiagoak dira sexu-topaketa bat onartzearen ondorioei buruz galdetzean. Gizonen % 54,3 nahiko edo oso ados dago baieztapen honekin: sexu-harreman bat izatea onartzen bada, beste pertsonak nahi izanez gero amaieraraino iritsi behar dela; emakumeen artean, berriz, % 36,6. Alderantziz, emakumeen % 60,5 gutxi edo batere ados ez dago baieztapen horrekin.
Prebentzioari dagokionez, pertsonen % 75,2k ez zuen preserbatiborik erabili baginako penetrazioa izan zuen azken sexu-harremanean. Erabili ez zutenen artean, % 21,6k adierazi zuen beste antisorgailu bat erabili zuela; % 29,2k, bikotekidearekin bakarrik izaten zituela harremanak; eta % 24,5ek, bera edo bere bikotekidea ez zegoela ugaltzeko adinean.
Babes falta hori detekzio-probetan ere islatzen da. Herritarren % 62,3k ez du inoiz GIB probarik egin. 35 eta 44 urte bitarteko taldea da proba gehien egin duena, % 53k egin du noizbait; 16 eta 19 urte bitarteko gazteen artean, berriz, % 20k baino gutxiagok.
Pertsonen % 2,4ri sexu-transmisiozko infekzio bat diagnostikatu zioten azken urtean. Giza papilomaren birusa da ohikoena emakumeen artean, eta gizonen artean gonorrea eta mikosia dira ohikoenak.

Sexuagatik ordaintzea
Gizonen % 27,5ek adierazi du noizbait sexu-harremanak izateagatik ordaindu duela, emakumeen % 0,3ren aldean. Pornografiaren kontsumoak ia joera bera erakusten du. Gizonen % 71,9k ikusi du azken urtean; emakumeen artean, aldiz, % 24,9k. 25 eta 34 urte arteko adin-tartea da pornografia gehien kontsumitzen duena, % 71,9k azken urtean ikusi duela adierazi du. Proportzio hori pixkanaka jaisten da adin horretatik aurrera, eta 55 urtetik gora % 30etik behera kokatzen da.
Sexu-aniztasuna
Inkestak, lehen aldiz 2009an egin zenak, zenbait jarrera eta joeraren bilakaera neurtzeko aukera ematen du.
Gaur egun, herritarren % 88,1en ustez, sexu bereko pertsonen arteko harremana heterosexualen artekoa bezain errespetagarria da; duela 16 urte, berriz, % 41ek adierazten zuen hori.
Biztanleriaren % 86,6k uste du bikotekidea nahi ez duenean sexu-harremanak izatera behartzea bortxaketa dela
Biztanleriaren % 91,1 sexu-hezkuntza Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Lanbide Heziketan ematearen alde dago.
Sexu-bizitzarekiko gogobetetze-mailaren batez bestekoa % 77,2koa da. 34 urtera arte, gogobetetze-maila % 86tik gora mantentzen da, eta 45-54 urteko adin-tartetik aurrera nabarmenago jaisten hasten da, % 80,6raino. Beherakada hori areagotu egiten da hurrengo adin-tarteetan: % 74,7koa da 55 eta 64 urte bitartean, % 69,5ekoa 65 eta 74 urte artean, eta % 51,3ra arte jaisten da 75 urtetik gorakoen artean.







