Alokairuaren inguruko gatazkak prebenitzeko doako aholkularitza juridikoa Gasteizen

Gasteizko Udalak doako zerbitzu bat jarri du abian, maizterrei eta errentatzaileei orientazioa emateko eta etxebizitza galtzea prebenitzeko. Horrez gain, gatazkak auzitegietara jo gabe konpontzeko bitartekaritza ere eskainiko du

Egilea:  Lander Bolado
Argazkia:  Giza Eskubideen Zinemaldia
Hitz kopurua:  216
Irakurketa denbora:  Minutu bat

Gasteizko Udalak etxebizitzen alokairuari buruzko doako aholkularitza juridikoa jarri du abian, maizterrei eta errentatzaileei arreta emateko eta etxebizitza galtzea prebenitzeko. Arabako Abokatuen Elkargoarekin batera kudeatzen den zerbitzu horrek gatazkak konpontzeko baliabide bat ere badu.

Bulegoa herritar guztiei zuzenduta dago, bereziki zaurgarritasun-egoeran daudenei edo informazio juridikoa eskuratzeko zailtasunak dituztenei. Aholkularitza-zerbitzuari esker, aldeen eskubideak eta betebeharrak ezagutu ahal izango dira, eta alokairu-kontratuekin lotutako balizko gatazken aurrean orientazioa jaso ere.

Gatazkak saihesteko aholkularitza eta bitartekaritza

Bigarren zerbitzuak laguntza eskainiko du elkarrizketa errazteko eta negoziaziorako zein auzibidetik kanpoko konponbiderako aukerak azaltzeko. Mekanismo horretara jo behar denean, Arabako Abokatuen Elkargoak bitartekari bat eta bi abokatu kolaboratzaile izendatuko ditu, alderdi bakoitzeko bana.

Zerbitzuaren helburua da etxebizitza galtzea, etxegabetzeak eta kaleratzeak prebenitzea, aholkularitza juridikoaren eta gatazkak garaiz konpontzearen bidez.

Arreta Arabako Abokatuen Elkargoaren egoitzan ematen da, Frai Francisco de Vitoria pasealekuko 4. zenbakian, aldez aurretik hitzordua eskatuta 945 231 050 telefono-zenbakian. Hitzarmena Udalak finantzatzen du, eta Gizarte Politiketako Sailak 2027an luzatzea aurreikusi du.

Gizarte Zerbitzuei ere laguntza eskaintzen die

Programak udaleko Gizarte Zerbitzuetako profesionalei zuzendutako orientazio juridikoa ere jasotzen du, informazio-saioak eta liburuxkak prestatzeaz gain. Gutxienez hiru urteko jarduna duten abokatu espezializatuek emango dute arreta, eta borondatez parte hartuko dute.

Helburua da alokairu-arazoen aurrean garaiz esku hartzea erraztea eta, ahal den neurrian, zailtasun horiek prozedura judizialetan edo etxebizitza galtzean amai ez dezaten saihestea.