Iruñeko Gaztediaren Etxeko gazteentzako informazioko berriemaileek hiriko sei kultura- eta hezkuntza-baliabide bisitatuko dituzte ikasturtean zehar. Ondoren, eskura dituzten aisialdi- eta kultura-eskaintzen berri emango diete ikaskideei. ‘Lehen eskutik’ programari hasiera eman diote Gayarre Antzokira egindako bisitarekin, eta berriemaile-taldea osatzen duten 70 gazteetako askok parte hartu dute bertan.
Berriemaileak antzokiko arduradunekin bildu ziren. Instalazioak, kultura-egitaraua eta ikasleentzat onuragarriak izan daitezkeen gazteentzako eskaintzak nahiz sustapenak ezagutu zituzten. Ikasturtean zehar, Nafarroako Antzerki Eskola, Nafarroako Filmoteka, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea ere bisitatuko dituzte, besteak beste.
Programaren helburua da gazteek eskura dituzten zerbitzu eta baliabide publikoak zuzenean ezagutzea.
Programaren helburua da gazteek eskura dituzten zerbitzu eta baliabide publikoak zuzenean ezagutzea. Horrela, informazio hori gainerako gazteei helarazi ahal izango diete, eta aisialdirako zein kulturara iristeko aukeren ezagutza zabaldu.
70 berriemaile Iruñeko 35 zentrotan
Aurten 70 berriemaile daude, bi zentro bakoitzeko, guztira 35 zentrotan banatuta. Gehienak ikastetxeak dira, baina ikastetxe nagusiek, ikasle-egoitzek, elkarteek eta gazteentzako aisialdi-lokalek ere parte hartzen dute. Iruñeko Udalak duela hogeita hamar urte jarri zuen abian programa, Gaztediaren Etxearen bidez.
Berriemaileek gazteentzat interesgarria den informazioa hautatu eta zabaltzen dute. Informazio-panelak jartzen dituzte beren zentroetan, ikaskideen zalantzei nahiz kontsultei erantzuten diete, eta espazio birtual bat eguneratzen dute aldian-aldian, besteak beste.
Gaztediaren Etxeko Gazte Informaziorako Udal Bulegoak informazioa zentralizatzen du, eta laguntza nahiz aholkularitza eskaintzen dizkie, informazio hori beren zentroetara helaraz dezaten. Baliabideak lehen eskutik ezagutzeak zalantzak argitzea eta datuak transmititzea errazten du.








